Erbestea aberri ikuskaria, Kriskitin dantza taldea

Migrazioa, dantzaren bidez kontatuta

  • Euskal Herritik kanpora joandakoak, bertara etorritakoak, joan beharra edukiko dutenak... Migrazio berbaren atzean mila irudi etorriko zaizkio norberari burura. Dantzaren bidez migrazioetan gertatzen dena eta bidaia horien sentsazioak batu ditu Durangoko Kriskitin dantza taldeak, Erbestea Aberri ikuskarian.

Amaia Ugalde
2013ko martxoaren 31

Durangoko Plateruena kafe antzokiak eta hainbat kultur eragilek antolatzen duten Zilar Astearen karietara ondu du Kriskitin dantza taldeak, Erbestea Aberri ikuskizuna. Aurtengoan –orain arteko laugarrena–, migrazioa hartu dute gaitzat eta antzerkia, musika, literatura, dantza eta beste zenbait arlo batu dituzte.

Kriskitineko koreografo Inma Garrastatxuri gai “aski potoloa” iruditu zitzaion azaldu zioten orduko: “Kontzeptu eta ideia asko sartzen dira, eta zelanbait gai gatazkatsua ere bada”. Dantzaren bidez istorio zabal bat kontatzea du helburu ikuskizunak, eta horretarako zenbait egoera planteatzen dira: “Ikusle bakoitzak bere interpretazioa emango die gero; batzuek hemendik joan zirenak ikusiko dituzte, beste batzuek etorri zirenak, eta beste zenbaitek euren burua ikusiko dute migratzen, edo gerra ostean gurasoak bizimodu bila etorri zirenekoa etorriko zaie gogora...”.

Kanpora joatera behartuta egon den jendearena ispilatu da, erbestearen planteamendua hartuta: “Ez da abentura bila joandakoa, bidaia zalea... Sustraiak atzean utzi eta kanpora joan denaren historia da”. Hain zuzen horregatik eman zaio Erbestea Aberri izenburua ikuskizunari. Egoitz Esturo dantzariaren aburuz, “ikuskizun hau hona etorritakoek, joandakoek eta joateko direnek ikusteko modukoa da”.

Baina sentsazioak dantzaren bidez transmititzea gaitza dela nabarmendu nahi izan du Inma Garrastatxuk: “Zer kontatu nahi duzun jakinagatik ere, nola egin behar zenukeen asmatzea da gakoa. Gai konplexua da, bakoitzak bere modura ikusten baitu migrazioa.  Etorkintzat ditut Extremaduratik lan bila etorri zirenak? Konparatu ditzaket orain Angolatik datozenekin? Gu emigranteak izan garela gogoratzen dugu?” .

Dantzariak antzezle

Istorioak kontatzea eta komunikatzea da asmoa, eta helburu horretan, dantza antzerkia lakoa dela diote Kriskitineko kideek. “Edozein euskal dantza tradizionaletan ere antzezten dugu”, diosku Garrastatxuk, “dantza ofizial batean, adibidez, sentitu egin behar duzu, eta zer edo zer komunikatu”. Eurek sortutako istorio bat denean, are nabarmenagoa da Garrastatxuren berbetan: “Antzezpenik gabe ez da komunikaziorik”. Begirada, keinuek... gorputz osoak kontatzen du zer edo zer.

Hasteko, beraz, kontatu behar den istorioa barneratu egin behar dute dantzariek. Horretarako gaiari buruz berba asko egin dutela azaldu du Egoitz Esturok: “Batzuetan Inmak ideia bat dauka, ez diozu ideia harrapatzen, dantza egiten duzu, baina berak igarri egiten du ez duzula ideia harrapatu, ez zarelako transmititu beharrekoa transmititzen ari”. 

Duela bi urte 1980ko hamarkadaren gainean egindako Zilar Astea ekarri du gogora. Orduko hasierako entseguetan luze jardun zuten gaiaz: “Batzuek sei urte besterik ez genituen 80ko hamarkadan, beste batzuk jaio barik zeuden... Gertatutakoa ezagutu egin behar duzu, jendeak zelan sentitu zuen, hori guztia barneratu egin behar duzu”.

Iaz 25 urte bete zituen Kriskitin dantza taldeak, eta azken urteotan istorioak kontatzeko hainbat ikuskizun antolatu dituzte. Horrelakoak egiten hasi zirenean zaila egiten zitzaiela gogoratu du Inma Garrastatxuk: “Dantzariak ez zeuden ohituta, eta ez zuten nahi. Adibidez, musika bat entzun eta bakoitzak ateratzen zitzaiona dantza egiteko eskatzen nien, eta geldi geratzen ziren”. Astiro-astiro moldatzen joan dira, eta gustura ibiltzen dira orain sorkuntza prozesuetan. Aurtengo Zilar Asterako, hasieran, bi aukera planteatu zituzten: bata, errazagoa egin eta talde gehiagogaz nazioarteko jaialdi bat antolatzea, lehenagotik dakizkiten dantzekin; eta bestea, istorio bat sortzea. “Denok ados ginen, istorio bat transmititu gura genuen”.

Dantzaren eskemak apurtu beharra

Triskitin taldekoentzat erronka handia izan da hiru urte Zilar Asteko gonbidatuak izatea. Aipatu bezala, duela urte bi 80ko hamarkada izan zen gaia, eta iaz, Durangoko bonbardaketa. Gaiak oso desberdinak dira, baina oso indartsuak izan direla diote. 80ko hamarkadakoan antzerki obra baten barruan bi eszena kontatu zituzten: manifestazio bat eta droga xiringatze bat. Dantzarekin zituzten eskemak apurtzen joan dira erronka horietan, eta esaterako, manifestazioan Su ta Gar taldearen Jo ta ke abestian Dantzari-dantzako pausoak sartu zituzten. Iazko Zilar Astean, gerrak Durangon eragindakoak kontatu zituzten, eta Kriskitinek emakumeen kartzelari buruzkoak dantzatu zituen. Gogorra izan zela dioskute: “Lan handia egin genuen eta jendearengana heldu ginen, jende nagusia negarrez ere hasi zen”.

Zilar Astean Plateruenak eta talde kolaboratzaileek egiten duten lana oso aberatsa da Egoitz Esturoren berbetan: “Oso esperientzia polita da denok gai bat hartu, horretan murgildu, landu eta gero jendeari eskaintzea”. Garrastatxuk gaineratu du egindakoak ez duela irabazi ekonomikorik ematen: “Diruaren truke barik, esperientziagatik eta erronka betetzeagatik egiten dugu lan taldeok. Niretzat hori oso garrantzitsua da”.

Irabazi, irabazten dute, hala ere: esperientzia, taldearen eboluzioa, erronketan murgiltzea, gauza desberdinak sortzeko gaitasuna.


Azkenak
2018-06-24 | Jon Torner Zabala
Umorea eta botere harremanak
Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...

Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?

Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu... [+]


2018-06-24 | Axier Lopez
Munduko Kopak badu irabazlea

Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan agerikoa, sistematikoa eta sakonki errotutakoa da ustelkeria”. Errusiako gizonezkoen munduko futbol txapelketari begira izango dira 3.400.000 lagun, FIFAren datuen arabera. Eta badakigu kiroletik baino negoziotik... [+]


Mugimendu feministaren beste garaipen bat

Maiatzean Irlandan egin bezala, Argentinan ere mugimendu feminista garaile atera da Eliza Katoliko atzerakoiaren presioen gainetik. Diputatuen ganbera abortu legearen alde agertu da, hamaika urtean sei aldiz baztertu ostean.


2018-06-24
Neymarren orrazkera Aginagako angulak promozionatzeko kanpaina bat da

Aginagako angulagileek baieztatu dutenez, Brasilgo futbol selekzioaren Munduko Txapelketako lehen partiduan Neymarrek buruan zeraman beraien produktu berria: angulak curryarekin.


2018-06-24
"Small pintxos, great ostia" kanpaina, turistak kontzientziatzeko

Bilbon aurkeztu dute kanpaina, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldian. Bezperan sukaldari gonbidatuek afaldu zuten Atxondoko Etxebarri erretegian eta, noski, barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakondo uzkiari laguntzeko txakolina edan behar, eta ondoren txupito eta klonklonklon batzuk, ba ideiarik onena nork botako lehian hasi eta hala amaitu zuela kontuak: “Small pintxos, great ostia” kanpaina, Akira Mamigutxi txef japoniarrak proposatua.


William A. Douglass. Amerikarraren erroak Nafarroan
"Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"

Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude