"Langilea gaztelaniaz badator, gero ezin dira 200 lankideren hizkuntza ohiturak aldatu"

  • Antzuolako Elay enpresan Metrologia arduraduna da Anaje Narbaiza. Autoetako piezak egiten dituzte. Elkarrizketa ez diogu autoetako piezez egin. Elay enpresak 1992an euskara plana abiatu zuen, lan munduko lehenengo esperientzia izan zen hura.

Dani Blanco

Anaje Narbaiza bergararrak 33 urte daramatza Antzuolako (Gipuzkoa) Elay enpresan. Lana euskaraz egin nahi zutela erabaki zuten hartan, tartean zen Narbaiza. Gaur egun, lantegiko euskara planaren idazkaria da. 200dik gora langile dira eta ia denak, gutxi-asko, euskaraz moldatzen dira, “guk helburu garbi bat ipini genuen: euskaraz egingo genuen lan”.

Zuen bezeroak ez dira euskaldunak, ez daukazue euskararen beharrik saltzeko. Alabaina, lehenak izan zineten euskara plana abiatzen.

Langileen %65 euskalduna zen, horietako batzuk, ez nuke esango elebakarrak zirenik, baina elebakartasunetik gertu zeuden. Gu ginen geure bezero. Inork ezarritako hizkuntza geneukan ardatz eta aldatzea pentsatu genuen. Uste genuen gauzak hobeto baloratuko genituela baldin eta gure hizkuntza erabiltzen bagenuen. 1987. urtea zen.

Nork bideratu zuen prozesua?

Beti izan da proiektu kolektiboa. Masa sozialean zabaldu zen ea horrelako gauza batek aurrera egiteko biderik izango zuen. Langile batzordean zeuden sindikatu guztiek baiezkoa eman zioten. Hortxe ipini zen planaren lehen zutarria, bidea nolakoa izango zen oso ondo jakiteke.

Enpresako jabeak eta zuzendaritzak ere ontzat hartu zuten, jakinda inbertsioak eta gastuak izango zirela. Ausartak izan ziren Jose Luis Elkoro eta Santi Zabaleta, eurak ahalbidetu zuten euskara plana. Ez zen planteamendu filosofiko bat izan, langileek eta nagusiek adostutako egitasmoa baizik

Hasierako nahi hori euskara plan bihurtu zen.

Jaurlaritzara jo genuen. Ez zegoen gauza handirik, baina orokorrean zerbait egiteko gogoa bai. Euskararen Aholku Batzordeko kidea zen Andoni Sagarnarekin egon ginen, eta esperientzia pilotu moduan onartzea planteatu zuen. Orduko Jaurlaritzan zegoen taldearen laguntza jaso genuen eta 1991n Elhuyarreko Tere Barrenetxeak eta Maria Jesus Jauregik Elayko bideragarritasun plana burutu zuten. Abenduan, batzarretan langileen %95ak onartu zuen plana, eta 1992ko otsailean abiatu genuen Agurtzane Loidi teknikariaren laguntzaz.

Euskara barnerako nahi zenuten, ez esportatzeko.

Guk piezak esportatzen ditugu. Esportatzeko ingelesa, frantsesa eta beste behar ditugu. Euskara bizitzeko, lanerako nahi dugu. Garai hartan ere, bi hizkuntza ofizial zeuden, baina gero hori ez zen ikusten. Euskaraz aritzea egi bihurtzen hasi ginen, pentsatuta euskaldunek zein erdaldunek elkarrekin bizi ahal izateko, biek hizkuntza biak ikasi behar genituela.

Bezeroari begira balio erantsia al da?

Hona etortzen diren bezeroek, hemengo jira ikusten dutenean, oso modu naturalean onartzen dute lantegia euskaraz bizi dela. Sasoi batean beldurra izaten zen. Kartel elebiduna ipintzen genuen eta langileak deseroso, “bezeroek zer esango dute!”. Ikusi dugu naturaltasuna dela armarik onena. Hasieran ez zen oso naturala guretzat, baina gauzak aldatuz joan dira, eta orain inork ez du zalantzan ipintzen Elayn euskara dela bertako hizkuntza. Inongo harrokeriarik gabe, baina zerbait desberdina egiteko gauza izan garenaren poza transmititzen diegu, hori ere balio erantsia da.

Euskara etxerako, atzerrirako ingelesa, frantsesa, alemana, txinera... Hizkuntza kudeaketa landu behar.

Euskara planak izan dituen baliabideak birmoldatzea pentsatzen ari gara. Euskara etxean normalduta dago, eta orain kanpora irteten garenean euskarak zein egiteko duen pentsatu behar dugu. Langileak kanpora idatzi behar duenean dena ingelesez egin behar al du ala nolabait gure hizkuntzaren berri eman behar du? Zein da hizkuntzen arteko oreka?

Euskara kanpora begira...

... baina zentzu horretan. Bezeroak ikusi behar du bere hizkuntzan aritzeko prest gaudela, baina guk beste hizkuntza batean oinarritzen dugula gure lana eta gure izatea. Adibidez, noizbait bezeroarentzat bideoak egiten baditugu ikusi beharko da nola txertatzen den bertakoa kanpoko hizkuntzetan.

Etxekora etorrita, lantegian euskara erabiltzeko ardatz garrantzitsu duzue exijentzia.

Ezin dugu inor euskara ikastera bidali, gero erabiltzeko eskatzen ez baldin badiogu. Hori mozoloarena egitea litzateke. Norbait ikastera badoa izango da gero lanean erabiltzeko. Batzuetan esan izan digute: zuek inposatu egiten duzue. Guk exijitu egiten dugu. Diferentzia da lanean euskaraz egiteko eskatuko zaiola. Ikastera doanak ondo ikusten du inor atzean edukitzea, jarraipena dagoelako eta motibatuta sentitzen da. Euskara ikastera joan zara eta kito? Ez, ez, ikasitakoa erabiltzeko aukerak eman behar zaizkio, e-postak euskaraz bidali, lan bonoa euskaraz bete… Dinamizatzeko modu bat da, ez dugu ezer berezirik egiten, ez dugu afaririk antolatzen. Motibazioa lana bera euskaraz egitea da.

Langileak hala sentitzen al du?

Ez dut uste inor geldituko zenik esanez, “ikastera joan nintzen eta inork kasurik ere ez dit egin”. Ikastetik etorritakoan, euskaraz mintzatzeko lagunak izan ditu inguruan beti.

Gaizki ere egin ditugu gauza batzuk. Aitortzen dizut fiskal lana egin dugula, erdaraz ari direnei atentzioa deitu diegula. Batzuek ondo erreakzionatzen dute eta beste batzuek gaizki. Azken horiek barrera altxatzen dute, eta hori ez da ona. Ahal dela bide hori ez da erabili behar. Guk erabili dugu eta hanka sartu dugu.

Zein da zuen hizkuntza politika kontratazioetan?

Ahal dela euskalduna izan dadila. Euskalduna ez bada lehenengo-lehenengo ikastera. Adibidez, ulertzeko bai baina hitz egiteko gai ez den langilea hilabete batez ikasten aritzen da, eta hona euskara ahoan duela etortzen da, gerora maila lantokian hobetzeko. Inportantea da, langile berria lehenengo harremanetan euskaraz egiteko gai izatea, zeren gaztelaniaz badator, gero ezin dira 200dik gora lankideren hizkuntza ohiturak aldatu.

Beraz, lanean hasterako gutxienekoa jakin behar dute.

Denek ulertu, eta batzuek gehiago jakin behar dute daukaten lanpostuagatik. Gaur egun, Elayn lau lagun baino ez daude euskaraz ulertzen ez dutenak; eta bost gor. Dena dela, berba egiteko zailtasunak jende gehiagok dauzka.

Aldahitz ikerketako ondorioetako bat ondokoa izan zen: gaztelaniatik euskarara jauzi egiteko lankide baten laguntza ezinbestekoa izan dute.

Gurean orokorrago egiten saiatu gara, pertsona bati erantzukizun hain handia eman gabe. Ikasteko eta erabiltzeko premia daukanaren inguruan, nolabait taldea osatu dugu kontzienteki, eta taldeak eragiten du. Zeren kuriosoa da, pertsona batzuek batzuekin euskaraz egiten dute eta beste batzuekin ez. Guk taldera jo dugu, nahiz eta seguru nagoen zuk esandakoa bete dela, hau da, nahiz eta taldea ipini, goxoen sentitzen diren pertsonarengana joko zuten instintiboki.

Ikerketako beste ondorio bat zen euskaraz hasteko inflexio puntua zegoela. Langileak zioen: “Gaurtik aurrera euskaraz”.

Oraindik badaukagu beste eskailera maila bat. Antzuolan euskaraz egitea guztiz naturala da, baina Bergaran [alboko herrian] ez horrenbeste. Bergarako langileak datozkigu, batzuk erdaraz egiteko ohitura dutenak eta kuadrilla berekoak direnak. Kaleko ohiturak dakartzate eta hemengo giroa ez da gauza dena neutralizatzeko. Inflexio puntua, ez da “gaurtik aurrera euskaraz”. Lana egiteko bai, adibidez, “euskaraz idatziko ditut e-postak”, eta inork ez du zalantzan ipintzen bilera euskaraz egin behar denik, baina Jose Luisekin elkartzen naizenean erdaraz egiten dut, kuadrillan [kanpoan] erdaraz egiten dugulako. Kanpotik dakarten hizkuntza ohitura aldatzea  nekeza da.

Euskara planaren hasiera inflexio puntu modukoa izan zen ordea, ezta?

Honek erdaraz funtzionatzen zuen eta euskaldunak lanean euskaraz  ipini genituen, “gaurtik aurrera hau euskaraz entregatu”, “nik ez dakit”, “zelan ez dakizula? besterik ez dakizu eta!”. Eurak buruan zeukaten hizkuntza paperera eramatea izan zen erronka handia, nahiz eta ez izan, ez euskara batua, ez zaindua, ez landua... baina ulertzen zen. Hor bai izan zen “gaurtik aurrera”, baina gero badago harremanen munduan zati bat horrekin konpontzen ez dena.

Gaztelaniaz hasitako harremana euskarara pasatzea zail ikusten duzu. Kanpoko ohiturek irentsi egiten dute?

Irentsi, bai. Hala ere, langileak [kuadrillakoekin gaztelaniaz egiten duenak] beste gauza asko lortzen ditu, hizkuntza ohitura berriak hartzen ditu eta ez dauka problemarik langile berriekin euskaraz egiteko, nahiz eta kaleko hizkuntza joerak baldintzatzen duen.

Langile horrek erabaki irmoa hartu behar.

Egoera horri buelta emateko bai. Beste kontu bat da harreman horretan zeinek agintzen duen, gaztelaniaz egiteko ohitura duenak ala hizkuntza aldatu nahi duenak. Psikologia munduan sartuko ginateke. Hor sortzen direnak bitxiak dira benetan.

Botikan moduan, denetarik dago: zuk deskribatutako modukoak, ‘txik’ egin eta kanpoko eta barruko hizkuntza ohiturak aldatu dituztenak; hizkuntza ohiturak hemen bakarrik aldatu dituztenak; eta nahasian dabiltzanak, hau da, langile berriei euskaraz egiten dietenak eta zaharrekin gaztelaniaz egiten dutenak. Oso kuriosoa da.

Betiko lankidearekin ezin hizkuntza aldatu.

Eta berriarekin inolako problemarik ez, erdaraz egin behar duenik ere ez. Horregatik daukagun neurrietako bat da sartzen denak euskararen maila oinarrizkoa izatea. Harremana euskaraz sortzen denean hizkuntza ohitura sortzen da.

“Euskaldun aurpegia” izan behar du langile berriak.

Langile berriak euskaraz natural egitera bultzatzen gaituenean, ikasten dabilenari euskaraz egiteko dituen mugak zabaltzen zaizkio. Egunero euskaltegira joan gabe egiten duten aurrerapenaz kontziente dira. Gauza dira lanean hizkuntza garatzeko.

Piezak egiteko fabrikan hizkuntza ikasteko aukera dute langileek.

Ez nuke mugatuko Elayra, Euskal Herri osoan daukagu aukera hori, eta askotan ez gara konturatzen duen balioaz. Gizartea kohesionatzeko oso erreminta interesgarria da, hizkuntza ikasteak pertsona batengana hurbiltzea dakar eta horrek proiektu amankomunaren zentzua ematen du.

Ez da seinale txarra zuk horrelako ikuspegia ematea.

Hori ikasi dugu, proiektu kolektiboaren indarra. Honek ez luke irtengo inork aginduta edo bi-hiru bultzatzaile edukita. Denok sinetsi dugu, denon meritua da gaur egun lana euskaraz egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude