Nori begiratu, hori da koska

Diru publikoaren kontrola eta komunikabide publikoen egoera, horra hor demokraziaren heldutasuna neurtzeko bi adierazle, zerrenda askoz luzeago batetik hartuak. Adierazleok oso kontrajarriak dira agintarien jarrerari dagokionez: lehenbizikoa ez dute batere maite; komunikabideekin, ordea, txoratu egiten dira agintarien eragina indartzeko indar handiko tresna direlakoan.

Diru publikoaren kontrola antolatzeko bi modu daude. Bata, Mediterraneo aldekoa, Espainia edo Greziakoa, Euskal Erkidego Autonomoak ere bere egin zuena: diru publikoaren fiskalizazioa alderdi politikoetako konfiantzazko ordezkarien esku dagoenez, erakunde horiek ez dute sinesgarritasunik. Beste eredua, jakina, demokrazia aurreratuenetakoa da: kontu epaitegiak erakunde teknikoak dira. Parlamentuek gehiengo zabala behar duen auditore profesionala aukeratzen dute presidente, eta gainerakoak funtzionarioak dira, independentzia bermatzeko. Kontrol sistema mota honek gardentasuna bermatu eta administrazioen eraginkortasuna hobetzeko balio dezake.

Madrilgo eredua kopiatzea negozio txarra dela frogatzeko, hortxe azken adibideetakoa: PPren barneko zikinkeriak Espainiako kontrol sistema ere kakaztu du. Inork ezagutzen ez zuen Espainiako Kontu Auzitegian 900 lagun ari (omen) dira lanean. Alderdien kontuei buruzko azken txostena, esaterako, duela sei urtekoa da. Eta ez galdetu noizkoak diren Errege-etxeari, armadari edo udal nagusiei buruzko azken fiskalizazioak, horrelakorik ez baituzue aurkituko. Bistan denez, guraizeak ospitale edo eskoletan sartu aurretik bada nondik moztu.

Diru publikoaren kontrolean bezala, komunikabidetan ere ezinbestekoak dira profesionaltasuna eta kritikotasuna, txanpon beraren bi aldeak. EITBko buru berriak azaldu duenez, profesionaltasuna eta euskara indartzea dira etorkizuneko bi ardatz nagusiak. Abiapuntu txarra ez bada ere, nik beste bi gehituko nituzke: batetik, EITBren eremu naturala zein den argi izan dezala, gure herria, berez, nahiko txikia baita are gehiago murrizteko. Eta azkenik, kopiatzen hasita Madrili begiratzeak dakarren kostuaz ohartzea ere ona litzateke, kontrolean bezala komunikabideetan ere harrigarria litzatekeelako handik deus onik etortzea...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Eguneraketa berriak daude