Idazle lapurrak

Antton Olariaga

Idazleak lapurrak direla mila bider esan da, gehientsuenetan, idazleek eurek hala aitortuta. Idazle gaiak gainerako autoreei zitak, ideiak, estrukturak, tonua eta behar duen guztia kopiatuz hasten du lapur karrera, eta laster, beldurra galtzen dio egunkarietako albisteak errepasatu eta ebasteari, baita aurrean topatzen duen edozein liburutatik materiala eskuratzeari, izan kronika, biografia, historia edo esoterismoa tratatzen duen gaia, erraz eta eroso, etxetik bertatik eskurik zikindu gabe.

Arrisku urriko lapurreta da, nahiz noizbehinkako fanatikoen agerpena kontuan edukitzekoa izan. Idazten duguna irakurri dugunaren ondorio dela ahaztu duen fanatikoak plagio akusazioa egin diezaioke idazleari, halako ideia beste halako egileri lapurtu diola argudiatuz. Behin eta berriz kopiatzen dugula esatea beste defentsarik ez du idazleak. Ezer ez da ezerezetik sortzen, ez gara errepikatzaileak baino. “Egungo artista bat gustu oneko kleptomano bat izan daiteke”, irakurri nuen Harkaitz Canori esaldia lapurtu zion kazetari anonimo baten esku arrotzak utzitako zita, neronek lapurtzen nuen bitartean, geroxeago Canok David Foster Wallace-ri prestamuan hartu ziola jakiten amaitzeko. Lapurren artean metodikoak dira batzuk, liburua eta arkatz-ordenagailua ezin bereizizkoak. Alferrak dira besteak, emozio dardara aldian behingoak erasatean animatzen direnak zerbait idatziz jasotzera. Baina denek jaten dute eta dugu elkar.

Lapurreten eskaileran maila bat igo eta kalean lapurtzeko tenorea heltzen zaio idazleari. Kaleko arrotzei keinuak, esaldiak, elkarrizketa puskak kentzen dizkie, eta are, emozioak eta sentimenduak, libretatxoa edo memoria lagun. Batek azarearen esku utziko du harribitxien topaketa. Bestea beren-beregi irtengo da lapurretara; kafetegietako elkarrizketak transkribatuko ditu, autobus publikoetara igoko da pertsonaia ehizan jardutera. Idazleak kontzienteki lapurtzen duen unea interesatzen zait. Zer sentimendu ditu lapurtuekiko? Eta zer dute esateko idazlearen inguru hurbilekoek? Gauza bat baita ezezagunei lapurtzea, eta bestea, maiteei. Iban Zalduak Idazten ari dela idazten duen idazlea lanean Richard Ford-en zita bat gordetzen du, aski ilustragarri: “Egiazki, inork ez luke idazle batekin endredatu behar, baldin eta ez badu haren liburuetako batean agertu nahi, egunen batean. Harreman hori zurgin batekin edo sarreragile batekin izatea da egokiena, arazoak albo batera uztearren”.

Hitz egin duzu idazle lagunarekin zure maitemin lotsez, edo beharbada, ogia erostean bizi izan duzun eszena surrealistaz. Akaso harrotasunez altxatuko duzu paparra argitalpen berrian zure istoriotxoa narratua ikustean. Sentiberagoak erreklamatuko du ea zer dabilen idazlea bere trapu zikinak aireratzen (kasurik beltzenean harremana hoztuko da). Baina idazle lapur gorenak ez du halako arazorik, urte askotako esperientziak arriskua ekiditeko modua eman baitio. Ikasi du hil ala bizikoa ez dela lapur izatea, ez bada lapurtutakoa ongi kamuflatzea. Lapurreta perfektua literaturan erreala errealista bilakatzea da, egia egiantzekotasun, norbere galbahetik pasa eta gero. Adornatu, disimulatu, ezkutatu, eta egitearen egitez, lapurtu dutela ahaztu eta ahaztarazi. Nago modu honetako krimen perfektuak ditugula fikzio askoren jatorrian. Are, arrotzei eta maiteei egindako arpilatze ezkutuak direla fikzio guztiak.


ASTEKARIA
2013ko martxoaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


Eguneraketa berriak daude