Alemaniari munduak zorren bi heren kitatu zizkionekoa

  • Alemaniako eta oro har Europa protestante aberatseko herritarrek ez omen lukete sekula onartuko beste herrialdeen zorrik barkatzea: pagatzea sakratua omen zaie. Alta, duela 60 urte munduko potentzia nagusiek zorraren zati handia barkatu zioten gerra galdu berria zuten alemanei. Barkamen hura gabe ezin ulertu gaurko Alemaniaren indarra.

Argazkia Le Mondeko blogen artean Françoise Fressozek daukanetik hartua, Angela Merkel lehen ministro doixtarra bilkura batetik irtetean, 2012ko otsailean. Aliatuek eta oro har hartzekodunek 1953an alemanei ordaintzeko erraztasunak eskaini zizkieten bezala, gaur Merkelek Europako periferiako herrialde zorpetuei aurkezten dien aukera bakarra urte luzez herrialde txiroei eskaini zaien bera da: zorren barkamenik ez, ekonomia atzerritarren esku, pribatizazioak, herritarrentzat klase guztietako sakrifizioak.

1953ko otsailak 27, Londres. Negoziatzera eseri dira alde batetik Alemania Federaleko ordezkariak –gazteek entzuna izan behar dute 1990a arte bitan zatiturik egon zela herrialde hura, ekialdekoa bloke sozialistari lotua, mendebaldekoa kapitalistari– eta bestetik Amerikako Estatu Batuak, Britainia Handia, Frantzia, Belgika, Kanada, Danimarka, Zeilan, Grezia, Iran, Irlanda, Italia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Espainia, Suedia, Suitza, Hego Afrika eta Yugoeslabiakoak. Hau da, Alemaniak dirua, eta asko, zor zien herrialdeak.

Abuztuan sinatuko zuten ituna zordunak eta hartzekodunek: gerrako txikiziotik burua jaso ezinik zebilen Alemaniari bere zorren %62a barkatzen zioten eta gainerakoa epe luzeetarako atzeratzen. Azken zatia Alemania berri zabalduak pagatuko zuen... 2010ean!

Wikipedian ere, batik bat ingelesezkoan, xeheki azaltzen den gertakizun honi garrantzia berezia eman dio Eric Toussaint ATTAC erakundeko buru ezagunak. Joan den azaroan Grecia-Alemania: ¿Quién debe a quién? (1) La anulación de la deuda alemana en Londres en 1953 artikuluan aipatu zuen eta orain berriro harrotu ditu hauts haiek Le Grand Soir gune ezkertiarrean: Voici 60 ans, l’annulation de la dette allemande.

Motibo gutxiagorekin ospatzen ditugu urteurrenak komunikabideetako kazetariok. Bere agintariek eta banku handiek egindako zorrak zorrotz ordaindu beharrak Grezia kolapsora eta ondotik Irlanda, Portugal eta Espainia porrotera eraman dituenean, urteurrenak badauzka irakaspen bat baino gehiago.

1953an AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak –alemanen hartzekodun nagusiek– bi multzotan bildurik kalkulatu zituzten Alemaniak zor zituenak. Alde batetik, gerra aurreko zorrak, aspalditik zetozenak eta 1929ko krisitzarrak handiagotu baizik egin ez zituenak: 22.600 milioi marko, interesak barne. Bestetik, gerra galdu ondoko urteetan metatutako mailegu ez ordainduak: 16.200 milioi marko. Denetara, 38.800 milioi marko.

1953ko udaberrian burututako negoziazioari esker, Bonneko agintariak Londrestik etxeratu ziren zorren %62a barkaturik; aurrerantzean pagakizun geratuko zitzaizkien 14.500 milioi marko. Baina barkamen soila baino askoz baldintza hobeak onartu zizkieten aliatuek alemanei.

Toussaintek argitu duenez, “Mendebaldeko Alemaniaren ekonomia benetan suspertuko zela eta herrialde atlantiarrek ekialdekoen (komunisten) aurrean erakusgai erabili ahal izango zutela segurtatzeko, hartzekodunek kontzesio oso handiak egin zizkieten Alemaniako agintariei eta enpresei. Onartu zuten zorraren ordainketak ez zirela oztopo izango ez ekonomiaren hazkundearentzako, eza herritarren bizi maila hobetzeko. Pagatu bai baina pobretu gabe”.

Greziako botikaren alderantzizkoa

Eric Toussaintek zehaztu ditu tratuaren puntu nagusiak. Hasteko, Alemaniak pagatuko zuen bere monetan, markotan; markoak 1950eko hamarkadan ez zeukan geroztik lortuko zuen indarrik eta gainera debaluatu zezakeen.

Bigarren baldintza, garai hartan produkzio sarea artean deseginik zeukanez eta kanpoko balantze komertziala negatiboa, Alemaniari onartu zitzaion inportazioak gutxitzea. Hau da, hartzekodunek uko egin zioten Alemaniara beren produktuak esportatzeko aukerari.

Hirugarrenik, Alemaniari baimendu zioten atzerrira esportatzea. Itunak testualki onartzen zion Alemaniari “aurre egin ahal izatea bere produkzio propioa hobetzeko dauzkan problemei, arreta berezia ezarriz esportatzeko ahalmena handitzeari eta inportazioak ordezkatu ahal izateari (...) horretarako behar diren neurri fiskal eta ekonomikoak hartuz”.

Laugarrenik, eta hau bai dela deigarria gaur egungo begientzat: hartzekodunekin sortu litezkeen auziak Alemaniako epaitegietan erabakiko dira. Eta gainera espresuki esaten da “Alemaniako auzitegiek eten ahal izango dituztela zorren pagaketak baldin eta hauek ordenu publikoaren kontrakoak badira”. Edozeren aurretik, ez dadila liskarrik sortu herritarren artean. Bake soziala.

Toussaintek nabarmendu duen bosgarren osagaia, zorrak pagatzerako Alemaniak ezingo duela erabili esportaziotik eskuratzen dituen diruen %5 baino gehiago. Hots, alderantziz esanda: hartzekodunek beren erreklamazioei muga jarri zieten justu zorretan dagonaren esportazioen %5 horretan.

Orduan burua jaso ezinik ari ziren alemanei onura gehiago ere luzatu zizkieten hartzekodunek. Alemaniak hasi eta galdutako gerrako kalte ordainak, hasierako 38.800 horiei gehitu beharreko beste zorrak, eperik gabe pagatzeko moduan atzeratu zizkieten. Eta gainera Marshall plana dela medio diruz laguntzen zioten AEBek.

Gaur Alemanian agintariek jokatzen duten eta herritarrek sustatzen duten politika ekonomikoari kontrajartzeko motibo bat baino gehiago eskaintzen du 1953ko eta 2013ko egoeren alderatzeak.

Begi bistakoa da zorrak zintzo pagatzea bezain alemana edo non-nahikoa badela ordaindu ezin diren zorrak arindu eta barkatzea. Inork ez dio erraz amore ematen diru asko zor dionari... non eta ez daukan horretarako arrazoi handiren bat.

AEBek bezala Britainia Handiak eta Frantziak motibo bat baino gehiago zeuzkaten horretarako. Gerra hotzaren erdian, orduko Sobiet Batasunaren indarrari beldurra zioten. Geopolitikak eskatzen zien Mendebaldeko Alemania azkar industrializatzea, bertako profesional eta adituak berriro mobilizatzea. Alemaniako herritarren kemenaz gain baldintza horiek eta gehiago egon ziren mirari alemanaren sustraian.

Gaur, 60. urte beranduago, Alemaniak baina baita Europa aberatsaren zati handi batek oso bestelako errezetak ezarri dizkie zorraren eritasunak lur jota dauzkan Grezia, Irlanda, Portugal eta Espainiari, eta formula beraren bertsio pittin bat leunago baina oso antzekoekin mehatxatzen dira Italia, Britainia Handia edo Frantziako jendeak.

1953koaren alderantzizko erremedioa: zorraren barkamen funtsezkorik ez, kontrol guztia atzerriko agintarien esku, lekuko ekonomiak biziberritu ez baina itoarazteko ajuste neurriak, monetaren gaineko kontrol oro kendua, atzerriko inbertsiogileentzako ate guztiak zabalik... Egia da Sobiet Batasuna bezalako alternatibarik ez duela kapitalismo neoliberalak. Aldiz, ondo neurtu ote dute laster eragin dezaketen leherketa soziala?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alemania
2024-04-19 | Gedar
Sionismoaren kontrako juduak jazartzen ari dira Alemanian

Palestinarekin elkartasunez kongresu bat antolatu zuten Berlinen aurreko astean, baina hura itxi zuen Poliziak. Atxilo eraman zituzten sionismoaren aurkako hainbat judu.


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Sabotaje ekintza batek geldialdian utzi du Teslak Alemanian duen fabrika alimalea

Ehundaka milioi euroko galtzeak eragin ditu sabotajeak, enpresako zuzendariaren arabera. Fabrikak oraindik geldirik segitzen du. Vulkan Gruppe –Talde Bolkanikoa– izeneko ezker muturreko taldeak bere gain hartu du ekintza.


Eguneraketa berriak daude