Adierazpide askea

  • Inkomunikazioa komunikazioaren osagaia ere bazela zioen Mikel Laboak, Lekeitio ezagunean. Berba askea, pentsamendu librea eta lengoaia garaikidea erabat moldatzen zituen Laboak, gure tradizioa eta gaurkotasuna batzen. Diskurtso honetan, Laboari ikasitako hizkeran edota jokoan oinarritzen da Ttanttaka antzerki taldearen eta Kukai dantza konpainiaren azken lana. Bilboko Arriaga Antzokiak ekoizpenean parte hartu du eta honek merezi duen tamaina eman dio ikuskizunari. Musika zuzenean, antzerkia edota hitza, eta, dantza edota mugimendua biltzen dira Komunikazioa-Inkomunikazioa obran.

Arriaga Antzokia

Ikusleak eserlekuak dauden patiora sartzerako, dantzariak, aktoreak eta musikariak taula gainean dira dagoeneko. Luzatze ariketak egiten ari dira dantzariak, musikariak berbetan, aktoreak barrez. Dena distentsio, tentsio une hauetan.

Bi aulki lerrok mugatzen dute espazio eszenikoa, parez pare. Antzezleak euren eserlekuan jarri dira apurka-apurka. Antzezpena hasteko bi minutu falta direnean –oihalaren gainean proiektatutako kronometroak argitu digu datua–, antzezleak altxa eta eszenatokitik atera dira. Komunikazio-Inkomunikazio doinuaren lehen notak entzun dira. Mikel Laboaren hitz aldrebes eta adierazkorrak J.S. Bachen Pasioa Mateoaren arabera lanarekin nahasten dira, egun, oraindik ere, edozein txundi dezakeen pieza horrekin.

Tradizioa eta garaikidetasuna, Mikel Laboak erakutsitako hizkuntza moldea presente dira une oro Tanttanka antzerki taldearen eta Kukai dantza konpainiaren Komunikazioa-Inkomunikazioa obran. Elkarrekin ondu duten laugarren lana dugu hauxe. 1937, Gogoaren bidezidorretatik (2002), Otehitzari biraka (2005) eta Hnuy Illa (2008) ditugu aurrekoak. “Askori zer edo zer esango dio izenburu honek. Guk inspirazio iturri bezala hartu dugu, Mikel Laboari ikasitako jokoa luzatuz. Komunikazioa-inkomunikazioaren begiekin so egin ohi zuen Mikel Laboak, eta inspirazio iturri honek irekitako leihoetan ipini dugu arreta”. Halaxe azaldu zuen obraren funtsa Mireia Gabilondo Ttanttakako kide eta antzezlanaren zuzendariak. Gizabanakoak, kolektibitateak, mundua edota unibertsoa etengabeko harremanetan ari dira, komunikazioan edo inkomunikaizoan. Hori adierazteko, antzezpenean hizkuntza ugari erabili dira. Disziplina nagusiak musika, mugimendua eta hitza badira ere, euskara, gaztelania, ingelesa, poloniera, alemaniera eta beste hainbat hizkuntza asmatu erabiltzen dira ikuskizunean.

Bederatzi antzezle (Aitor Beltran, Miren Gaztañaga, Eneko Gil, Helena Golab, Ibon Huarte, Alain Maya, Urko Mitxelena, Iñaki Telleria eta Nerea Vesga) aritu dira Kukai konpainiako Jon Maya koreografoaren gidaritzapean. Konpainiatik kanpo, beste bi dantzariren kolaborazioa izan dute. Bat Israel Galvan dugu. Dantzari flamenkoa da jatorriz, baina molde garaikidean aritua eta murgildua. Bestea Kepa Artetxe da, eskarmentu handiko euskal dantzaria.

Jon Maya koreografoak adierazi zuenez, “Komunikazioa-Inkomunikazioa ez da kasualitatez etorri, hainbat faktorek eragin dute lan hau aurkeztea. Kukaik eta Ttanttankak 10 urte daramatzate elkarrekin lanean, eta bide honetatik gauza asko egin eta bizi izan ditugu batera. Gure lana beste testuinguru batera eraman nahi izan dugu oraingo honetan. Ohiko dantzariez gain, beste lagun batzuk ere ekarri ditugu gure artera. Urte askoren ondoren, ondo mamitutako lana da”.

Inkomunikazioa, komunikazioaren parte

Mikel Laboaren abestiek eta euskal musika tradizionalak osatzen dute antzezpen honetako soinu banda. Komunikazio-Inkomunikazio eta Lekeitioez gain, Lili bat (Mikel Laboa, Joseba Sarrionaindia), Denbora galduaren bila (Mikel Laboa), eta Elgeta (Herrikoia, Andoitz Anzizar) abestiak dira antzezleek dantzatuko dituzten piezak. Laboaren diskoa 1988an argitaratu bazen ere, Komunikazio-inkomunikazio 1977an estreinatu zuen, Luis Llachen kontzertu batean. 25 minutuko abesti honek aho bete hortz utzi zituen hara bildutako guztiak. “Hura bizi izan genuenontzat aurrerapauso handia izan zen”, gogoratu zuen Mireia Gabilondok aurkezpenean. “Komunikatzeko beste modu bat erakutsi zigun. Mikeli ez omen zitzaion gustatzen inkomunikazio hitza, inkomunikazioa komunikazioaren parte bezala ulertzen baitzuen. Aske zen nahi zuena egiteko eta esateko, hitz argirik erabili gabe, asko adierazteko ahalmena baitzuen. Hori egin nahi izan dugu, eszenatoki huts batean gure nahiak eta beldurrak jarri”.

Jon Mayak, berriz, Laboaren lana inspirazio iturri izan dutela, baina askatasun osoz jokatu dutela erantsi zuen. “Abeslariak egin zuen bezala, lan honetan ere tradizioak eta garaikidetasunak bat egiten dute, batez ere dantzari dagokionez. Espazio komun batean bizi dira biak, dantza tradizionala eta garaikidea, gu eremu horretan murgildu gara. Euskal dantza tradizionaletik abiatu gara egungo lan bat sortzeko. Kukairen ezaugarrietako bat tradizionala eta garaikidea nahastea da, baina lan honetan harago jo dugu. Erabili ditugun espresio molde guztietarako eremu komun baten bila aritu gara”.

Forsythe abanguardiako dantza konpainiako Jone Martin izan dute koreografo laguntzailea, eta harekin aritu dira espazio komun horren bila.

Atzokoak eta gaurkoak bat egiten dute lan honetan, denborak ez baitu etenik, esperientziak bildu egiten dira, eta gogoak batu. Biharrari egindako keinua dugu Komunikazioa Inkomunikazioa. Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu den lana ikusteko beste bi aukera daude: martxoaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian bata, eta apirilaren 12an,  Gasteizeko Principal antzokian, bigarrena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude