Kulturarekiko konpromisoak badu saririk

  • Krisiak, zergen igoerak edota aurrekontuen murrizketak kinkan jarri dute kultur industria. Hala ere, Pio Ortiz de Pinedoren ustez, kultur sorkuntzaren sektorea gogorra da, dagoeneko egin die aurre beste krisi mota batzuei. Urte askoan Hortzmuga antzerki taldeko gerente izan da Ortiz de Pinedo, baita, gerora, Euskal Herriko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuen zuzendaria ere. Egun, Kulturtick edo kultur zaleen klubeko arduraduna dugu.

Kultur zaleen kluba da Kulturtick. Erdian, Pio Ruiz de Pinedo ekimenaren arduraduna, alde banatan Gazterarteko antolatzaileak dituela.
Kultur zaleen kluba da Kulturtick. Erdian, Pio Ruiz de Pinedo ekimenaren arduraduna, alde banatan Gazterarteko antolatzaileak dituela.Kulturtick

“Euskal sortzaileak, ekoizleak eta taldeak bultzatu behar dira, kultur proposamenek aurrera egin dezaten. Eragileok dirua jarri eta arriskua hartzen dutelako. Baina hori bezain garrantzitsua da kultur prozesuaren azken kate-begira heltzea, alegia proposamen horiek erakustera, banatzera eta komunikatzera. Inork ez du kutxa itxi baterako sortzen, publikoak ikus ez dezan. Kultur proposamen orok publikoarekin partekatzea, kritika sortzea, parte-hartzailea izatea, mezu bat transmititzea eta zeresana sortzea ditu helburu. Horregatik, oinarrizkoa da kultur kontsumoa bultzatzea, publiko berria bilatzea eta dinamizatzea, eta horrek guztiak sor dezakeen fideltasuna saritzea”. Horrela laburbiltzen du Kulturtickeko zuzendari Pio Ortiz de Pinedok kulturzaleen klub sortu berri honen xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan jaio bada ere, Euskal Herri osora zabaltzea dute helburu, “kulturak ez baititu muga administratiboak ulertzen, eta gehienetan, gainditu egiten ditu. Euskal kultura denon nortasuna da, batzen gaituena”, argudiatu digu Ortiz de Pinedok. “Kultur kontsumoa bultzatzen duen kluba da gurea, kulturarekiko interesa eta konpromisoa erakusten duten bazkide multzo handia sortu nahi dugu”.

Klub honek abantailak eskaintzen ditu kultura kontsumitzeko orduan, nagusiki prezio merkeagoak eta proposamen bakanak. “Gakoa ez da, hala ere, sarrera prezioa txikitzea, publikoa zirikatzea eta kulturarekiko fideltasuna saritzea baizik. Gure bazkideei modu iraunkorrean eman nahi diegu abantaila, urte osoko eskaintza anitza eta zabala eskainiz, kultur eremu guztiak hartuz”. Arte eszenikoak, musika, zinema, ikus-entzunezkoak, museoak edota liburu aurkezpenak lantzen dituzte batez ere. Era berean, kultur proposamen hauek bultzatzen dituzten espazio, areto edo promotoreei, zabalkunde eta komunikazio zerbitzua eskaintzen zaie.

Menu kultural anitza eta kalitatezkoa

Kulturticken atzean, Eskena (Arte Eszenikoen enpresak biltzen dituen elkartea), Kultura Live (Euskal Herriko zuzeneko musika aretoen elkartea), Last Tour Internacional (BBK Live Jaialdiko antolatzaileak, besteak beste), Zineuskadi (zinemagintza enpresen elkartea), Metaposta eta Liburu Saltzaileen Elkartea daude. Badira beste bi bazkide estrategiko ere. Alde batetik, EITB. Hitzarmen bati esker, kultur proposamenak astero ematen dira argitara. Eta beste aldetik, TR3SC, Bartzelonako kultur kontsumorako kluba, duela sei urte sortua. “Haien esperientzia oso baliagarria zaigu”, dio Ortiz de Pinedok.

Kulturtick-ek eremu publikotik zein pribatutik datozen proposamenekin egiten du lan, zenbait kultur promotore eta aretorekin. Lurraldetasuna zaintzen dute eta ahalik eta publiko anitzena erakarri nahi dute, bertako sortzaileak bultzatzea ahantzi gabe. “Kulturtick euskal sortzaileentzat tresna baliagarria izatea nahi genuke. Zentzu horretan, euskarazko proposamenak urriagoak badira ere, dauden guztiak edota gehienak ikusgarri izan daitezen saiatzen gara, diskriminazio positiboa eginez”.

Egun 600 bazkide inguru ditu Kulturtick klubak, baina abian jarri dituzten promozio bereziak direla eta, 1.000 bazkidera heltzea nahi lukete. Promozio berezi hauek, ikuskizun handietarako abantailak eskaintzen dituzte. Hala nola, Circ du Soleil edota BBK Live Jaialdirako sarreretako deskontuak. Bazkide izateko izena emanez gero, Circ du Soleil-ren azken lana, Kooza, ikusteko sarrera bat oparitzen du klubak. Bazkide zaharrek ere %20ko deskontua dute ekimen hauetan.

Klubeko bazkide izateko bi modalitate daude, eta bi prezio. Urtean 32 eurokoa bata, eta urtean 52 eurokoa bestea. Bigarren honek Tick Oparia jasotzeko aukera ematen du, alegia, ekitaldi jakin batzuen artean doako bi sarrera eskuratzekoa.

Gainera, Klubeko bazkide txartel bakoitzeko deskontuak bi pertsonentzat dira. “Ikuskizunera jende gehiago erakartzea da honen helburua, bazkideak lagun bat ekartzea eta kultur kontsumoa bikoitza izatea”.

Eskaintza-eskaera neurgailua

Kluba termometroa ere bada, Euskal Herrian dagoen eskaintza kulturala neurtzen du, “gure bazkideek zer duten nahiago, interesa zerk pizten dien jakitea ahalbidetzen du. Orain arteko ibilbidea motza da, baina aurrera begira, publikoaren eskaeraren berri ere izango dugu, eskaintzarena izateaz gainera, eta informazio hori oso baliotsua da”, Ruiz de Pinedoren hitzetan.

Sektoreko elkarte profesionalak ez ezik, sortzaileak ere Kulturticken atzean daude. Azken finean, sortzailea ere kultur kudeatzaile izatera behartuta dago. “Berez, ez luke hala behar, sortzaile gehienek ez baitute tamaina handiko azpiegiturarik, baina sortutako lanaren transmisore nagusi bilakatzen dira. Ez da lan atsegina sortzaile askorentzat. Egia da, bestalde, hainbat kultur sektore hartzen dituzten elkarte profesionalak sortu direnetik, nahikoa erraztu eta hobetu dela lan hau. Eskena edota Kultura Live bezalako azpiegiturak balia daitezke kudeaketa lan honetarako. Kultura bera ere profesionalizatu egin da, eta hainbat enpresa sortu da. Eremu publikoa izan da, azpiegitura profesional hauez aparte, kultura bera gehien kudeatu eta egituratu duena. Lehen kultur kudeatzaileak udalak eta erakunde publikoak izan dira, kulturarako sarbidea herritarren eskubide bihurtu dutenak”.

Kultur kontsumoa bultzatzea da Kulturtickeko xedetako bat, baina ona al da kontsumoa eta kultura elkarri lotuta joatea? Pio Ortiz de Pinedoren ustez, “kulturan, beti uxatu da nolabait ekonomia. Askotan salmenta ez dute gustuko, banaketaz eta kontu hauetaz hitz egitea. Baina dudarik gabe, berezkoa du. Kontsumoa ez da txarra, denok kontsumitzen dugu: janaria, arropa… Zergatik ez kultura? Horren baitan bada artisautza lana eskatzen duen ekimenik ere, eta hauek merkaturatzea zailagoa da, baina kultur industriaz hitz egiten dugun unetik, kontsumoa premiazkoa da proiektuak aurrera egin dezan. Egun, ekoizpena eta sormena erabat lotuta daude kontsumoari”.

Krisi garai hauek ez zaizkio mesedegarri sektoreari. “Produkzioa egon badago, eta ona da” aipatu digu Kulturtickeko zuzendariak. “Kulturaren sektorea oso erresistentea da izatez, behin-behineko baldintzetan dihardu aspalditik. Sufrimendu eta autogestio ahalmen handia dago, onerako eta txarrerako. Logikoki, egoera honek ezin du luze iraun. Lana ona izan dadin, baliabide egokiak behar ditu. Batzuek uste dute krisi garaietan berpiztu daitekeela kultura. Ez nago ados. Kulturan, beste sektore batzuetan bezala, beharrezkoak dira lan baldintza duinak, fisikoki eta mentalki, sormena egokia izan dadin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude