Martxoaren 3an 37 urte bete ziren Gasteizko San Frantzisko Asiskoren elizaren barruan grebalariak egiten ari ziren bileran poliziak sarraskia burutu zuenetik; hainbat zauritu eta bost hildako izan ziren. Haien izenak: Romualdo Barroso, Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, José Castillo eta Bienvenido Pereda. Geroago, poliziak Basaurin eta Tarragonan Vicente Antón Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo hil zituen. Gasteizkoa eta ondorengoak gogoratzeko, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak 2011n muralak jarri zituen Gasteizko langileak eraildako tokian, elizaren aldameneko hesian. Muralek honako leloa zuten: Oroimena, Egia, Justizia. Bada, elizaren egungo erretoreek muralak kendu zituzten joan den urtarrilean eta ohar laburra kaleratu zuten: “Urte berri on, muralak kenduta”.
1976ko egun hartan Gasteizen gertaturikoaren oroimenak, ordea, oso bizirik segitzen du eta segituko du. Egungo langile klaseak eta herri sektoreek halako espiritu erreboltaria izatea eskatu beharko genuke. Euren eskubideen aldeko greba orokor hartan, milaka gasteiztarrek espiritu iraultzailea, solidarioa, feminista eta asanblearioa izan zuten, eztabaida eta aldarrikapena uztartuz. Kapitalismoa izan zen, ohiko politikarien bidez (Fraga, Martín Villa...), mugimendu hura gelditu nahi izan zuena poliziaren sarraski hura bultzatuz. Egungo egoera askoz larriagoa da, bai lanean, bai kalean. Gasteizko 1976ko hura jarraitu beharreko adibidea da, kapitalismo basatiaren kontra. Kenduko dituzte omenaldietako kartelak, San Frantzisko elizako apaizek egin duten gisan, baina ezingo dute zapaldu oroimen bizia, eta are gutxiago 1976ko espiritu hura. Euskal Herrian espiritu horri ekitea omenaldirik onena litzateke Gasteizen, Basaurin eta Tarragonan kapitalismoak hil zituen langile haien alde.