Gogoetarako gunea sarean

  • Multimedia kanalaren azpiatal gisa, Solasaldiak gunea ireki du Argiak webgunean. Bertan hitzaldiak, mahai-inguruak eta eztabaidak aurkituko ditu erabiltzaileak. Gai zehatzen inguruan gogoetarako euskarazko materiala biltzea da asmoa. Dagoeneko 100 jarri ditugu eskura.

Azpiegitura handiei buruz Kontrak egindako eztabaida saioa.
Azpiegitura handiei buruz Kontrak egindako eztabaida saioa.

Gero eta ikus entzunezko material gehiago dago sarean sakabanatuta, eta horregatik, biltegi baten falta ikusita, bilaketa eta hautaketa lana egitea erabaki dugu, gogoetarako ikus-entzunezko materiala eskuragarri jarri asmoz. Gai zehatzei buruzko monografikoak jasoko ditugu, denak euskaraz ala euskarazko azpidatziekin. Dagoeneko, kanal horretan 100 bat bideo daude ikusgai, besteak beste, Euskararen kontrako diskurtsoa neutralizatzeaz, Emakumea eta kartzela, Norvegiako Atzerri ministroa elkarrizketaren defentsan, EAJ vs. EH Bildu, Haizea nola ustiatu nuenNafarroa post-UPN. Noiz, nola, norekin?, Bikoizketa vs. Azpitituluak edo Bilboko Aste Nagusiaren historiaz batzuk aipatzearren eta gaiak zein anitzan diren ikus dezazuen.

Erabiltzaileak solasaldien kanalean aurkituko duen material asko orain arte Argiako multimedia kanalean zegoen, Ekitaldiak azpiatalean. Hemen, kontzertuak, poesia errezitaldiak eta bestelako ekitaldiak ere biltzen ditugu, eta gogoetarako materiala beste askoren artean nahastuta geratzen zen orain arte. Hori dela-eta, erabiltzaileak kanal batera edo bestera jotzeko helburuak ezberdinak izan daitezkeela ulertuta, bereizketa egitea erabaki dugu.

Gainera, material berria ere bada solasaldien kanalean, elkarlanean aritzea adostu baitugu Kontra eztabaida saioarekin. Euskaraz egiten dituzten debateak biltzen joango gara, beste bide batzuetatik bildutakoarekin batera.

Kontra orain urtebete sortu zen, “egungo komunikabideetan eta hezkuntzan dagoen hutsunea betetzeko beharrari erantzuna emateko”. Euskal gizartean pil-pilean dauden gaiekin hilero eztabaidak antolatu eta Internet bidez emititzen dituzte. Zai Zoi Bele ekoiztetxe independenteak ekoizten du eta azken urteotan publikoki eztabaidatu ez duten alderdien ordezkariak aurrez aurre jartzea lortu dutelako nabarmendu da, besteak beste. Nerea Alias aritzen da moderatzaile lanetan.

Duela bi urtetik Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen dituen euskarazko hitzaldiak ere sareratzen ditu Argiak. Baita nazioarteko adituekin hitzaldiak antolatzen dituen TED.com webguneko edukiak ere, sarean erabiltzaileek euskaratutakoak. Horrez guztiaz gain, sarean bestelako eragileek jarritako hitzaldi eta mahai-inguruak biltzen joango gara, euskal komunitatearentzat interesgarriak direla iruditzen bazaigu.

"Euskaldunoi bete-betean eragiten diguten gaiei heltzen diegu Kontra saioan"

Gaurkotasuneko gaiekin eztabaidak antolatu eta sarean jartzen dituen saioa da Kontra. Solasaldien kanalerako elkarlana abiatu dugula-eta, elkarrizketa egin diegu Nerea Alias eztabaiden moderatzaile eta Ane Fernandez produkzio arduradunari.

Zergatik sortu zenuten Kontra?

Zai Zoi Bele ekoiztetxe independenteak sortu zuen 2011n. Euskal Herriko komunikabideetan eztabaidarako gune kritiko baten hutsunea zegoela ikusi genuen, eta  hori betetzeko asmoz ekin genion.

Nola definituko zenukete saioa?

Euskal gizartearen intereseko gaiei hausnarketarako bidea ematen dien eztabaida saioa da. Gai politiko, ekonomiko, historiko eta sozialak jorratzen dira batik bat. Gai konkretuei zukua ateratzea da helburua, alde batetik zein bestetik, ikuspuntu guztiak ordezkatuz eta ahots guztiei leku emanez. Autoformaziorako gune gisa ere ikusten dugu.

Partaideen aniztasuna nabarmentzekoa da.

Gonbidatuak dira tratatzen ditugun gaien bizkarrezurra. Nestor Basterretxeak behin aipatu zuen euskaldunok azpizatituta bizitzeko gaitasun berezia dugula. “Zati” horiek mahai beraren inguruan eztabaidan jartzea da bilatzen duguna. Euskal Herria anitza da, eta beraz, mahai hori osatzeko lau hankak ahalik eta ezberdinenak izaten saiatzen gara, iritzi guztiak ordezkatuak izan daitezen.

Zer iruditzen zaizue euskarri gisa Internet?

Uste dugu informazioa gero eta gehiago Internet bidezko formatuetara bideratu behar dugula. Momentu honetan hainbat euskarrirentzako tokia dago, baina kontsumo ohiturak abiadura handian aldatzen ari dira, eta tren horretan ezin gara atzean geratu. Nahi gisa kontsumitzeko formatua da gurea. Gainera ikus-entzuleekin harreman zuzena izateko aukera ematen digu, bozkaketa, iruzkin eta proposamenen bitartez.

Hedabide batzuekin elkarlana hasi duzue, hala nola HamaikaTB, Info7 eta orain Argiarekin. Zer bilatzen duzue elkarlan hauekin?

Gure sareak zabaldu eta euskal gizartearen ahalik eta esparru handienera iristea. Jende askoren interesekoa izan daitekeela uste dugu.

Zer asmo duzue aurrera begira?

Batetik, datozen hilabeteetan webgunea berrituko dugu, erabiltzailearentzat erabilerrazagoa egiteko. Bestetik, euskaldunoi bete-betean eragiten diguten gaiei heltzen jarraituko dugu, eta programa etengabe hobetzen. Orain arte izan dugun harrera oso positiboa izan da, eta horrek erakusten digu badagoela eskaera.

Aurreratzerik bai etorkizun hurbilean zer eztabaida egiteko asmoa duzuen?

Euskal preso eta iheslariei buruzko saioa prestatzen ari gara, pertsonaia historikoei buruzkoak (hala nola, Sabino Arana eta Lopez de Aro familiari buruzkoak). Gure herrian dugun ehizarako ohitura ere mahaian jartzeko asmoa dugu. Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen gaineko subjektu politikoa nor den ere eztabaidatu nahiko genuke.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude