"Analfabetoa da irakiar emakumeen %40"

  • Irakeko giza eskubideen aktibistarik ezagunenetakoa da Edwar. 1992an Al-Amal erakundea eratzen lagundu zuen, Golkoko Lehen Gerrak utzitako ondorio latzei aurre egiteko asmoz. Hasierako urteetan Irakeko Kurdistandik aritu ziren lanean, eta 2003an Bagdadeko bulegoa ireki zuten. Bertatik, Irakiar Emakumeen Sarea ere kudeatzen du Edwarrek, giza eskubideen aldeko beste hamaika proiekturen artean.

Emakumeen protesta Bagdad hirigunean.
Emakumeen protesta Bagdad hirigunean.

Zein lan bideratzen duzue bulego honetatik?

Al-Amal erakundearen bidez Irakiar Emakumeen Sarea sortu genuen 2006an. Hemengo emakumeen eta nazioarteko erakundeen arteko lotura indartzea da helburua, baita ikastaro nahiz bestelako ekintzen bidez emakumeon formazioa sendotzea ere. Gure lorpenik handienetakoa zera izan da, parlamentuko %25eko emakume kuota gauzatzea. Arabiar Udaberrien testuinguruan kanpaina berri bati ekin diogu orain, norbanakoen askatasunak babesteko.

Zeintzuk dira emakume irakiarren arazorik handienak?

Populazioaren %55 baino gehiago emakumezkoa izan arren, gizonezkoek marraztutako gizartean bizi gara. Ez dago emakumerik alderdi politikoen lidergoan, ezta gobernuko postu gorenetan ere. Edonola, emakumeon marjinazioaren atzean arrazoi kulturalak daude, politikoen gainetik. Alargunena dugu gai mingarrienetako bat. Milioi eta erdi baino gehiago daude Iraken. Kopurua biziki igo zen 2003ko inbasioaren ostean. Prekarietate gorrian bizi dira gehienak, 100 dolarreko pentsioarekin. Gizartean integratzea izan beharko luke lehentasun, baina momentuz, berriro ezkontzera baino ez ditugu bultzatzen, poligamia baimentzen duen herrialde honetan. Bestalde, unibertsitate ikasketak dituzten emakumeek lan munduaren ateak itxita aurkitzen dituzte. Horrela, ia ezinezkoa da aita edota senarrarenganako dependentzia haustea.

Baina Ekialde Hurbilean ez al zen Irak aitzindari izan emakumeen askatasunen esparruan?

1970eko hamarkadan UNESCOk erabateko alfabetizazioa aitortu zion Iraki. Egun, ordea, analfabetoa da irakiar emakumeen %40. 1959an Ekialde Hurbileko lehen emakume ministroa eta lehen emakume epailea izan zituen herrialdeak. Orduko gure lorpenik handienetakoa estatus pertsonalaren legea onartzea izan zen, ezkontzak legalki erregistratzera behartzen zuena. 2013an ordea, ilegalak dira ezkontza kopuru handi bat. Emakumeak oso egoera ahulean gelditzen dira eta euren seme-alabek ere pairatzen dituzte horren ondorioak. Areago, 10-12 urteko neskak ezkontzen dituzte 30-40 urteko gizonekin. Aldi berean, “behin behineko” ezkontzak daude, prostituzioaren gertuko praktika. Irandik inportaturiko fenomenoa da. Eta ezin ahaztu gero eta ohikoagoak diren familia barruko biolentzia kasuak. Gobernuak, baina, begiak ixten ditu, askotan ortodoxia erlijiosoaren agindupean. Hijab –belo islamiarra– janzten ez duten emakumeak diskriminatzen dira, baina are tamalgarriagoa da neskatoak eskolatik ateratzea edo emakumeak lan mundutik.

Ez al da eraginkorra aipatu diguzun parlamentu kuota?

Kuota horri esker 84 emakume daude parlamentuan, baina gehienek kidetasun pertsonalei esker lortu dute eserlekua, ez egindako lanagatik. Zailtasunak zailtasun, oraindik bada emakume kopuru handi bat lanari arduraz ekiteko gai dena, baina tamalez, bigarren plano batean gelditzen dira.

Eta zer egiten du Emakumearen Ministerioak?

Emakume eta Familiarako Estatu Ministerioa du izena, nahikoa esanguratsua da izendapena, ez da hala? Aurrekontu oso baxua du. Izena edozein dela ere, emakumearen gaiak ez luke zertan ministerio baten ardura izan behar, ministerio baten pean alderdi politiko bati lotuta dagoelako eta gizarte mailako arazoa da. Emakumeon arazoak kudeatuko lituzkeen komisio independente baten aldeko apustua egiten dugu guk, Gobernuko politika ikuskatu eta emakumeen bizimodua hobetzeko programak bultzatuko lituzkeena. Ministerioko buru Al-Zubaidik emakumeen janzteko kodea arautu berri du: debekatuta daude praka estuak, minigonak eta arropa koloretsua.

Hainbat erakundek salatu duenez, beren buruaz beste egin duten emakumeen kopuruak gora egin du Iraken. Mutilazio genitalaz ere hitz egin ohi da...

Ustezko “suizidio” horiek familia barruko erailketak baino ez dituzte ezkutatzen; “ohore” krimenez ari naiz, jakina. Zigorgabetasun osoz burutzen dira, “etxe barruko arazo”tzat jotzen baititu justizia aparatuak. Mutilazio kasuak urriagoak dira eta Irakeko Eskualde Kurduan baino ez dira gertatzen, Erbil, Kirkuk eta Suleymaniako eremu oso gordeetan.

Nola eragiten du zatiketa sektarioak?

Fabrikatutako gorrotoaz ari gara. 2006tik aurrera bultzatu zen maila gorenetatik eta gizarte osoari eragiten dio. Helburua zera da, herrialdea zatitu eta gobernatzea, beti ere biolentzia-gorrotoaren bidez. Alderdi politiko nagusien arteko elkarrizketa eza batetik eta erlijioa bereganatzen ari den rola bestetik gure gizartea itotzen ari dira. Esaterako, familia askok ez diete euren alabei ezkontzen uzten beste sekta bateko kideekin.

Martxoan hamar urte beteko dira Irakeko inbasiotik. Hobekuntza sozialik izan al da ordutik?

Ukaezina da nazioarteko isolamendua eta pentsamendu askatasunaren gaineko tabua haustea lortu genuela. 2003ra arte ezin zen, inondik ere, aniztasun politikoaz hitz egin, ezin zen erakunde zibil eraginkorrik irudikatu, ezta kanpoko munduarekin kontakturik izan ere. Baina inbasioak ekarri zuen hondamendiaren ostean talde terrorista ugarik zeharkatu dituzte gure mugak. Eta bat egin dute bertako milizia armatuekin, xiiak nahiz suniak. Hamar urte igaro ondoren, erabateko kaosean bizi gara eta ezegonkortasuna eta segurtasun falta dira nagusi. Egun, berebiziko krisi politikoari egin behar diogu aurre, hiru hamarkadako diktadura atzen utzi eta gobernu eraginkorrik ez duen Estatua besterik ez dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude