Europaren etorkizuna erabaki zuen borrokaldia

  • Gasteizen edonork identifikatu dezake Andra Mari Zuriaren plazan dagoen monumentua. Bonapartistek orain 200 urte galdutako bataila oroitzen du. Nahitaezko irudia gidaliburu turistikoetan. Kale-izendegian ere presentzia nabaria duen jazoera da eta, hala ere, gasteiztarrek ez dute ondo ezagutzen. Nazioartean, ordea, Gasteiz Europako mapan kokatu zuen.

1819an Westall R.Ak Londresen egindako Gasteiz grabatua. Bertan ikus daiteke José Bonaparte hiritik ihesean.KMK

XXI. mende hasieran, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza eraberritzeko proiektua abian jarri zenean, eztabaida bizia sortu zen haren erdian dagoen monumentuarekin, arrazoi estetikoak medio. Gutxik zekiten zehazki monumentu horrek oroitu nahi zuena zer zen, askorentzat hortik kendu behar ez izateko arrazoi nagusia “betidanik egon delako” zen. Monumentua 1813ko Gasteizko Batailaren mendeurrena gogoratzeko paratu zuten 1917an, eta Gabriel Borrás eskultoreak egina da, harriz eta brontzez. “Gasteizko Batailari” goiburua darama, eta behealdean “Espainiako independentziari” esaldi polemikoa ere bai.

Europa osoan interes, taktika eta joko ugaritako gerra zabalduta zegoen Napoleonek bere inperioaren hedapena hasi zuenetik. Hainbat herrialdeen arteko gerra hartan nork bere buruaren alde egiten zuen, eta Euskal Herriko erakunde eta herritarrek ere modu horretan jokatu zuten. Bada, Gasteizi, gudaldi handi eta konplikatu hartako erabakigune bilakatzea suertatu zitzaion. Napoleondar inperioaren azkenaurreko hatsa izan zen –Waterloon eman zuen azkena–. Orduz geroztik, Arabako hiriburuaren izena Europako hamaikatxo toki eta idazkitan aurki dezakegu.

Gasteizko 1813ko batailari atzerrian ematen dioten garrantziaz ondo jabetuta dago Emilio Larreina. Bere semea Eskozian ikasten ari zela, unibertsitateko irakasle batek “Wellingtonen Gasteiz”-ez galdetu zion. Bere aita Gasteizko Batailan aditua zela erantzun zion. “Ordutik, nire semea ez zen unibertsitatean biziko, irakaslearen etxean baizik”.

Larreina, Gasteiz 2013 Elkarte Historikoaren lehendakaria da. Gaiaz idatzi den libururik zehatzenetakoa (La Batalla de Vitoria 1813. El fin de la aventura) argitaratu zuen 2009an. Liburua idazteko batailaren ibilbidea egiten zuenean, arrunta zitzaion ingelesak aurkitzea. “Gaur egun gehiago dakite batailari buruz Ingalaterran Gasteizen baino”. Hala dio, Patxi Vianak ere, elkarteko idazkariak.

Ingelesen gutizia, frantsesen salbazioa

Iberiar Penintsulako Gerran edo Espainiako Independentzia Gerran (1808-1814), Gasteiz gune estrategiko bihurtu zen. Bailenen galdu ondoren José Bonapartek Montehermosoko jauregian ezarri zuen bere gortea. Okupazioaren momenturik gorena 1813ko ekainaren 21ean jazo zen, batailaren egunean.

“Napoleonen 60.000 soldadu iritsi ziren –dio Larreinak– eta hurrengo egunean 80.000 ‘aliatu’ (britainiarrak, portugaldarrak, espainiarrak…), haiei kontra egiteko prest. Arabako lautadan 170.000 lagun pilatu ziren, halakorik ez zen ikusiko XX. mendeko 70eko hamarkadara arte. Batailaren egunean, goizeko zortzietan, kanoikadak entzuten hasi ziren herritarrak. Egun osoa kanoikadak entzuten, gero eta gertuago: lehenengo mendietan, gero lautadan…”.

Frantsesek euren ihesaldian zeramaten gehiegizko zamak, garrantzi handia izan zuen batailaren epilogoan. Gasteiztik Frantziara joateko bide naturala, Debako haranetik igarotzen dena, itxita zegoen Durana herriaren parean. Horregatik, Aguraina abiatu ziren gaurko Gasteizko Santa Luzia auzoan barrena. Bide hori jarraituz muino bat igaro behar zuten. Ezinezkoa zen hori gurdiekin igarotzea, eta militarrek eta ihesean zihoazen beste hainbat familiek, zeramaten guztia utzi behar izan zuten. Hara zer dioen orduko bertso batek:

    Kotxe ta karromato,
    litera ta burdi, 
    Bitoria'n gelditu da
    ondasuna lodi, 
    gainera artilleria
    bertan dabe itxi,
    frantsesen erregeentzat
    ezta lotsa gutxi.


Tropa aliatuek pertsekuzioa eten zuten altxor hura jasotzeko; antza, haien buru Wellington jeneralari ez zitzaion batere gustatu, horrek salbatu baitzuen frantziar gudarostearen zati handiena.

Gasteiz kalte handirik izan gabe libratu bazen ere –hirian ondasun ugari zituen Miguel Ricardo de Álava jeneralak esku hartu zuelako–, ez zen berdin gertatu frantsesek aurrerago bisitatu zituzten herriekin. Gosez eta egarriz, Aguraina iritsi ziren eta herria arpilatu zuten.

Okupazioaren lazturak

Gasteiztarrek etxean giltzapetuta bizi izan zuten bataila hura, zer gertatuko zen jakin gabe. “Frantsesen porrota benetako askapena izan zen Gasteizko gizartearentzat”, dio Jose María Ortiz de Orruñok.  Historia Garaikidean doktore da Ortiz de Orruño, EHUko irakasle, eta Gasteiz 2013 elkarteko kidea bera ere: “Arpilatzeak eta zerga itogarriak jasan zituzten sei urteko okupazioan”. 1800 inguruan 6.500 biztanle bizi ziren Gasteizen. Gerra garaian, ostera, 20.000tik gora izatera iritsi ziren, tropak barne.

Ortiz de Orruñoren esanetan bizitza oso desorosoa zen harresien barruan, soldaduentzako kuartelik ez zegoen eta hainbeste jenderentzako ogia egiteko laberik ere ez: “Soldaduek herritarren etxeetan hartzen zuten ostatu, mailaren arabera. Konde eta markesek jeneralei egiten zieten abegi, eta herritarrek, soldadu soilei”.

Aziendak ere murrizketa latza jasan zuen gainpopulazioaren ondorioz. Nekazariek idi-pareak eta animaliak galdu zituzten. Soldaduen esku geratu ziren, nola materiala garraiatzeko hala besterik gabe jateko. “Uztak ere galdu zituzten, aziendak elikatzeko erabili baitziren. Borrokaldi hark urte osorako gosea ekarri zuen, uzta jasotzeko sasoian gertatu baitzen”, dio EHUko irakasleak.

Fiskalitate progresiboaren aurrekaria?

Vienako Batzarrean (1819) nazioarteko hitzarmena sinatu zuten, Frantzia eragindako ezbeharrak ordaintzera behartzeko. Galerak konpentsatzearren, euskal diputazioek kalte guztien kontua egin zuten. Azkenean, ez zuten ezer jaso, Espainiak, potentzia handiaren izaerarik gabe, presioa egiteko gaitasun oro galdu zuelako. Ortiz de Orruñok garbi du: “Prusiarrek, austriarrek eta beste guztiek kobratu ondoren, diputazioen txanda iritsi zenean, ez zegoen dirurik”.

Okupazioak iraun zuen bitartean, frantsesek ogasuna proportzionalki arrazionalizatu zutela esan ohi da. Bada, irakasleak ñabardura txiki bat dakarkigu: “Xedea ez zen gizarte bidezkoagoa egitea, biztanleria ustiatzea baizik”. Napoleonen politikaren arabera, okupazioa okupatuek ordaindu behar zuten. 1810ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Thouvenot jeneralaren agindupeko administrazio-barruti bakar batean gelditu zirenean, enperadoreak argi utzi zion dirurik ez ziola bidaliko Paristik.

Egoera horri aurre egiteko, Thouvenotek bi berrikuntza ekarri zituen: zergen unibertsaltasuna –denek ordaindu behar zuten, nobleziak eta elizgizonek barne– eta proportzionaltasuna –norbanakoaren aberastasunaren arabera ordaintzea–. Dena den, neurri liberal horiek bazuten itzalik: “Kausa inperialaren” aldeko ekarpena saritzeko, ordainagiriak diru gisa onartu ziren herri-ondasunen enkantean, ezer balio ez zuten paper-zatiak, alegia.

“Espainiarra da beste ezer izan nahi ez duena”

Emilio Larreinaren iritziz paradoxikoa da kontua. Napoleonek Gasteizen lehenik eta Waterloon ondoren galdu eta hiruzpalau urte geroago, Europa osoa altxatu egiten da “hiritarrak izan nahi dutelako, eta ez subditoak”.

Nortasun nazionalaren kontzeptu abstraktua, askatasun eta eskubideen garapenarekin ulertu behar da, bai Euskal Herrian –liberalismoaren eta tradizionalismoaren arteko tentsioak gerra karlistetan izan zuen adierazpenik gorena– eta bai Europa osoan. Ortiz de Orruñoren esanetan “guretzat funtsezkoak diren kontzeptuak –askatasuna, berdintasuna–, duela 200 urteko ikasketarik gabeko baserritarrentzat zentzugabekeri hutsa ziren”.

Dena den, “askatasunen eta eskubideen” frantziar ereduak utzi du bestelako ondoriorik. XIX. mendearen hasieran Frantzian bizi zen biztanleriaren erdiak baino ez zuen frantsesa ezagutzen. Euskara, bearnera, okzitaniera, bretoia, alemana, eta beste hainbat hizkuntza hitz egiten ziren lurraldean. Eugene Weberrek Peasants Into Frenchmen lanean deskribatzen duenez, errealitate hartatik gaur egungora prozesu luze bat jazo da.

Faktore askok eragin dute, baina garrantzitsuena, Frantziako Estatuaren gaitasun nazionalizatzailea izan da, armada eta eskola errepublikarraren bidez: “Frantzia eta Espainia oso errealitate ezberdinak dira. Frantzian XIX. mendearen amaieratik oso argi daukate zer den frantziar izatea, eta hala izan nahi dute dituen abantailengatik. Espainian kontrakoa gertatzen da. Cánovas del Castillok esaten zuen bezala: ‘Espainiarra da besterik izan ezin duena’” dio Ortiz de Orruñok.

Oroimenetik ikasi

Gasteiz 2013 Elkarte Historikoa orain hiru urte sortu zuten hainbat  pertsonek, bakoitzak bere alorretik ekarpena egiteko asmoz. Orain arte zenbait ekitaldi antolatu dituzte, eta zerrenda luzea dute oraindik gaiari jarraipena egiteko: ibilbideak Gasteiz bonapartistatik eta 1813ko gudu-zelaitik; bataila antzezteko egitasmoa; 150. urteurrena ospatzeko zabaldu zen Arabako Arma Museora bisita gidatuak… Batailaren memoriarekin loturiko zenbait proiektu ere abian dira. Esaterako, Álava jeneralaren biografia eta haren artxibo pertsonala argitaratuko dituzte, Sancho El Sabio Fundazioarekin sinaturiko hitzarmen baten bidez.

Elkarteko eragileen ustez, gaiak erakarpen turistiko handia izan dezake ongi aprobetxatuz gero. Hiri napoleondarren europar sarean sar liteke Gasteiz: “Europako toki askotan berrehungarren urteurrena oroitzeko egingo diren ekintzak ezagutu nahi dituzte” dio Vianak.

Arabako Diputazioko kultura sailak 80.000 euro aurreikusi ditu oroimen ekitaldietarako –besteak beste, National Army Museumean dagoen Álava jeneralaren ezpata ekartzeko–, eta Gasteizko udalak beste 95.000 euro: “Hiriko kultur programazioaren parte garrantzitsu” izango omen da urteurrena, Encina Serrano PPko Kultura zinegotziaren esanetan. Dena den, oposizioko alderdien ikuspegi politiko ezberdinak eta krisi ekonomikoak ez dute adostasunik ekarri urteurrenaren inguruan.

Si vis pacem, para bellum” esaldi latinoa datorkio gogora Ortiz de Orruñori. Bakea nahi baduzu, gerrarako presta zaitez. Eta buelta eman dio: “Bakea nahi baduzu, ez ahaztu gerraren lazturak. Europak bere sasoirik onena bizi ez badu ere, ez da ahaztu behar momentu txarragoak egon zirela. Eta garai hartan, Gasteiz funtsezko erreferentzia bilakatu zen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


'Kontzertismoa', beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


Eguneraketa berriak daude