argia.eus
INPRIMATU
AHT Lapurdin
Zundaketak ezkutuan
  • Gendarmeek bi lagun atxilotu zituzten Biriatun zundaketak baimenik gabe egiteagatik. AHTren kontrakoek kezka azaldu dute, tren linea eraikitzeko lanak ez direla gelditu erakusten baitu horrek.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 27a
AHTren aurkako ekintzaileak Biriatun zundaketa lanak eragozten.Gaizki Iroz

Poliziak D2S International enpresako bi langile atzeman zituen otsailaren 21ean Biriatuko lur sail pribatu batean, AHTren linea berriaren balizko bibrazioak neurtzen ari zirenean, zundaketak egiteko baimenik ez zutelako.

Lur-sailaren jabeak, RFF konpainiak azpi-kontrataturiko D2S enpresako bi langileak ikusi zituenean, poliziari dei egin zion, baita AHTren aurkako Nivelle-Bidassoa elkarteko kideei ere. Denbora gutxian hogei bat lagun bildu ziren bertan, zundaketak oztopatu asmoz. Jendarmeek Hendaiako polizia-etxera eraman zituzten bi langileak, ez zituztelako Herriko Etxearen eta Prefeturaren baimenak.

Lurjabeak eta Nivelle-Bidasoa elkarteak salaketa bana jarri zuten, “etxera bortxaz sartzeagatik”. Zigor bezala, euro sinboliko bat ordaintzeko eta zundaketaren datuak deuseztatzeko eskatu dute. RFFko ordezkariek, ordea, prefetaren baimena zutela esan dute, baita Herriko Etxea jakinaren gainean zegoela ere. Teknikariekin gaizki ulertze bat gertatu izana posible dela gaineratu dute.

Gertaerak AHTren aurkako kolektiboen kezka piztu du, RFFk jakinarazi baitzuen baliagarritasun publikorako inkesta egin arte ez zituela zun­daketak abiatuko. In­kesta hori 2013ko bigarren erditik au­rre­ra zen egitekoa.