Hileko lehen astearteetan egiten da Txokolatea eta Bizkotxoak ekimena, Bilboko Barrenkale kaleko Modesto tabernan. Proposamen ezin hobea neguko arratsalde ilun hauetarako, aspaldiko lagunak ikusi, kulturaz gozatu eta, izenak dioen moduan, txokolate beroa eta bizkotxoak jateko aukera, euskal sortzaile baten esamesak entzun bitartean. Hiru sortzaile elkartu dira ekimen honetan: Ane Zabala aktore eta kazetaria, Goizalde Landabaso idazlea eta Fernando Perez kultur kudeatzailea.
Emanaldiaren aurretik agertu naiz, Fernando Perez aurkitu dut tabernako atarian. “Gaur, arropa eskegitzeko matxarda da sarrera” esan dit, bat eskura emanez. Aurreko emanaldian gaztainak eman zituzten sarrera gisa, gaztaina bat bi euroren truke. Tabernan kontsumizioa doakoa da gero. Goizalde Landabasok azaldu dit sarrera berezi hauen zergatia: “Ez gara kultur elkarte bezala eratu, ez dugu diru- laguntzarik eskatu nahi, paper ugari bete behar da horretarako. Zerbait egin nahi genuen, baina inolako irabazi asmorik gabe”.
Modesto taberna barruan, berotasuna. Txokolate katiluak eta bizkotxo zatiak ageri dira barra gainean. Ane Zabala eta Hedoi Etxarte –Suzko Liliak (Susa, 2008) eta Sinplistak (Susa, 2012)– emanaldia prestatzen ari dira. Txokolatea eta Bizkotxoak ekimenaren bigarren aldia da honoko hau, aurrekoan Harkaitz Cano izan zuten hizlari, eta 100 lagun bildu zituzten Musikaren Memoria izenburupean. Gaurkoak antzeko trazak ditu. “Une zoro batek harrapatu gintuen poteo batean –gure herri honetan gauza asko ateratzen dira poteoetan–”, esan digu Landabasok. Haien arteko gauza sortzea zen hasierako asmoa, baina gero, publikoari ateak irekitzea otu zitzaien.
Pentsatu eta egin. Bilboko Zazpi kaleetan badira tabernak eta lekuak kultur ekimenak bultzatzen dituztenak, “eta gureak beste ekimen bat izan nahi du, Bilboko erdigune honetan”, Ane Zabalak azaldu digunez. “Sortzaileak ekartzea da gure asmoa, baina mugarik jarri gabe”. Lehenengo biak idazleak izan dira, baina beste diziplina batzuetako sortzaileak ere erakarri nahi dituzte.
Bat dator Landabaso: “Kultur proposamen ugari dago Bilbon, baina hoietatik euskaraz direnak gutxiengoa dira. Bestetik, kultur proposamen hauek asteburura mugatzen dira askotan, ostegunetik igandera, eta aste barruan gauza gutxi daude. Horregatik da gure proposamena astearteetan”.
Ane Zabala sorkuntza lanak mugitzeko zailtasunez mintzatu zait, “gu ere sortzaile garen momentutik, horretan jardun behar izan dugu, zorionez edo zoritxarrez”, eta Landabasok erantsi: “gustuko gauzak ikusteko ezin zara zain egon, norbaitek ekimen hori noiz bultzatuko. Ez zegoen modurik Bilbon euskal sortzaileak ikusteko, inork ez baitzituen ekartzen. Guk egin behar”.
Hauexek dira hurrengo Txokolatea eta bizkotxoak ekimenak programatu dituen mintzaldiak: martxoaren 5ean, Aiert Goenagak zinemaz eta kulturaz hitz egingo du. Apirilean 9an Ixi Garcia arituko da arte plastikoen gainean. Maiatzaren 7an Irati Jimenez, eta ekainaren 4ean Mikel Elorza arituko dira.