argia.eus
INPRIMATU
Tokiko euskarazko telebistekin elkarlana
  • ETB eta tokiko telebisten arteko harremanak ez dira atzo goizeko kontua. Hiru ekinaldi aipatuko ditut.

Inazio Arregi 2013ko otsailaren 19a

Arrasate Telebistako ordezkariek ETBko arduradunekin lankidetza proposamen bat hitzartzeko asmotan egindakoa lehena. Orduko ETBko arduradunek tokiko telebistak lehiakitzat zituzten lankidetzat baino.

Duela bospasei urte, ETBko arduradunekin biltzeko aukera izan genuen berriro, eta jarrera desberdina sumatu genuen. Lankidetza bide egonkor bat urratzeko aukera ikusi genuen eta lankidetza eremua marraztu ere bai. Tokiko telebistak ETBren tokiko berrietako irudien lanketaz ardurako ziren ETBk behar zuenean, eta telebista publikoak trukean irudiak, albisteak, eta ETBren jabego intelektualeko programazioa eskainiko zien tokiko telebistei. Jakina, edukien joan-etorrien balorazio ekonomiko bat eta konpentsazioak ekarriko zituen norabide batean nahiz bestean. Arazo teknikoak –bereziki plataforma desberdinak edukitzetik sortutakoak– eragozpen handia izan ziren ideia martxan jartzeko eta harremanak ez zuen ondoriorik sortu.

Orduan eta gaur, lankidetza ez instituzional bat izan dugu, eta ETBk edukiren bat eskatu izan digunean arazo barik eskaini diegu. Kontra, bere irudiak ere jaso izan ditugu guk behar izan dugunean. Ez da sarri gertatzen baina harreman naturala da.

Azkeneko lau urteotan aurretik izandako harremanak hoztu dira. Bilera bat izan genuen arduradunekin arazo teknikoak gaindituta egon zitezkeela pentsatuta, baina ez zuten proposamena balioetsi aurrekoek bezala.

Gaur, zuzendaritza berri bat aukeratzearekin batera, baikortasunerako leiho bat zabaltzen dela esango nuke. Agian egoera ekonomikoak bultzatuta, baina garbi daukat euskarazko mundu honetan ari garen eragile publiko nahiz pribatuek elkarrekin jardun beharra izango dugula arlo askotan. Ez dagokigu guri ETBren etorkizuna diseinatzea. Horretarako daude Legebiltzarra, eta Legebiltzarrak izendatutako arduradun eta profesionalak. Guk, gure iritziz ETBk gurekiko harremanetan eta euskaldunen ikuspegitik jokatu beharko lukeen rola azalduko dugu hiru puntutan.

1.- Komunitate desberdinetako euskaldunei informazioa, aisia eta euskal kulturarekiko sentiberatasuna hel araztea euskara lehenetsiz, gaztelera eta frantsesaren aurretik.

2.- Publiko-pribatu dikotomia gaindituz lankidetza egonkor baterako oinarriak sendotzea euskarazko tokiko telebistekin, lehiakide baino errealitate bakar baten atal osagarriak garela onartuaz.

3.- Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen traktore bihurtzea.

Gehiagorako ere ematen du gaiak baina gaurkoz honetan utzi beharko dugu.

(*) Inazio Arregi Tokikomeko zuzendaria da.