Andoni Kordobako espetxean dago. Euskalduna izaki, preso, bistan da. Ezezagun baten gutuna jaso du gaur. Emakume batek sinatuta dago. Alaba da gutun horretako subjektua edota protagonista. Iraia du izena. Ihes egin du etxetik. Askatasunaren aldeko haizeak bultzaturik ihes egin du. Konpromiso politikoak akuilaturik. Iraiak ez du aitarik, ez zaio ezagutzen bederen.
Belaunaldi baten erretratua da kontakizuna. Zehatzago esanda, borroka armatuan engaiatutako bi belaunaldietako bi militanteen esperientziak batzen dituen istorioa da. Gure historia garaikideko istorioa, egungo historiaren istorio arrunta. Ama batek, bakartasunean idatzia, eta espetxeko bakartasunean bizi den preso baten begietatik irakurria edota narratua. Gure herrian azken mende erdian ezagutu dugun gertakarietako bat. Gogorra eta gordina, eta horregatik arrunta.
Gaur zortzi gertatu zen, eta bihar zortzi gerta liteke. Borroka armatuan konpromisoa hartu zuen Carmen Gisasolaren lehen narrazioa da.