Esperimentu autofikzionala

Zuhaitz Eroria Basoan.
Antton Olariaga

Baso batean zuhaitz bat erori eta inor ez baldin badago hor entzuteko, zuhaitzak zarata ateratzen du? George Berkeley filosofoak egin zuen galdera. Orain ez dut gogoan –kontsultatu beharko nuke– berak zer erantzuten zuen, ezta erantzuna frogatzeko zer bide proposatuko zuen ere. Nik ez nuke jakinen zer erantzun, besteak beste, gaurko teknologiak (arbolaren lur jotzea telebistako zirkuitu itxi baten bitartez ikusarazi/entzunarazi edo, bertan inor egon gabe, balizko zarata dezibeliotan neurtu lezakeenak) eta literatur teoriak (Harreraren Estetikak, esaterako, dio idatzitakoa ez dela existitzen irakurlerik gabe) kontraesanean diruditelako.

Beste galdera bat daukat nik: norbaitek kontu guztiz hutsal batean, inora ez doan eta ezertan eragiten ez duen kontu ez egiaztagarri batean, benetan gertatutakoa gabe, beste gauza bat kontatzen badu, gezurra esaten ari da? Nire ustez, argi eta garbi, ez. Hala dela demostratzeko, Iñigo Astizek Baita hondakinak ere poema liburuan bezala, esperimentu bat eginen dut, eskura dudan egoera bat adibidetzat hartuta:

Adiskide batek zerbait hartzera joateko deitu dit eta nik azkenean etxean gelditzea erabaki dut atzeratuta eta entrega-epez kanpo dudan artikulu bat (ez hau) idatzi behar dudalako. Hori esanez neure burua zuritu nezake, baina aurreko batean horixe bera esan nionez sermoia bota liezadake edo pentsa lezake neure burua nabarmendu nahian nabilela, berak ere idazten duelako eta inoiz ez zait holako maratilekin etorri. Horregatik, beste aitzakia bat, ez erabakigarria baina, halere, egia ere badena, jarri diot. “Ezker oinean kolpe handia hartu dut, behatzak ubelduta eta guzti dauzkat. Bainuontzitik ateratzen ari nintzela, irrist egin eta berogailua jo dut indar guztiaz. Txinpartak ikusi ditut”, esan diot eta berak, hemofilikoa naizela jakinda, espero bezala, bota dit hobe dela kolpea zaindu dezadala.

Telefonoa eskegi eta neure baitan barre egin dut. Adiskideak ez du jakingo, ezingo du inoiz jakin, ezta inork ere ez, behatzetako ubeldura ez dudala horrela egin, baizik eta oinutsik, aipamen baten bila, apal altu batetik liburu potolo bat hartzera joan eta oin gainera erori zaidalako. Nik orain hemen aipa nezake zehazki zer liburu den odoluria eragin didana. Aitor nezake Jostein Gaarder-en El mundo de Sofía izan dela, baina, ez nuke inork jakitea nahi nire filosofiako ezagutzak gazteentzako liburu dibulgatzaile batetik datozela, alegia, Berkeleyrenak eta abar nondik ateratzen ditudan. Eta gainera, demostratzen ari naizenez (eta horixe da autofikzioaren iruzurraren oinarria!), norberak bakarrik dakizkien kontuetan ez dago ez egia ez gezurra esaterik; istorioa hobeki biribiltzen duena da irizpide bakarra.

Dena den, orain dator froga definitiboa. Huts egin nion adiskideari aurreko testua pasa diot, benetan bainuontzian irristatu ote nintzen ala liburua oinean erori ote zitzaidan (eta kasu horretan, zein?) detekta ote dezakeen.

“Bai, biak dira gezur”, erantzun dit, “eta ez bakarrik hori, testuko gainerako guztia ere gezurra da: egun horretan parrandan atera ginen eta idatzi beharreko artikulu atzeratua hau da. Joder, tio, testu autorreferentzial batean sartu nauzu!”.

“Nola jakin duzu?”.

“Zu etxean gelditu? Ez dago hori sinetsiko zuenik. Autofikzioak ere bere mugak ditu”.

“Zer begi zorrotza duzun. Hurrengo artikulua eskaini diezazudala merezi duzu gutxienez”.

 
(Iñigo Astizi dedikatuta)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude