argia.eus
INPRIMATU
Papa Mau, olatuen indarraz higitzen den robota

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko otsailaren 14a
Liquid Robotics

Urtebete baino gehiagoz olatuen indarra erabilita nabigatu du Liquid Robotics enpresak sortutako robot-sistemak. Papa Mau deitu diote asmakizunari, eta 16.668 kilometro egin ditu Kaliforniaren eta Australiaren artean.

Planeatzaile akuatiko hau sei metroko kable batez loturiko bi atalek osatzen dute. Batetik, ur gainean kokaturik dagoen flotagailua eta, bertan, eguzki energia baliatzeko zelula fotovoltaikoak ditu. Bestetik, sei metro beherago, itsaspeko txiki bat dago. Barnean hainbat tresneria ditu neurketak egin ahal izateko, eta kanpoaldean olatuen indarra baliatzea ahalbidetzen duen hegal higigarri multzo bat. Olatuan daudela detektatzean, hegalen posizioa aldatzen da, eta itsaspekoa aritzen da trakzio-egile.

Sistema erabat autonomoa da, energia beharrak eguzkiaren bidez asetzen baititu. Iraupen luzeko misioetarako da aproposa, batez ere.