Heriotzaren hamargarren urteurrenarekin batera jarri ziren martxan artistaren handitasuna nabarmenduko zuten gorazarreak. Ederrenetako bat, iazko ekainean Villabonako Udalaren ekimenez antolatu zitzaion erakusketa, Etxe ondotik. 50 piezatik gora bildu ziren, artistak Villabonako Etxe Ondon eman zituen 30 urteetan (1970-2001) sortuak, bizitzan landutako teknika ugarien ispilu. Egunotan Donostiako Koldo Mitxelenara ekarri dute Villabonakoa. Berritasuna: Zeruko Argia aldizkarian egindako azalak laminatan argitaratu dituzte Argiak eta KMk, eta artistaren logotipoaz apaindutako karpeta batean bildu.
Lurdes Auzmendi erredaktorearen eskutik heldu zen Bixente Ameztoy Zeruko Argiara. Ez zuen begiz jotako argitalpen bakarra izan. Euskadi Sioux aldizkaria ere –“pulpiturik ez duen jendearen lekua” omen zena, Ameztoyk Auzmendiri berari elkarrizketan esana (www.argia.eus/argia-astekaria/818/euskadi-sioux-ongietorri) –bere artearen erakusleiho izan zuen. Barne orrialdeetako ilustrazioak eginez jardun zuen han. Batez ere azalak egin zitzan eskatu zitzaion gure Argia zerutiarrean. Urtea eman zuen gutxi gorabehera, langintza horretan. 1978koa.
Elixabete Garmendiak gogoratzen duenez, irrikaz itxaroten zuten artistaren asteroko bisita. Lantzen ari ziren zenbakiari zegokion azala besapean hartuta helduko zen erredakziora, bertan zihardutenen ikusmina asetzera. Freskotasuna ekarri ohi zuen, aire berria, eta zenbaitetan zaputzalditxoa ere bai, edo kexa, aurreko asteko azala beharko zukeen bezala argitaratu ez zelako; kontrastea, edo irudiaren definizioa, eta batez ere koloreak, bere jatorrizko irudian bezala inprimatu ez zirelako. Horrelako lanak hartu eta gero. Baina aurrera.
Gai korapilatsuak ilustratzea egokitu zitzaion Ameztoy azalgileari, 70eko amaierako garai latz eta nahasi hartan: Iberduero, Lemoiz, Pertur, Estatutua, Aberri Eguna, Bretainiako marea beltza, Amnistiaren Astea, Bai Euskarari, Germanen heriotza Iruñeko San Ferminetan….
Azalera ekarritako gaietatik harago, grafismoak egiten zuen berezi argitalpenaren aurkezpen orria, ideiak adierazteko moldeak. Konbentzionalak, behinzat, ez ziren batere, garai hartan erreferentziatzat zituzten aldizkarietako portadekin alderatuta –Punto y Hora, kasura–. Denborak lagundu du artea eta kazetaritza batzeko egindako ahalegin hura baloratzen, sarritan asteroko zurrunbiloan lausotuta pasa zena behar zuen neurrira ekartzen.
Baina harekin jardundako bati utziko diogu hizketan. Artistaren ekarpenak inpresionatuta, Villabonako erakusketarako koaderno itxuran bildu ziren azalen atarikoa idatzi zuen Joseba Sarrionandiak, eta orain KMn eta Argiako dendan eskuragarri jarri den bilduman ere, Bixente Ameztoyren 36 laminen aurkezpen orria duzue.