Hainbat metal, burdina adibidez, oso onak izaten dira bakterio batzuen hazkunderako, baina beste batzuek, urreak edo zilarrak esaterako, aurkako efektua dute, hau da, bakterizida direla esan daiteke.
Berriki jakin denez, zientzialarientzat ezaguna zen Cupriavidus metallidurans bakterioak urre molekularra sortzen du bere zelulen artean, urre-ioitik babestu ahal izateko. McMaster Unibertsitateko (Ontario, Kanada) ikerlariek Nature Chemical Biology aldizkarian argitara emandako artikuluaren arabera, berriz, Delftia acidovorans deituriko bakterioak bere inguruan sortzen du urre molekularra urre-ioitik abiatuta eta soluzio neutro batean. Aurkikuntzak garrantzi handia du nanopartikulen industrian; izan ere, prozesua segundo batzuetakoa baino ez da. Segundo horietan urrezko xafla bat izan dezakezu, hainbat prozesu industrialetan erabiltzeko modukoa.