Sakrifizioak eta gain-sariak

“Agintariak gaizki ordainduak daude, haietako askok enpresa pribatuan askoz gehiago irabaziko lukete eta horregatik ongi dago haien soldatak igotzea”. Azken bi hamarkadetan askotan errepikatu izan den argudioa da kargu publikoen soldata igoerak eman direnean. Oparotasun garaietako argudioa zen, krisiaren etorrerak orain estali egin duena. Orain ez da esaten, baina politikari eta agintari askok jarraitzen dute hori pentsatzen.

Ez dago zalantzarik, herrialde bat, hiriburu bat, lurralde baten kudeatzaileek ondo ordainduak izan behar dute. Baina ardura publikoa eta enpresa pribatuaren konparaketa horiek oso arriskutsuak dira gobernu on eta arduratsuaren ikuspegirako, jardunaren indarra zerbitzu publikoaren ikuspegian baino, lan sarian jartzen delako: “Bestela joan egingo dira, eta oso onak dira”.

Bada, joan bitez sektore pribatura hala pentsatzen dutenak, espiritu publikoarentzat eta gizartearentzat arriskutsuak dira eta. Orain inoiz baino argiago ikusten ari da zein arriskutsuak diren, funtsean haiek pentsatzen dutelako euren zerbitzuak lan-sariez gain bestelako konpentsazioa ere merezi dutela. Horregatik ez dute inongo arazo moralik  enpresa pribatuak alderdiei emandako dirutza horietatik gain-sariak jasotzeko, enpresa pribatuan arituko balira askoz gehiago irabaziko luketelako eta, beraz, haien sakrifizioak merezi duelako bestelako onurarik.

Bistan da, ezin esan klase politiko osoa halakoa denik; areago, “denak berdinak dira” horren aurka egin behar da serio, esamolde horrek “denok egin dezagun berdina” dakarrelako bere baitan, eta pentsamolde horiek direlako ustelkeria eta iruzurraren hedapenaren oinarriak. Ustelkeriaren erresuman, boteretsuenek eta aberatsenek lapurtzen dutelako gehien, gizartea eta herritarren kalterako oro har, eta bereziki ahulenen kalterako.

Baina bai, jardun publikoa sakrifizioa delako patrikaratzen dute eskupekoa, Calisto Ayesa Nafarroako PPko sailburu ohiak onartu duen bezala: PPk erabaki zuen Gobernuan egon behar zuela, berak bere negozioarekin baino gutxiago irabazi behar zuen eta, beraz, soldataz gain PPk eskainitako gain-saria eskuratzen zuen, Madrildik Jaime Ignacio del Burgok ekartzen ziona. Bide batez, helbururako ona bada, bitartekoa ere egokia dela aitortu du Del Burgok: berdin zen nondik zetorren berak jasotako dirua, kontua da zertan erabiltzen zen eta erabilera primerakoa zen (aitortu duenez, ETAren hainbat biktimarentzat eta Basta ya!-ren gisako erakundeentzat).
KONTUZ!-EK deituta, joan den larunbatean Iruñean 5.000 pertsona Nafarroako Kutxan zer gertatu den argitzeko kalera ateratzea ez da txantxetakoa, are gehiago baldintza haietan (euria, Osasunako partidua, pilota telebistan...). Kutxa eta banku jarduera nahastu izana, kudeaketa txarra, handikeria, zarrastalkeria (helikopteroak, Washington…), erabilera politikoa (Banca Cívica bai, beste euskal kutxak ez)… horrek guztiak ezin zezakeen ondorio onik ekarri  eta azkenean Nafarroako Kutxa azukre koskorra moduan desegin zen Caixabanken eta Nafarroak bere finantza tresna garrantzitsuena galdu du. Guztia kudeatu duen UPNri ez litzaioke doan atera behar, ezta jarduera hori ahalbidetu duen PSNri ere.

Gauza asko daude azaltzeko agintariek euren interes politikoan herritarren diruaz egiten duten erabileraz. EAJk salaketa gogorrak egin zizkion Patxi Lopezen Gobernuari, haren jarduneko agintaldiaren azken asteetan ere gastu handiak egin zituelako. Orain,  Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) elkarteko lehendakari Juan Karlos Alduntzinek jakinarazi duenez, erakunde honek 300.000 euroko gastua du hilero La Caixa eta Banestoren interesak ordaintzen, orain erabiltzen ez duen mailegu batengatik. Legealdia amaitzen ari zela, aurreko diputatu Carlos Ormazabalek hauteskundeak baino bost egun lehenago sinatu zuen erraustegiaren eraikuntza bermatzen zuen finantza operazio hau. Orduan, erraustegiaren oposizio zabalak zalantzan jarri zuen Ormazabalek hori egiteko zuen zilegitasuna, eta erraustegiaren eraikuntza behartzeko trikimailu gisa hartu zuen. Orain, Alduntzinek operazioaren zehaztasun gehiago eman ditu eta mailegu honetan swap finantza produktuen kontratazioa salatu du, horiengatik GHK-k 94 milioi euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuelako.

Zalantzarik gabe, komeniko litzateke operazio guztia ondo argitzea, herritarrek beren diruaren erabilera zertan eta nola egiten den argi izatea komeni baita, eta kasu honek, besteak beste swap horiek tarteko, badituelako bere koskak.
 


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
MAPA | Zer bozkatu dute zure bizilagunek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zure auzoan zer indar politikok irabazi duen jakiteko, mapa honetan aurkituko dituzu udalerrietako distritu eta sekzioen emaitzak.

[[hauteskundeak distrituak zabala 2024 A21 eusko-legebiltzarra]]


Eguneraketa berriak daude