Badira euskal musikaren historian erroturik geratu diren abestiak, hain gazte ez garenon memorian iltzaturik dauden doinuak, urteak pasa arren oroimenean bereziki gorde ditugunak.
Gozategi taldearen abesti askok utzi dute gugan arrasto hori, eta horietako hamahiru entzuteko aukera eman zaigu All Stars 1992-2012 disko berri honetan. Hogei urteko ibilbidean egindako kanturik esanguratsuenak, taldearen historia markatu dutenak nolabait, eta, batez ere, taldearen espiritua jasotzen duten abestiak birgrabatu dituzte Mikel Irazokiren zuzendaritzapean. Dudarik gabe, taldearen jarraitzaile izan direnentzat opari bikaina.
Trikitiaren berrikuspenari esker ezagutu zuen ospea taldeak. 80etako hamarkadaren hasieran trikitiak mugak zituen, bigarren mailakoa kontsideratzen zen, baserritarren edo zaharren musikatzat hartzen zuten askok. Urte batzuk geroago, erromerietatik zetozen taldeek –Tapia eta Leturia, Maixa eta Itziar, Gozategi….– ukitu bereziak eman zizkioten ordura arteko estiloari, batez ere bateriaren edota baxuaren laguntzaz, eta ohiko mugak apurtzea lortu zuten. Hala, entzule berriengana iristeko bidea zabaldu zen.
90etako hamarkadan Euskal Herrian eztanda egin zuen triki-pop-rock estilo honen eragile nagusienetakoa da Gozategi taldea. Arrakasta itzela izan zuen Manolo Escobar kantari espainiarraren abesti batean oinarritutako Nor-Nori-Nork izenekoak, sekulako oihartzuna izan baitzuen. Hala ere, Gozategiren unerik gorena Nirekin kantuarekin heldu zen. Jon Maia bertsolariak bizkaieraz idatzitako Emostaxu muxutxue… leloa ahoz aho ibili zen eta 1996ko udako kanta izateaz gain, ordura arte trikitia entzuten ez zen tokietara iristea lortu zen, eta zenbait irratitan zeuden mugak gainditzea, hala nola, Los 40 Principales gisako irratietakoa.
Gozategi taldeak, herrietako jaiak girotzeko aproposak ziren kantu arin eta dantzagarriak eskaintzen zituen eta plazak gainezka izaten zituen, zuzenekoen freskotasunaz disfrutatzen baitzuten zaletu eta jarraitzaile sutsu askok.
Bost urte geroago garai haietako sukarraldia jaisten hasi zen eta Gozategi taldeak ere nabaritu zuen, bai diskoen salmentan, baita emanaldi kopuruan ere.
20 urteko ibilbidea, sei disko kalean, eta ehunka emanaldiren ondoren, oraindik gazte eta nerabeak erakartzen jarraitzen dute. Taldearen esanetan, pozgarria da oso ondorengo belaunaldiek ere beren abestiak ezagutzea eta kantatzea, eta are pozgarriago betiko zaleak haien alboan, jende artean jarraitzen dutela ikustea.
Bi hamarka eta gero, trikitilari belaunaldi baten ordezkari garrantzitsuenetakoa izan den taldeak plazaz plaza jarraitzen du, emanaldi bakoitzean ahalik eta zukurik ederrena ateratzeko desioari eutsiz, bizipen horiei esker musikari izateak merezi duela zinez sinesten baitute.