argia.eus
INPRIMATU
Trikimailuak

Jakoba Errekondo 2013ko urtarrilaren 29a

Landareak gure onurarako lantzen ditugunean, dena delakoaren xerkan, helburu ditugun etekinen babeserako bide ugari da. Produktu kimiko pozoitsuetatik urrun, gero eta hedatuagoa dago gai naturalen erabilera.

Izurritea eragiten duen intsektuari bera akabatuko duen aurkaria aldamenean jartzea da bide bat. Aurkari batzuek izurrigilea zuzenean jan egingo dute. Beste batzuek izutu eta uxatu egingo dute, geurean nahi ez ditugunak auzokoaren landareetara bota. Hurrengo belaunaldiak haztea eragotzi eta izurriaren katea eteten duenik ere bada. Horietako batzuek, adibidez, hazteko toki hoberik ez eta izurria eragiten duenaren gorputzaren barruan ziztatzen dituzte bere ondorengoak sortuko dituzten arrautzak... Bai bihurriak!

“Gure” landareetan kalteak eragiten dituzten intsektuak ez dira ez jainkoaren hurrengoak. Kontrario asko izateaz gain gaixotu ere egiten dira, gaizkitzeraino batzuetan... Ezagutzen ditugun neurrian bere ahulgune horietan zorrotz jo dezakegu: gaitzen bat sortuko dien bakterioa edo birusa zabaltzen badugu, atzera egin behar izurriteak!

Gure etekinen zaintzan makiavelikoagoak izaten ere badakigu. Izurrite batzuk laborategietan deuseztatzen adibidez. Espezie kaltegarriaren izurritearen indarra ugalkortasun oparoan oinarritzen bada –urtean bost belaunaldi hazteko gai den zorririk bada...– izurria makaldu eta bere kaltea hutsaren hurrengoratzeko, antzuak diren arrak sortu eta erruz hedatzen dira. Ar horien proportzioaren arabera jaitsiko da ugalkortasuna. Bururatzen dira bai honelako trikimailuak...

Makiavelo, laborategi eta trikimailu handirik gabe ere intsektuak gibelerarazi ditzakegu. Xaboiarekin esaterako, erraz asko. Potasa xaboia da onena. Landareei kalte arrastorik ez eta izurritea ito egingo du. Ia intsektu guztiek azalean dute eskeletoa, armazoi eta babes den exoeskeletoa. Xaboiak eskeleto hori kaltetzen du eta arnasa hartzea zailduz hil egingo du. Hori da garbitzea, xaboiz garbitzea...

Intsektuei aurka egiteko erabiltzen dugun edozein gairi xaboi hori nahastea komeni da. Kolpea latza izango da. Xaboia eta gai kaltegarria, bikoitza. Bik adina. Bikaina.