Herritik herriarentzat

  • “Behar bat agertzen denean hainbat modutan ase daiteke, baina auzolanaren gaineko hautu bat egiten dugunean erabakitzen dugu taldean aritzea, guk hartzea zeregin hori gauzatzeko ardura, eta, elkartasunaren balioan oinarrituz –elkarri lagunduz– aritzea”. Jasone Mitxeltorenaren Auzolanaren kultura liburua (Txalaparta, 2011) abiapuntu hartuta, auzolanaren hainbat adibide ezagutu ditugu gertutik.

"Gure arbasoek emandako ondare honi esker bizirik iraun dugu herri moduan Jasone Mitxelena: "XXI. mendera arte, eta hemendik aitzinera ere, herri nola pertsona gisa bizirauten lagunduko digu"

Elkartasunaren balioa, komunitatearen garrantzia eta burujabetza. Horratx auzolanaren kultura osatzen duten balioak. Egitura berdintzailea dela ere azpimarratu digu Mitxeltorenak: “Izanen dira lan batzuk indar handiagoa eskatzen dutenak, beste batzuk ezagutza handiagoa, baina auzolana egiten den herrietan ikusten dugu herritar bakoitzari bere ahalmenen araberako ekarpena egiteko aukera ematen zaiola”. Auzolanari buruz jardutean, etxalartarrak interesgarria deritzo auzo hitzak duen esangura aztertzeari; izan ere, historikoki ikus dezakegu auzoak antolakuntza sistema bat zirela, lotura hagitz estuak zituen komunitate sendo bat, auzo komunitatea alegia. Joxe Migel Barandiaranek zioenez, auzotasuna ez zen momentu jakin batean elkarren ondoan bizi ziren etxeko bizilagunen arteko harremana soilik, baizik eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren betebehar eta eskubideak ezartzen zituen figura bat.

Gurean auzolanaren bidez hainbat lan burutu izan da eta burutzen da egun ere. Tradizionalki, auzolana definitzerakoan nagusiki herri bateko azpiegitura komunak eraikitzeko, zaintzeko eta mantentzeko sistemari erreferentzia egin zaio; hala nola, bideak, zubiak, iturriak, ur-askak edota ur-bideak. Alabaina, Mitxeltorenak gogorarazi duenez, “batzuetan auzolana deitu izan zaio etxe jakin bateko beharra asetzeko egin den lanari”.

Gizartea aldatu ahala, auzolanaren adierazpena ere itxuraldatuz joan da zenbait kasutan. Amaiurren (284 biztanle zituen 2010ean), esaterako, kulturaren alorretik heldu diote eredu honi, eta hala, auzolan bidez egiten dituzte herria eta bertako ondarea jendarteari zabaltzeko bisita gidatuak. “Herria dinamizatzeko eta herritarren ahotik hemengo historiaren berri izateko helburuarekin sortu da ekimena”, azaldu digu Juan Mari Aleman Amaiurko zinpeko alkate izandakoak. Bestelako ekimenak ere gauzatu dituzte, ildo beretik, iaz uztailean estreinatu zuten Amaiur 2012: Haien ametsa gurea da ikuskizun artistikoa kasu. “Iparraldekoekin elkarlanean Nafarroako eta bereziki Amaiurko historia kontatzen zuen emanaldia izan zen”. Aranzadiko kideekin batera, Amaiurko gazteluko indusketa lanetan laguntzen ere bizilagunak aritzen dira udaro. Alemanek nabarmendu duenez, Amaiur herriaren kasuan iraganeko ondarea berreskuratzeko ezinbesteko baliabidea izaten ari da auzolana. Urtero errepikatzen den auzolana ere aipatu digu zinpeko alkateak: besten aitzinetik herria bera eta baserrietara iristeko bide nagusiak garbitzen dituzte denen artean.

Amaiurtarrak eta zarauztarrak herria biziberritzen

Herri txiki, ertain nahiz hiri handiagoetan egiten da auzolana. Ñabardurez mintzatu zaigu Jasone Mitxeltorena: “Leku fisikoak baino, kultur ereduak bereizi beharko genituzke. Hau da, izan daiteke fisikoki herria, baina herri izatearen sentsaziorik ez izatea edota auzokoen arteko harremanik ez egotea”. Errealitate hori azken hamarkadetan gailendu da, etxebizitza eraikitze handiek eraginda batik bat. Hirietan –duten egituragatik– ez da hain erraza horrelako harremanak sortzea. Aitzitik, gerta daiteke auzo batean komunitate lotura estua izatea, eta kasu horietan, elkarlanean aritzea. Jai herrikoiak, auzo elkarteak, gaztetxeak… dira horren adibide, Euskal Herrian dugun herri mugimendu aberatsetan joera handia baitago auzolanean antolatzeko.

Zarautzen, esaterako, Hatorr auzolanera! ekimena abiarazi dute, galdurik dagoen auzokideen arteko harremana sendotzeko zein herria biziberritzeko asmoz. Zarautz ez da txikia (22.652 biztanle ditu) eta komunitatea sortzeko zailagoa da, baina horretan ari dira, proiektuko kide Inhar Agirrezabalen arabera: “Lan egiteko bitarteko komunitario bat sustatuz eta elkartasunean oinarrituz, eragile eta elkarteentzat topagune izan nahi dugu, behar batzuei erantzuna emateko eta komunitate sentsazioa garatzeko”.

Hainbat zarauztar batu da auzolanaren inguruan teoriatik praktikara jauzi egin nahian, eta era berean, ondarea berreskuratzeko. Izan ere, ehun urte bete dituen torreoia erortzekotan zegoen, eta historikoki zuen balioaz jakitun, zaharberritzea erabaki zuten. Horrekin batera, natur taldearekin elkarlanean espezie inbaditzaileak garbitu eta auzo-konpostguneak eraiki dituzte. Dagoeneko martxan da eta zortzi familiak konposta egiten dute bertan. Agirrezabalen esanetan, lan horiek aurrera ateratzeko denetariko jendea bertaratu da. Egutegi bat diseinatzekotan dira, eremu ezberdinetan jarduten dutenekin auzolan zehatzak burutzeko.

Larrialdiei erantzuteko

Larrialdi egoerek ere batzen dute jendea. Iazko azaroko uholdeak ditugu lekuko: Donostiako Martutene eta Loiola inguruak garbitzeko bizilagunen laguntza eskatu zen, eta ondo erantzun zuen jendeak. Baliabide ekonomikorik ez dagoenean, irtenbide aproposa da auzolana. “Nafarroako eta Arabako herri txikietan ez dute beste hainbat herrik adina diru-laguntzarik, eta auzolanari esker egin edo moldatu izan dituzte frontoiak, baselizak, herriko plazak eta karrikak”. Amaiurren kasuan, adibidez, independentea zenean –1969. urtean sartu zen Baztanen egiturapean–, baliabiderik ezean auzolan bidez egiten zituzten lan gehienak.

Beharrei aurre egiteaz gain, bestelako onurak dakartza auzolanak, horren agerikoak ez izanagatik zinez baliotsuak. Elkarrizketatuek, nagusiki, herrian eta herritarren artean sortzen den harremanean eta kohesioan duen eragina goraipatu dute: “Auzolana egiten duten edo egin izan duten herrietan komunitate lotura estua dago eta horrek ahalbidetzen du taldean aritzea eta gauzak egin ahal izatea sistema honen bidez”, azpimarratu du Mitxeltorenak. Herritarren arteko harremanak sendotzen laguntzen du eta hori, gerora, egunerokoan mantendu eta nabaritzen da. Juan Mari Alemanek gaineratu duenez, “ilusioa sortzen du, auzolanera joaten denak lan egiteaz gain ongi ere pasatzen duelako eta sentsazioa arras ona izaten da. Hemen denok elkar ezagutzen dugun arren, elkarbizitza sendotzen laguntzen du”.

Mitxeltorenak beste ezaugarri bat azaleratu du: “Oraindik ere auzolana martxan duten herrietan azpimarratzen dute norberaren herriaren alde egiteak dakarren asebetetzea”. Halaber, gauza jakina da norberak bere eskuekin egin duena hobeto zaintzen duela, bere egiten duelako nolabait. Inhar Agirrezabalek Zarauzko esperientzia du hizpide: “Torreoiaren kasua oso esanguratsua da; bi hamarkadetan zehar zaharberritzeko saiakerak egin izan dira eta jasotako erantzuna izan da ez zegoela baliabiderik, errentagarritasunik ikusten ez ziotelako. Aitzitik, herri moduan horrelako lan bat egiteko gai izan gara, eta horretaz jabetzea sozialki kristorena da”. Herri eta komunitate gisa askatasuna dakar auzolanak, hori ere ez da ahantzi behar.

Batzuetan araututa, besteetan hautazkoa

Gaur arte iraun duen lan-moldea izanik, zenbait lekutan arautu ere egin dute auzolana. Nafarroako eta Arabako herri txiki askotan auzolanaz mintzo diren ordenantzak aurki ditzakegu. Nafarroa Garaian, Tokiko Administrazio Legediak dio udal eta kontzeju guztiek dutela aukera beren legeetan lan sistema hau ezartzeko, baldintza batzuk jarraituz. Amaiurren kasuan, lehen derrigorrezkoa zen auzolana, nahiz eta borondatezko lanak ere beti egon izan diren. “Duela urte batzuk auzolan garrantzitsuak egin ziren, hilerria konpondu eta Amaiurko ur-sarea garbitu, besteak beste, eta horretarako egutegi batean zehaztu zen nork aritu behar zuen zein egunetan. Agertzen ez bazen, 30 euroko isuna ordaindu behar izaten zuen”, azaldu digu Alemanek. Egun, nahi duenak parte hartzen du, borondatezko lan bilakatu da; “halere, bada jendea auzolanera joaten ez dena, baina egindakoa eskertu nahirik jatekoak eta edatekoak eramaten dituena. Beste batzuek berriz, dirua ere ematen dute dauden gastuei aurre egiteko”.

Alabaina, urteen poderioz auzolana gauzatzeko baldintzak zorroztu direla gogorarazi du Mitxeltorenak, ezbeharren bat gertatuz gero segurua izatea kasu, eta horrek auzolana ordenantzetan ezartzeko unean eragozpenak sor ditzakeela uste du. Bestelako zailtasunak ere badaude, tartean azken hamarkadetan bizi izan dugun oparotasun materialak jendea kulturalki aldatu izana. Dena den, arrazoizkoa litzateke pentsatzea bizi dugun krisiak berpiztu dezakeela auzolana, besteak beste udalek ez dutelako garai batean zuten baliabide ekonomikorik hainbat eginbeharri aurre egiteko. “Jende batek uste du udalaren ardura direla egitekook, baina udal eta gobernuetatik gero eta baliabide gutxiago iristen da”, gogoratu du zarauztarrak. 

Etxalartarrak, ildo beretik, ez du uste egungo sistemaren porrotak automatikoki ekarriko duenik auzolanerako edo kolektiboki gure beharrak asetzeko joera. Nolanahi, auzolanak bere baitan dituen filosofia eta baloreak bizirik ikusten ditu Euskal Herrian, eta horren erakusle dira  azken urteetan abiarazi diren ekimenak. 

Egitasmoak herritarrek eurek abiarazi dituzte batzuetan, eta udalak izan dira akuilu bestetzuetan. Historikoki batzarrari lotuta egon da eredua, Mitxeltorenaren hitzetan: “Batzarretan herritarrek zuzenean hartzen zuten parte eta erabakitzailea zen, herriari zegozkion kontuak bertan erabaki, antolatu eta auzolan bidez gauzatzen zituzten”. Batzar horien bidez jarraitzen dute Amaiurren auzolana kudeatzen. Egin nahi diren lanen proposamenak bertara eramaten dira eta aurrera egin edo ez erabakitzeaz gain, auzolan horretarako araudi zehatza finkatzen da. Materiala erosteko dirurik ba ote dagoen eta dirua nondik lor daitekeen ere eztabaidatzen dute, besteak beste. Batzarra herritar orori irekia dago eta zinpeko alkateak eta lauzpabost kargudunek kudeatzen dute, horiek arduratzen dira batzarra deitzeaz eta bando bidez zabaltzeaz.

Egun, oro har erabakitze gune horiek herritarrengandik urrundu dira eta tokian tokiko errealitatearen arabera jokatzen da. Zenbait lekutan, udala bera ari da auzolana berpizteko ahaleginetan, eta kasu horietan Mitxeltorenak dio garrantzitsua dela prozesuan hasieratik herritarrak aintzat hartzea. “Tradizionalki auzolana existitu izan den herrietan ikus daiteke udalak kudeatzaile rola hartu arren, herritarrek auzolana bere sentitzen dutela”. Udalaren eta herritarren interesek ez dute beti bat egiten, ordea. Zarautzen, Agirrezabalek kontatu digu udalari euren asmoen berri eman eta hark baliabideak jartzeko prestutasuna agertu izan badu ere, euren kabuz aritu direla. “Herritik sorturiko zerbait izanik, herriak berak eraman behar du horren gidaritza, baina herritarren baliabideak udalak kudeatzen dituen aldetik, laguntzea dagokio udalari”.        

Antzinako sistema, hortaz, abangoardia da egun oraindik, berritzailea baita antolatzeko eta jarduteko modua. Hala uste du Mitxeltorenak. “Gure arbasoek emandako ondare honi esker bizirik iraun dugu herri moduan XXI. mendera arte, eta hemendik aitzinera ere, herri nola pertsona gisa bizirauten lagunduko digu”.

Burujabetza helburu

Euskal Herrian Auzolan ekimena auzolanaren kultura ondarea onartzeko, indarberritzeko eta zabaltzeko sortu zuten. Usurbilen lehen topaketa egin zuten eta bigarrena Altsasun, pasa den irailean. “Egungo jendarte ereduarekin gure beharrak asetzea ezinezkoa dela ikusirik, bertze eredu baten bila hasi ginen, eta, ohartu ginen bazirela dagoeneko Euskal Herrian bertan eta Euskal Herritik at hainbat mugimendu norabide horretan lanean zebiltzanak; bide horretan sakondu nahiak eraman gintuen Auzolan mugimendua sortzera”, azaldu du Jasone Mitxeltorenak. Egun ez bezala, garai batean herrietan nola eskualdetan buruaskitasun maila handia zen eta hori berreskuratzeko xede garbia dute. Horretarako, molde berrietara egokitu nahi dituzte antzinako erreferenteak. Tokian tokiko burujabetza lortzea, bai eta Euskal Herri kanpokoekin sare moduan jokatzea dituzte helburu. Hots, lekuan lekuko ekimenak sustatzea eta Euskal Herrian abian diren esperientziak jaso eta elkarrekin harremanetan jartzea, elkarlotzea eta zabaltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude