Neurrigabea, inkognitaz josia

  • Zentral nuklearrak eraistea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, erradioaktibitateak eragiten duen amesgaiztoa ez baita planta ixtearekin batera amaitzen. Prozesu arrunt luzea eta ikaragarri garestia da atzetik datorrena, baina batik bat, ezezaguna, zientzialaririk jakintsuenak ere sasi-eskola egiten dutenen pare uzten dituena. Kontuan hartzeko baldintzak, krisi garaiotan aitzakia bila dabiltzanentzat.

Txernobilgo 4. erreaktoreari egin beharreko estalki berriak
Txernobilgo 4. erreaktoreari egin beharreko estalki berriak "“Munduko Zortzigarren Miraria deitu izan zaio"“ aspaldi behar zuen bukatuta. Lehendik duen hormigoizko sarkofagoak pitzadura larriak eta beste ditu. Kutsatzen jarraitzen du.

Denborak aurrera egin ahala, agortu egingo dira Garoña zutik edukitzeko aitzakiak. Gero eta hurbilago dago zentral nuklearra eraisteko pausoak emateko unea, eta honenbestez, gero eta zailago dute horretarako iragarritako epeari, aurtengo uztaila, luzapenak asmatzea. Batek baino gehiagok ospatuko du berrogei urte bete dituen zentralaren itxiera eta askorentzat historiarako geldituko den gertaera bilakatuko da.

Zentralak ez du dagoeneko elektrizitaterik sortzen, baina muinetik darion erradioaktibitatea ez da uztailean etengo. Nuclenor enpresak eraiste-plangintza aurkeztu beharko du tartean, eta plangintza hori ezagutu arte ezer gutxi ziurta baliteke ere, ez genuke harritu beharko Garoñako zentralak hartzen duen eremua beste ehun urtez –gehiago ez badira– erabiltzerik ez balego. Hainbat dira munduan itxi behar diren zentral nuklearrak, eta horretarako planteamendu estandarrak baldin badaude ere, horietariko zentral bakoitza laborategi bakan bilakatuko da.

Zentralak jendearen borondatez itzaltzea gauza bat da. Arrunt bestelakoa da istripuz edo matxuraz itxi behar izatea. Gogoan ditugu Txernobil eta Fukushima, baina Kataluniako Vandellos I ere akatsengatik itxi zuten.

Krisi ekonomikoaren aitzakian

Zentral nuklearren eraisteak zer nolako dimentsioa hartzen duen, hiru datuk adierazten dute ondoen. Bat: kasurik gehienetan ehun urtetik gora behar dira eraiste prozesua amaitzeko. Esan nahi baita, egun bizi garenok ez dugu zentral nuklearren eraiste erabatekoa ezagutuko. Bi: ehun milioika euro behar izaten dira langintza behar bezala burutzeko, eta honenbestez, erraz da imajinatzea zeregin hauek baztertzeko tentazioak ugariak izango direla, edo azkar eta baldar joka litekeela, sosak aurrezte alde. Eta hiru: zentral nuklear arruntak erradioaktibitate-maila ezberdinetako 10.000 m3 hondakin sortzen du. Hondakin erradioaktiboenak zentralaren muinean aurkituko ditugu, erregaia egon den tokian, baina muina osatzen duten elementuak tratatzeko modurik ez dago. Hor nonbait pilatuko dira, beraz, ontziak eta gainerakoak. Zentraleko porlanezko hormei eta gainerako elementuei, bestalde, ehun urte pasatsutan apalduko zaie erradioaktibitate maila, edo hala uste da behintzat.

Garoña txikia da martxan diren beste zentralekin alderatuta, eta aditzera eman izan zaigunez, ez du istripu larririk izan funtzionatu duen bitartean. Hortaz, eraiste “normala” espero beharko genuke. Alabaina, artikulu hau irakurriko duen inork ez du jakingo benetan Garoña behar bezala eraitsiko ote den, ez baita ehun urte barru biziko. Hortaz, eta gerratan esan ohi den bezala, irabazlea gehien irauten duena baldin bada, Garoña guk itxiko dugu, baina hura izango da benetako irabazlea.

Arestian aipatu bezala, bete-betean harrapatu gaituen krisi honen eraginez batez ere, itxi diren lantegiak eta saldu ezin izan diren etxe erdi-eraikiak gero eta egoera penagarriagoan ikusten ditugu. Zerbaitek produzitzeko balio ez badu, bertan behera uzten da, abandonatuta. Nola ziurtatu, beraz, Garoñako hondakinek trataera egokia izatea? Nuclenorrek edo Iberdrolak ordainduko dute, baldin eta argiagatik hilero ordaintzen dugun kuotan zentrala eraisteko zatia ordaintzen badugu, eta honenbestez gu geu izango gara eraisketa ordainduko dugunak. Gure osasun zerbitzuak edo erretreta ordaintzeko sistema zalantzan dagoen honetan, nola arraio joko ditugu ziurtzat, nola sinetsiko diegu zentrala eraisteko hartu beharreko lanak bete egingo direnik? Arazo ekonomikoak tarteko, atzeratu egin dira Txernobileko zentralari jarri beharreko porlanezko esferari dagozkion lanak. Eta Vandellos I-eko itxieran hiru urtetik gorako desfasea daramate arazo tekniko, logistiko eta ekonomikoak direla kausa.

Hamarkada honetan, ia 500 zentral nuklear izango dira martxan munduan, eta horietarik 200, hamar urte hauek pasa baino lehen hasi beharko dute eraisten. Eraitsi beharreko zentralak gutxi batzuk izatea edota 200 izatea ez da berdin. Zergatik? 200 arazo potolo izango ditugulako paraleloan, eta krisi garaian. Hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Koktel ikaragarri lehergarria da esku artean duguna. Zentral batzuk erakitze bidean dira, beste zenbait eraisteko zain, beste batzuek istripua ezagutu dute, eta hainbatekin ez dugu jakingo zer egin. Ez dago ihesbiderik. Garbi dago nuklearrak bizitza baldintzatuko duela datozen mendeetan.

Energia nuklearraren aldeko apustua egin duten zenbait estatu aberatsek zalantzan jarri dute orain arteko euren estrategia, Alemania eta Frantzia kasu. Beste batzuk, aldiz, indartu eta areagotu egingo dute. Esate baterako Txinak eta Japoniak (bai, Fukushimakoa gertatuta ere). Estimazio batzuen arabera, hogei urte barru 900 zentral nuklearretik gora izan ditzakegu munduan, gaur dagoenaren bikoitza.

Zientziak ordea, aurrera egingo du, eta pentsatu nahi dut, halabeharrez, gure seme-alabek aurkituko dutela erradioaktibitatearekiko bizitza-oreka, baina zenbait belaunaldik minbizi orokorrari egin beharko diote aurre, horrekin bizitzen ikasi beharko dute. Lur erradiatuen eraginez, derrigorrezko populazio migrazioak gertatuko dira eta sistema ekologiko osoak transformatu eta desagertuko dira.

Zentral nuklearren eraiste faseak

Lehen  etapa

Lehenengo eta behin, erregaia, kontroleko barrak eta likido kutsatuak erretiratzen dira. Zirkuitu primarioari kutsaduraren aurka jarritako babesa mantendu egin behar zaio eta nolabaiteko irekidura duten elementuak (balbulak, tapakiak, tutueria...) itxi behar dira, ondo zigilatu. Eraikina bere horretan mantendu behar da eta erradioaktibitate azterketak, alegia kontrol-neurri guztiak, pasatu beharko ditu, zentrala martxan balitz bazala.

Bigarren etapa

Zirkuitu primario  edo nagusiko babesa sendotu behar da, itxierak areago itxi, normalki hesi berriak eraikiz. Hortik kanpo gelditzen denari erradioaktibitatea neurtzen zaio eta ematen duen mailaren arabera, garbitu, desmuntatu edota bere horretan utzi beharko da. Erradioaktibitatearen kontrola ez da aurreko fasean bezain zorrotz beteko, baina azterketak ezinbestekoak dira. Jakina, baita pertsonen gainekoak ere.

Hirugarren etapa

Zentrala osatu duten elementu guztiak desmuntatu eta desegin egin behar dira. Kutsadura garbitu ondoren, zentralak hartzen zuen orubea libre da.

Gaur ezagutzen ditugun zentralak inoiz hirugarren etapara helduko ote diren ikusteke dago. Izan ere, etapa batetik bestera pasatzeko urteak behar dira –kopurua, hondakinen erradioaktibitate mailaren araberakoa da–. Kasurik optimistenean 110 urte behar dira hirugarren etapara heltzeko. Nolanahi ere, ezinezkoa izango da orubearen lurra, geruza freatikoa eta ekosistema zein egoeratan izango diren aurreikustea.

Bestelako susmorik ere bada etapa hauei dagokienez. Izan ere, krisi ekonomikoak, energia nuklearraren gaineko ezezagutzak eta hondakin biltegien kopuru urriak zaildu egiten dute hirugarren etapa horren alde amestea.

Kontuan hartu beharreko estrategiak

Berehalako eraistea

Zentrala desaktibatu ostean, erregaia azkar samar atera eta zenbait urteren bueltan zentrala osatzen zuten elementuak desmuntatzen hasten dira.

Epe ertaineko eraistea

Erregaia atera ondoren zentrala “egoera pasiboan” uzten da, ehun bat urtez geldirik, elementuen erradioaktibitatea makaldu zain. Ondoren, erradioaktibitate mailaren arabera beti ere, eraisketa dator.

In-situ hilobiratzea

Zentral nuklearra porlanez, harriz eta lurrez estaliko litzateke, haren gainean mendia osatu arte (irudian). Eraitsitako elementu erradioaktiboak tratamendu zentroetara edo hondakintegi seguruetara garraiatzeak ekarriko lituzkeen eragozpenak izan zituzten gogoan, proposamen hau aurkeztu zutenean.

Aukera teorikoak dira hirurak ala hirurak, oraindik ez baita inoiz zentral nuklearrik fundamentuz itxi. Zenbait eraiste bidean dira, baina horien berri apenas zabaltzen da. Urriak dira datuak. Berehalako eraisteak ez dira gertatu, erradioaktibitatearekin lan egiten duten laborategi txikietan ez bada. Datorren hamarkadan ehunka izango dira eraitsi beharrekoak eta une honetan ez da aski laborategi epe motzean pilatuko diren hondakin erradioaktibo horiek denak paraleloki tratatzeko. Laborategi berriak eraikitzea, garesti ez ezik, arazo ere bada, tokian tokiko biztanleek aurkako jarrera aktiboa hartzen baitute. Frantzian, kasura, gero eta argiago ageri da in situ hilobiratzearen aldeko postura.

Frantziako Estatuan datozen 25 urteetan 58 zentral nuklear eraitsi beharko dituztela kontuan hartuta, 30.000 milioi eurotik gorako gastua aurreikusi zuten François Lampérière eta Christian Ngò ikerlariek, eta erantsi, goranzko desbiderazioa ikaragarria izan daitekeela, ezin delako jakin zentral bakoitzaren egoera zehatza zein den. Halaber, aitortu zuten 600.000 m3-tik gorakoa izango litzatekeela hondakin kopurua, eta ez dagoela aski biltegirik hori guztia hartzeko eta tratatzeko.

Proposatzen duten alternatibak %60-80 txikituko luke kostua eta 10-20 urtez besterik ez litzateke babestu beharko, erradiazio-maila epe horretan apalduko litzatekeela estimatzen delako. Ez dute baztertzen hilobi erraldoi horien kontrako kexa azaltzen duten herriak konpentsazio ekonomikoz limurtzea.

Itxura eman badezake ere, ezin liteke zientzialari malapartatu pare baten burutazio zorotzat hartu. Ziurrenik estrategia hau erabiliko da Txernobilen eta Fukushiman, eta energia nuklearra baliatzen duten herrialdeetan ere kontuan hartu dute hipotesia. Besteak beste Espaniako Energia Nuklearraren Kontseiluak.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude