Trukearen mitoa

Gure ekonomiaren oinarri indartsuenetakoa trukea da. Dirua –trukearen artekari famatuena– izanez gero,  edozer sal/eros daiteke: ondasunak deitzen direnak, baina, baita ere “txartasunak”. Diruarekin sal/erosten dira gorputzak, emakumeenak batez ere; armak, herriak suntsitzeko erabiltzen direnak; plazerak, errealitatea desitxuratzeko balio duten drogak; osasuna, farmazeutikatik kontrolatzen baitira sendagaiak; eta bizitzak, batzuek erailez lortutako gorputz atalak ere sal/erosten baitira.

Diruarekin sal/erosten dira borondateak, intentzioak, balioak, eta helburuak; boterea, sinesmenak, gizabanakoak eta herriak. Dirua bera ere, eros daiteke, erosi. Eta txarrena, diruarekin erosten da lan indarra, langilearen izerdia trukerako merkantzia bihurtuaz, gizakien arteko menpekotasuna, eta gehiengoaren zapalketa, iraunkortuz.

Jendarte honek, izan ere, eremu itxi eta bakar batean jokatzera behartzen gaitu: trukearen eremuan. Hemen dena ekoizten dugu, ez behar dugulako, trukea egin eta kapitala gehitzeko baizik. Erokeria hutsa, baina sakonki errotuta daukaguna.

Edonori honi buruz galdetuz gero, esango digu zerbait sobera daukagunean, bestearengana joan, eta ez daukagun zerbaitegatik trukatu egiten dugula, ezinbestean; eta horrela, gainera, bi aldeek onura ateratzen dutela. Barne-barnetik sinetsi izan dugu trukea gizakiaren izaerari dagokion zerbait dela, ia-ia biologikoki edo genetikoki dagokiguna.

Gezur potoloa da hori, noski, ipuin hutsa, eta aldi berean, dagoen sistema ekonomikoari babesa ematen dion ideia gaiztoa (irakur David Graeber). Zerbait soberan daukagunean, gure joera ez da hori trukatzea, ingurukoei banatzea, gordetzea edo botatzea baizik. Eta zerbait falta bazaigu, daukagunarekin konformatzea da gure joera, eta ez, falta zaigun hori, daukagun beste zerbaiten trukean, derrigorrez, lortzea.
Trukaketa jokaera hausnartu eta elaboratuegia da oinarrizkoa izateko, eta esango nuke, historian zehar, boteredunek, produkzio bideak kontrolpean izan dituztenek, indarrez behartu gaituztela horretara, eurak aberasteko, eta gu menpean hartzeko, trukean kateaturik. Gero, egoera babesteko, mitoak sortu dituzte, trukearena, esaterako, eta guk, inozoak, sinetsi.
Hori horrela, gure jendartea hobetze aldera, nik proposatuko nukeena zera da, ahalik eta giza eremu gehien trukearen beharretik aldentzea, jendartea dimentsio-bakartasun horretatik askatzeko. Truketik kanpoko espazioak sortu behar ditugu, sistematikoki, beste modu bateko antolakuntzari tokia eginez, eremu hori gradualki, ito arte.

Agian gehiegitxo, otu zait bigarren aldiz irakurri dudanean. Urrutiegi joan ote naiz?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude