“Hemen bandera gorria airean ibili da langileek hilabete luzez okupatutako hainbat fabrikatan, petankan aritzen ziren bitartean, emaztea eta seme-alabak lagun. Handik pasatzean entzundakoek oinarrian kutsu askoz gogorragoa zuten sindikatuen aldarrikapenek baino. Sindikatuak Gobernuarekin sokatira penagarrian ari ziren bitartean, hemengo %5 eta hango %8, fabriketako hormetan eskuz idatzitako eskabideak harrigarriak dira, egungo zerga sistema konplexua kontuan izanda:
‘Ez gara hain tentelak. Etekinetan parte hartzea? Ugazabei zergak arinduz eta gizarte segurantzari egiten diogun ekarpena handituz, esku batekin kentzen diguzue bestearekin ematen diguzuena. Kontzientzia askatasuna, bai; erlijioarekiko errespetua, baita ere; eskola pribatu klasistak diruz laguntzea gure eskola publikoak irakasleko 70 haurreko inurritegi bihurtzen diren bitartean, ez. Indartsuak gara, lagunkideok, baina honek ez du iraungo, ez gara aberatsak izango soldatak %10ean igota, laster liberaren baliogutxitzea etorriko da. Eska dezagun zor zaiguna, gure zergek gure gaixoentzako ospitaleak ordaintzeko balio dezatela, haurrentzako eskolak ordaintzeko, garraiobide publikoak hobetzeko eta ez pribilegiodunentzat autopistak eta aparkalekuak egiteko, eraikuntza enpresak diruz laguntzeko eta soldatapekoen kolektibitateak eskolak eta segurtasuna beregain hartzen dituelako 400 liberako soldatak ordain ditzaketen nagusiei emateko. Eta babes ofizialeko zuen etxeak ordaintzeko ere balio dezatela. Estatua da ugazabei 45 urterako eta %2ko interesean dirua maileguz uzten diena, %8ko mozkinak lor ditzaten beste guztien bizkar. Guri dirua 45 urtetan ordaintzeko eta %2ko interesean uzten al digute etxea eraikitzeko? Askatasun sindikalaren eskolak, bukatu dira kapitalaren lukurreriazko mozkinak politika sozialaren aitzakian. Eskolak bai, karitatea ez’”.
* Núria Salles-ek Josep Fontanari bidalitako gutuna.