Iruñea, 1808ko otsailaren 8a. D’Armagnac jenerala buru zuen frantses soldadu taldea hirira iritsi zen. Erronkariko bailara eguraldi kaxkarrarekin eta baldintza gogorretan zeharkatu ondoren, 2.000 soldaduek Nafarroako hiriburuan hartuko zuten atseden, aurrerago Portugalerako bideari berriro heltzeko.
Hilabete batzuk lehenago, 1807ko urriaren 27an, Espainiako Karlos IV.a erregearen balido Manuel Godoyk eta Napoleon Bonapartek Fontainebleauko Ituna sinatu zuten. Itunaren arabera, bi potentziek Portugal batera inbaditzea erabaki zuten, Portugal ingelesen aliatua baitzen. Horretarako frantziar tropei Iberiar penintsula zeharkatzeko baimena eman zien Espainiako erregearen ordezkariak. Portugal ez ezik penintsula osoa inbaditzeko frantziarrei ateak parez pare zabaldu zizkieten, alegia.
Teorian, itunak zioenez, frantziarrak aliatuak ziren, baina iruindarrek susmo txarra hartu zieten “inbaditzaile baketsu” haiei, besteak beste, 2.000 gizoni ostatu emateaz gain, jan-edanak ere musu truk eskaini behar zizkietelako. Eta mesfidantza horrek oinarri sendoa zuen: Murat mariskalak zitadela hartzeko agindua emana zion ordurako D’Armagnac jeneralari.
Egun gutxitan soldadu frantziarren kopurua bikoiztu egin zen. 4.000 soldadu nahikoak ziren zitadela hartzeko, baina frantziar jeneralak, ahal zela, ez zuen gotorlekua indarrez hartu nahi. Hala, Nafarroako erregeorde eta kapitain jeneral Vallesantoroko markesarekin bildu zen. Buruzagi frantziarrak hainbat soldadu Iruñean kantonatzeko baimena eskatu zion Vallesantorori, baina hura luzamendutan ibili zen, erabakia bere esku ez zegoela eta baimenak zuzenean Madrildik etorri beharko zuela esanez. Diplomaziak bide laburregia egin zuela ikusita, D’Armagnacek estrategia militarrera jo zuen: Robert kapitainarekin bildu zen erasoa planifikatzeko.
Otsailaren 15tik 16rako gauean, Robert kapitainak 100 soldadu bikainenak aukeratu zituen eta, itxuraz armagabetuta, gauero bezala, zitadelako atera hurbildu ziren eguneroko ogi errazioak jasotzeko. Bezperan elurra gogotik bota zuen, baita ingurua ederki zuritu ere, eta Robert buru zuten soldaduetako batzuk elkarri elur bolak jaurtitzen hasi ziren. Zitadela defendatzen ari zen taldea ezohiko gudu hartaz trufatzen ari zela aprobetxatu zuten gainerako frantsesek gotorlekua erraz hartzeko. Egia esan, arreta galarazteko maniobra ez zen hain merezimenduzkoa izan, zitadela gerraren artean prestakuntza urria zuten boluntario gutxi batzuek defendatzen baitzuten. Ez dakigu zenbat elur bola jaurti zituzten gudu hartan, baina zitadela tiro bat bera ere bota gabe hartu zuten.