Lankideak bidelagun

  • Gutxi dakielako, akatsak egingo dituelako, blokeatu egingo delako, lotsagatik... mila arrazoi ditu euskara ikasten hasi berriak lankideekin euskaraz ez egiteko. Batzuetan ordea, lankideak dira euskaraz erdipurdi dakienari mingainetik tira egiten dietenak. Mari Carmen Matthiesek eta Itziar Redondok askatu dute mihia. Mielanjel Haranak berriz, Luis Albertori lagundu dio erabilerarako jauzia egiten.

Euskaraz gutxi jakin arren hitz egiten saiatuko zela erabaki zuenean lankideek berba egitera animatu zuten.
Euskaraz gutxi jakin arren hitz egiten saiatuko zela erabaki zuenean lankideek berba egitera animatu zuten.

Helduaroan euskara ikasi duten langileek lankideekin gaztelaniatik euskarara egin dituzten ohitura-aldaketa prozesuak, eta langile horiek euskara ikasteko jarraitu duten ibilbidea ikertzea izan da Aldahitz ikerketaren helburu orokorra. Zortzi langileren kasuak aztertu dituzte; herri erakundeetakoak zein enpresa pribatuetakoak, eta zonalde soziolinguistiko ezberdinetakoak. Ikuspegi kualitatibotik bideratu dute ikerketa-lana, eta kasu guztietan agertu diren alderdiak identifikatu dituzte. Elkarrizketa izan da informazioa jasotzeko erabilitako metodologia. Langile bakoitzari egindako elkarrizketaz gain, euren euskara irakasle izandakoekin eta euren lankideekin ere hitz egin dute. Testigantza horien guztien bidez ikusi dute zein izan den langile horien hizkuntza-bilakaera eta zein baldintza sozial eta pertsonaletan izan den posible langile hauek lankideekin euskara normaltasunez erabiltzera pasatzea. Soziolinguistika Klusterrak gidatu du ikerketa-lana hainbat erakunderen laguntzaz: AEK, EMUN, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hernaniko Udala eta Elhuyar Aholkularitza.

Langile bakoitzak baldintza eta ezaugarri jakinetan garatu du prozesua, baina badira hainbat gako kasu gehienetan antzeman dituztenak. Orotara, hamar bat ondorio nagusi atera ditu Soziolinguistika Klusterrak; ondoko leihoan zerrendatu ditugu idazpuruetan. Jarraian, atera dituzten ondorioetatik hiru ideia azpimarratuko ditugu.

Euskararen erabilera ez da izan, aztertu dituzten langileen kasuan, prozesuaren amaieran agertu den zerbait. Hizkuntzaren erabilera goiz hasi da, eta behin agertuz gero, prozesu osoaren bultzatzaile nagusia izan da. Erabilerari esker, hizkuntza-gaitasuna hobetu egin dute langileek, eta aldi berean, lankideekin hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte. Erabilerari esker, beraz, bat egin dute prozesu bakarrean euskara ikasteak eta euskaraz hitz egiten ohitzeak.

Hizkuntza-ohitura aldatu duten langile gehienek lankide euskaldun baten ezinbesteko laguntza jaso dute eta, oro har, lankide euskaldun horiengatik sortu da euskaraz hitz egiteko ekimena eta jokaera horri eusteko ardura. Langileen hizkuntza-jokaeraren funtsezko aldaketa, hortaz, bikoteetan gertatu da; euskaraz dakiten eta euskara ikasten ari diren lankide bikoteetan. Euskararen erabilera izan da prozesu horien guztien ardatza. 

Aztertu dituzten kasu gehienetan, inflexio-puntu bat egon da gaztelaniatik euskarara jauzi egiteko; “Hemendik aurrera euskaraz egingo dugu”, gisa honetako esapideak erabiliz, esaterako. Hizkuntza-arau berria une jakin batean, bat-batean, finkatu da gehienetan, eta ez pixkanaka. Hasieran, erdara makulu gisa erabili da hainbat zailtasunen aurrean. Gerora, ikasketa-prozesu bakoitza bideratzeko kudeaketa plan zehatzak ezarri dituzte.

Mielanjel Harana, euskara irakaslea

Harana 16 langileko herri administrazio bateko zerbitzuburuaren euskara irakasle izan da. Zerbitzuburuari jakitetik erabiltzerako jauzia egiten lagundu dio.

Beste langile baten kasua ezagutzeko, haren euskara irakaslearengana jo dugu. Mielanjel Haranarekin (Amasa, 1958) hitz egin dugu. Donostiako Ilazki euskaltegiko irakaslea da eta 34 urte daramatza irakaskuntzan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Alet programako hizkuntza-trebatzailea izan da urte askotan. Egun, eszedentzian dago.

Luis Alberto (ezizena) herri administrazio handi samar bateko zerbitzuburua da; 16ren bat kidek osatzen dute lan-taldea. Orain 20 bat urte hasi zen lanean bertan; erdaldun petoa zenean. Garai hartan, lantokiko bizpahiru kide ziren euskaraz egiten zutenak. Hutsetik abiatu behar izan zuen ikasketa‐prozesua eta lantokian hasi zen euskara praktikatzen lankide batekin tratua eginda; euskara-maila baxua zeukaten biek. “Euskara ikasteko gogo handia zeukaten. Euskara baldarrean aritzen ziren biak; hitzekin borrokan. Horrelako erabakiak hartzea ez da normalena izaten. Luis Albertok motibazio handia zeukan euskara ikasteko; motibazio sentimentala. Ama euskalduna zuen; Alegiko baserri batean jaioa, eta txikitan herriko jaietara joaten zirenean, bere adineko gaztetxoak euskaraz ari zirela ikusten zuen, bertsolariak zeudela... Miresmena sortu zitzaion mundu horrekiko”.

Mielanjel Haranak euskaltegiko prozesu guztia egina zeukanean ezagutu zuen Luis Alberto. Ezagutzatik erabilerarako jauzia ematen lagundu zion; komunikatzea garrantzitsuena zela azpimarratuz, goi mailako euskara erabiltzea eta akatsik gabeko euskara egitea bigarren mailan utziz. “Abokatua da ofizioz; ikasten dakiena, eta hizkuntzaren egiturak oso ondo barneratu zituen euskaltegian, baina puzzle ondo burutuek ez zioten balio komunikatzeko. Nolabait esateko, deserakustera joan nintzaion. Kolpetik bertsolaritzara eraman nuen. Hizkuntza musika da, soinua, dantza. Testua partitura hutsa da; hizketari, aldiz, gorputzaren erritmoak eta espresioak jartzen dio bidea. Niretzat oinarrizko printzipioak dira. Ezin da hizkuntza erakutsi printzipio horiek gabe”.

Nola ikasi erabiltzeko

Hizkuntzak irakasteko metodologiaz eta horren garrantziaz luze hitz egin dugu Haranarekin. Praktikaren aldekoa da, finean; eta praktika konpartitzearen aldekoa. Honatx Haranaren hitzak: “Euskaltegiko prozesuan oso desbideraketa handia sortzen da ikasleengan, eta gaur egun, gehiago, esango nuke. Euskaltegiek hizketan erakusteko borondatea izan behar dute. Helduen euskalduntzeaz ari garela, ortografia, gramatika, estrukturak eta abar, erakutsi egin behar dira, jakina. Baina komunikatzeko ahalmena da garrantzitsuena. Euskarari protagonismoa eman behar zaio, akats gramatikalekin bada ere; euskaraz komunikatzeko gaitasun falta galanta dago, eta beldurra sobrante. Bestalde, administrazioko titulazioen kontuak ere eragin handia du. Irakasleentzat edo aztertzaileentzat errazagoa da, ikaslea neurtzeko, akatsak kontabilizatzeko azterketa egitea, beste bide batzuk jorratzea baino”.

Gaur egun, euskara da Luis Albertoren lan-hizkuntza eta baita lankide gehienena ere. Normaltasunez hitz egiten du euskaraz lankideekin, eta laugarren hizkuntza eskakizunaren jabe egin zen orain dela urte batzuk, ekimen pertsonalez. Luis Albertoren bilakaera eta zerbitzuaren bilakaera, oso uztarturik egon dira prozesu osoan. Orain urte batzuk Bikain ziurtagiria eskuratu zuen zerbitzuak.

Aldahitz ikerketako ondorioen inguruko balorazioa egiteko eskatu diogu Haranari: “Kasu guztietako langileek garaipen pertsonala izan dute; lortu dute euskaraz moldatzea, hobeto edo okerrago, baina euskaraz hitz egiteko gai dira. Aldaketa garrantzitsua egin dute. Luis Albertok ere garaipen pertsonala erdietsi zuen. Horrez gain, zerbitzuburua izanik, lortu du gainontzeko langileei transmititzea euskararen aldeko espiritua. Kasu gehienetan, langileen garaipena lankide baten laguntzari esker gertatu dela azaltzen da ondorioetan. Ondorio nagusi bat daukat nik, ordea: lankidearen behartze lanari esker gertatu da garaipena. Kontuan hartu beharrekoa da egongo direla beste bostehun kasu huts egin dutenak. Bospasei urtez euskara ikasten egon ondoren, ez die ezertarako balio ikasitakoak. Funtzionario askok esfortzu handia egiten dute euskara ikasteko. Baina, zertarako? Ez dute ondoan izan lankide motibatu horietako bat. Eta Lankide Handiak huts egin die: Administrazioak ez du lortu, orohar, langile multzoak euskaraz jartzerik; ez du haientzako diskriminazio positiborik ezarri, ez da erabaki eraginkorrik hartu, modua egon arren. 15 urteko atzerapena daramagu, eta euskarako funtzionarioak hizkuntza eskakizun estralurtarretan parapetatuta, beren boteregunea zaintzen. Ez dago borondate nahikorik”.

Itziar Redondo, informatikaria

Lankideak hizketan entzunez, berak gaztelaniaz idatzi eta itzultzaileak bidalitako euskarazko txostenak aztertuz... ikasi du euskara Itziar Redondok, natural eta nahi gabe, dio berak.

Informatikaria da Itziar Redondo (Gasteiz, 1973). 2000. urtean Eusko Jaurlaritzako informatika sailean hasi zen lanean, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako kideekin batera lan egitea egokitu zitzaion informatikan laguntza teknikoa eskaintzeko: Euskalterm, toponimia datu-basea, hiztegi elektronikoak… Euskararen erabilerari lotutako egitasmoak kudeatu behar izan zituen. Era berean, langune euskaldun batekin egin zuen topo. Euskara zen lankideen harreman-hizkuntza, bai maila formal eta informalean, bai kanpoko bezero eta hornitzaileekiko harremanetan ere. Garai hartan, Redondo ez zen euskaraz hitz egiteko gauza. Gaztelania da bere lehen hizkuntza eta ikastetxean jaso zuen euskararen oinarrizko ezagutza. “Hasieratik ohartu nintzen euskara zela lantokian ikasi beharreko lehenengo gauza. Era berean, txinera edo alemaniera ikasi behar izan banitu, badakit ikasiko nituzkeela. Gertuko lankideekin hasi nintzen pixkanaka euskara praktikatzen; beraiek egin zidaten euskaraz hitz egiteko lehen proposamena. Gaztelaniaz erantzuten nien nik hasieran, baina gerora, euskara erabiltzen hasi nintzen pixkanaka”.

Lantokian bertan egin du Redondok euskalduntze-prozesu nagusia; erabilerari lotutako ikas-prozesua izan da berea. Ez du euskaltegiaren aparteko beharrik izan ibilbide horretan, ezta hizkuntza era sistematikoan ikasteko beharrik ere. Euskaraz egiteko ohitura eta euskaraz egiteko gaitasuna prozesu berean garatu ditu. “Erronka hartu nuen informatikako tresna berri batekin bezala; argi neukan euskaraz hitz egiteko gaitasuna lortu behar nuela. Eta horretan saiatu nintzen. Egia esan, ez zitzaidan lan  nekeza iruditu. Ez nuen arazorik izan horretan jarduteko lankideei esker, eta pixkanaka lortu genuen helburua. Ez nintzen euskaltegira joan zortzi urte pasa arte, eta lortutako maila titulu batean islatzeko joan nintzen hara. 10. urratsean sartu ninduten zuzenean”.
Euskara ikasteko nola moldatu zen galdetu diogu: “Lankideek nola hitz egiten zuten hasi nintzen entzuten eta esaldien egiturak nola egiten zituzten barneratzen. Pixkanaka hitz egiten hasi nintzen; ikasten. Idatzizkoa lantzeko lankide baten laguntza izan nuen; testu laburrak, e-postak... zuzentzen zizkidan. Bestalde, informatikako txosten teknikoak ere, euskaraz idatzi behar izaten genituen. Hasieran, gaztelaniaz egiten nituen eta itzultzera bidali. Bueltan itzulita etortzen ziren txostenak aztertzen nituen: terminologia, egiturak... Txostenak neuk idaztea lortu nuen gero”.

Egun, EGA agiriaren jabe da eta lankideekin erabateko normaltasunez egiten du euskaraz. 4. HE ateratzeko prestaketa lanetan ere badabil. Lan munduan ikasitako hizkuntza etxera eraman du Itziar Redondok. Bi seme txiki ditu eta euskaraz hitz egiten du beraiekin. “Orain konturatu naiz prozesu horretan hizkuntza-ohiturak aldatu ditudala. Ez naiz ohartu orain arte. Informatikako tresna bat erabiltzen trebea izan naitekeen bezala, orain trebeagoa naiz euskaraz hitz egiten. Prozesu naturala izan da, nahi gabe lortu dudana”.

Mari Carmen Mathies, Osakidetzako langilea

Bermeoko Ospitalean lankide euskaldunez inguratua zegoen. Laster eman zuen izena hizkuntza-eskolan. Lankideek gogoz lagundu zioten euskararako bidaian.

Ez zuen giro euskaldunik ezagutu txikitan Mari Carmen Matthiesek (Bilbo, 1968); ikastetxean izan zuen lehen harremana hizkuntzarekin. Gustuko ikasgaia zuen Euskara; hori besterik ez. Gaztelaniaz hitz egiten zuen etxean gurasoekin, baita kalean ere lagunekin; euskara erabiltzeko aukera eta gune gutxi zituen garai hartan. Bere amak helduaroan ikasi zuen euskara gau-eskoletara joanez, eta EGA titulua ere atera zuen, gerora. Garrantzitsua izan zen hori Carmenentzat; euskara ikasten hasteko lehenengo bultzada. 2002. urtean haurdun geratu zenean hartu zuen, ordea, euskara ikasteko erabaki sendoa. Haurra izan zen motibazio nagusia; umearen ama-hizkuntza euskara izatea nahi zuen. Bere kabuz hasi zen, orduan, euskara ikasten; Bakarka metodoarekin.

2003an Bermeoko Ospitalean, Osakidetzan, hasi zen lanean giza baliabideen alorrean. Lan giro eta lankide euskaldunak topatu zituen: “Gauza berria izan zen hori niretzat, eta oso garrantzitsua. Lankide askok euskaraz hitz egiten zuten lanean, eta baita lanetik kanpo ere. Asko entzuten nuen euskara ospitalean”. Handik gutxira, Bermeoko hizkuntza-eskolan eman zuen izena. “Lankideei komentatu nien euskara ikasten hasi nintzela. Momentu hartan asko kostatzen zitzaidan euskaraz egitea eta ez nintzen ausartzen jendaurrean hitz egitera. Oso mugatua nengoen eta banekien akats asko egiten nituela; guztiz blokeatuta geratzen nintzen. Lankideek euren laguntza eskaini zidan euskara praktikatzeko. Euskaraz hitz egitera animatu ninduten”.

Lankideen laguntzarekin eta hizkuntza-eskolan ikasitakoarekin hasi zen poliki-poliki euskara erabiltzen, eta erosoago sentitzen. “Hasieran ez zizkidaten akatsak zuzentzen. ‘Txarto egin duzu!’ eta horrelakoak ez zizkidaten esaten. Alderantziz, asko animatzen ninduten: ‘Oso ondo ari zara!’, ‘Konturatu al zara zenbat hitz egin duzun gaur?’. Eta hori oso polita izan zen niretzat. Jasotako laguntza gakoa izan zen aurrera egin ahal izateko. Beste egoera bat aurkitu izan banu, bada igoal ez nukeen ezer lortuko”. Bermeotarrez hitz egiten zuten Carmenen lankide gehienek, eta euskalki horren erabilerak ez zuen Carmenen ikaste-prozesua zaildu. Hasieran, batueraren aldera jotzen zuten lankideek, laguntze aldera.

2008. urtean EGA agiria eskuratu zuen. 4. HE prestatzen ere hasi zen, hartara behartuta ez egon arren; lan-eremu formalean euskaraz erabateko normaltasunez jardun nahi zuen. Arazo pertsonalengatik alboratuta dauka egun, baina aurrerago helduko dio gaiari. Era berean, bere euskalkia aberasteko asmoa ere badu Carmenek. Egun, Morgan bizi da Carmen; giro euskaldunean. Lantokian egindako ibilbidea gogoratuz, gustura sentitzen da orain. “Lantokian edo kalean norbaitek zerbait galdetzen didanean, nik ematen diot euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko aukera. Lehen hitza euskaraz egiten dut beti. Orain hamar urte, ez nintzen hori egiteko gauza. Hizkuntza-ohitura aldaketa egin dut”.

Esperientziaren inguruko azken gogoeta egiteko eskatu diogu Carmeni: “Oso garrantzitsua izan da niretzat lankideek eskaini zidaten babesa. Momentu batzuetan beharrezkoa da laguntza hori aurrera egiteko, eta nik topatu nuen. Hor dago gakoa. Bestalde, norberak hartzen duen konpromisoa dago. Nik bere garaian laguntza jaso nuen, eta orain, saiatzen naiz beste batzuei ere laguntza eskaintzen”.

Ikerketaren ondorioak

- Erabilera ardatza da hizkuntza-ohitura berria eraikitzeko.
- Esperientzia nagusia “bikoteetan” gertatu da.
- Euskararen aldeko presioa kanpotik eta norberaren jarrera positiboa barrutik.
- Bidelagun euskaradun, euskaltzale eta euskalgile baten ezinbesteko laguntza.
- Hizkuntza-arau nagusia une batean aldatu da, ez pixkanaka.
- Harreman berria mamitu beharra, kideak egoera berriaren aurrean elkarri egokituz.
- Urtebete inguru behar izaten da erosotasuna egoera berrira etortzeko.
- Gertuko harremana eta maiztasun handia beharrezkoak dira.
- Konfiantzazko giroa hierarkia harremanen gainetik.
- Lantokia: euskaltoki nagusia.
- Hizkuntza-gaitasun mugatua ez da euskara erabiltzeko oztopoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude