Sabel alokatua

Amaia Lasa Alegria
2013ko urtarrilaren 20a

Filosofoen teoriei gainbegiratua botatzen badiegu emakumeez mintzatzen zirenean oso nahastuta ibili zirela ohartuko gara, gizonen izaerari buruz pentsatzen zuten gehienbat eta ez emakumearen izaeraz. Pentsalari horientzat beren berdina beste gizon bat zen.

Horrelako zerbait gertatu zitzaion Aristotelesi –ez dut zalantzan jartzen buru argitsua izan zenik–. Bere garaian biologiaren inguruan ideiarik aurreratuenak izan zituen honek zera kontatzen zigun: andrearen umetokian gizonak zigotoa jartzen zuela, uteroak gaur egungo inkubadora bat lez jokatzen zuela, umetokian bertan umekia garatzen zela haur izan eta jaio arte.

Badirudi, XXI. mendean horrelako zerbait uste duen jendea badagoela oraindik ere, uste horren adierazleak sabel alokatuak ditugu. Egungo gizartean murgildurik gauden norabiderik gabeko merkatu erraldoi honetan emazteen sabelak alokatzen dira. Horiek azokako edozein produktu balira bezala eskaintza-eskariaren legepean daude.

Hasiera batean, 1975. urtean, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) andreak beren sabelak eskaintzen hasi zirenean, egoera ez zen hain gordina eta askok pentsa zezaketen antzuak ziren bikoteei laguntzen zietela diru ordainen truke.

Orain sabel alokatzea milioiak sortzen dituen industria da. In vitro ernalkuntza prozesuak sendagileak, sendagaiak, anestesia... eskatzen ditu. Emaztea ez da lehenengoan haurdun geratzen. Sabelaren alokairua ordaintzen da, ahalik eta merkeen noski, legeak irakurtzen dakiten abokatuak eta bitartekariak tarteko, guzti hau agentzia espezializatu batzuekin harremanetan jarri ondoren burutzen baita.

Ernalkuntza mota hauetan egoera bat baino gehiago aurki dezakegu: “Ama eramaileen” kasuan emazteari umetokian bere gorputzetik kanpo sortutako zigotoa ezartzen diote. “Ama ordezkariak” obulua eta uteroa jartzen ditu, aitak aldiz espermatozoidea. Hirugarren kasu bat ere badago, bikotearen bi partaideak antzuak direnean, orduan beste norbaitzuen obulua eta espermatozoidea erosi beharko dituzte. 

Sabelaren jabea diru ordaina jasotzen hasten da bihotzaren lehen taupadak entzutean, gero hilero sendagileek baieztatzen dute umekia aurrera doan ala ez. Zer gertatzen da umeki horretan malformazioren bat aurkitzen badute? Abortatu egingo du? Umekia hiltzen bada? Berriro hasi beharko da? AEBetako ernalkuntzak garestiak suertatu dira, gaur egun sabel merkeagoen bila Indiara, Perura... joaten dira, emazte txiro gehiago dagoen herrietara. Nora bestela?

Ez nabil ni moralista edo inoren epaile izateko asmoz, arazo horren aurrean hausnarketa egiteko beharrarekin baizik. Duela hamarkada batzuk mugimendu feministek ernalkuntza modu hauen aurrean etenaldi bat eskatu genuen, andrearen sabela laborategi bihur ez zedin, baina dirupean mugitzen diren zientzialariek jaramonik egin gabe aurrera jarraitu zuten. Guztiz kezkagarria da gainera, kontratuetan eskatzen den isiltasun klausulak guztia ilunpean uzten du baitu. Ezin dugu esan emakumearen eta zigotoaren artean ez dagoenik loturarik, umeki bihur dadin emakumeak bederatzi hilabetez zilbor-hestearen bitartez arnasa, janaria, berotasuna, odola... ematen dizkio. Kontuan izanik sabela behin baino gehiagotan alokatu daitekeela, zer gertatzen da emazte horien baitan? 

Galdera asko erantzunik gabeko merkatu horretan. Era askean jokatzen dugunean bakoitzak daki zer egin behar duen. Negozioa, dirua, irabaziak tartean sartzen direnean egoerak ez dira hain argiak.

Kanal honetan artxibatua: Iritzia
ASTEKARIA
Azkenak

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
2016-02-07 | Juan Mari Arregi
Laugarren industri iraultzarantz?

Oraindik 2007ko finantza eta ekonomi krisi handiaren ondorioak jasaten ari garen arren, jadanik zenbaitzuk hasi dira hitz egiten laugarren industri iraultzaz, Txinako egoerak eta petrolioaren prezio apalek sustaturik. Krisiak milioika enplegu eraman ditu, beste hainbeste lagun pobretu eta gutxi batzuk izugarri aberastu dira.


ETBko txoria, a ze pajarua!

Teleberrik hitza eman dio bart bigarren egunez Jose Ignacio Asensio Ingurune diputatuari esateko hemendik aurrera Gipuzkoako zaborren zati bat Kantabriara eraman beharko dela.


Bost urte eta gero… bide berean aurrera

Dagoeneko bost urte pasatu dira Euskal Herriko Eskubide Zibil eta Politikoen Aldeko Mugimendua sortu zenetik (ez eskubide horien aldeko borroka hasi zenetik, noski). Zentzu askotan, oso urte aberatsak izan dira.


2016an ere Dono$tia eta €ultura abordatu

Iritsi da 2016a! Donostian Europako Kultur Hiriburu gara. Ohorea ote gurea? DSS2016.EU egitasmoari bertuteak ikusten dizkiogu, baina urtebete iraungo duen festa erraldoi honek kezka batzuk ere sortzen dizkigu Donostiako Piratoi.