Mosku (SESB), 1918ko urtarrilaren 16a. Iraultza boltxebikea gauzatuta eta tsarren agintaldia abolituta, erregimen leninistak hasieratik bere boterea erakutsi nahi zuen, maila guztietan. Anatoli Lunacharski dramaturgoa, literatura eta arte kritikaria eta politikari komunista Narkomproseko (Instrukzio Publikorako Herri Komisariotzako) arduradun izendatu zuten, eta komunista guztiek irrikaz itxaroten zuten epaiketa abiatzea lortu zuen.
Auzi gelaren albo batean, Estatuko fiskaltzaren ordezkariak zeuden, epaiketa irabazteko ziurtasunak adoretuta; akusatuen aulkian Jaungoikoak egon beharko zukeen, baina epaitegian ez agertzea erabaki zuen, nonbait, eta haren ordezkari moduan Bibliaren ale bat ipini zuten.
Jendez gainezka dagoen gelan isiltasuna nagusitu zen fiskala Jaungoikoaren aurkako karguen zerrenda luzea ozen irakurtzen hasi zenean: genozidioa, gizadiaren aurkako krimenak... Eta froga gisa askotariko testigantza historikoak aurkeztu zituen. Ondoren, defentsako abokatua bezero ahalguztiduna defendatzen saiatu zen, hainbat zertzelada aringarri aurkeztuz: Jainkoak nortasunaren nahasmendu zorrotza eta dementzia larria omen zituen. Baina epaimahaiko kideek ez entzunarena egin zuten; absoluzioaren aukera ez zuten kontuan ere hartu. Epaitzen ari ziren krimenak oso larriak ziren, salaketa sobietar herritarrengandik etorri zen eta, horrenbestez, auziak gizadi guztia babestea zuen xede. Eta epaia eman artean, akusatuak ez zuen txintik ere esan.
Epaiketak bost ordu iraun zuen, eta epaia garbia eta irmoa izan zen: Jaungoikoa egotzitako krimen guztien erruduna zen. Biharamun goizean fusilatuta hiltzera kondenatu zuten, zigorra atzeratzeko edo apelazioetarako aukerarik gabe.
Hala, 1918ko urtarrilaren 17ko goizalde hotzean, zehazki 6:30ean, Jaungoikoaren aurkako heriotza zigorra exekutatu zuten, baina kondenatuak, berriro ere, agertzeari uko egin zionez, metrailadoreek bost tiro jasa bota zituzten airearen kontra, bateren batean asmatuko zutelakoan.