Irudia egin, itxura egin, damu irudia egin. Irudialdatu, antzaldatu. Artista ezagun batek irudiz osatutako egutegi bat prestatu du, keinu ikonoklasta batean bere eskuekin irudiak zulatuz eta itxuraldatuz. Zulatutako irudiz beterikoa egunkaria da. Honakoa dio urtarrileko orrialde zulatuak: “Irudi oro hitzen munduan sortzen da. Ez dago hitzetik bananduta dagoen irudirik, ez dago hitz egiten ez duen hitzik. Hizkuntza irudiak ekoizten jaiotzen da”. Hitzak Georges Didi-Hubermanenak dira. Mediatizazioa eta espektakularizazioa dira irudiak desagerrarazteko tresnarik boteretsuenak. Bitartekari baten bidez iristen zaizkigu beti irudiak eta horixe da, hain zuzen ere, irudiak itoarazi eta haiek ikusten uzten ez diguna. Itxurakeriaren irudikerian bizi gara. Sutearen ostean ez da deus geratzen, baina sutea gertatu aurreko segundo horretan, keinu ikonoklastaren azken segundo horretan du irudiak, eta ondorioz hitzak eta keinuak ere bai, bere indar gorena, bere potentzia maximoa. Eraikin ofizialetan paratutako artazien debekuarekin gertatu den modura. Desagertu aurreko instant horretan.