Urte berri honetan Hego Euskal Herrian aurrekontu berriak izango ditugu. EAEko eta Nafarroako gobernuek aurkeztu beharko dituzte, eta parlamentuetako taldeen artean negoziatuko dira. Gure herriko alde horretan dagoen krisi egoera “larrialdi nazional” izendatu du zenbaitek. Gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago ixten ari dira; langabezia maila jasanezinera iristen ari da; gure gazteria zahartzen ari da lanik aurkitu gabe; pentsionistak ari dira ikusten euren diru-sarrerak nola gutxitzen diren; menpekotasuna handituz doa progresiboki; pobrezia eta bazterketa soziala ere handituz doaz; etxegabetzeak ez dira gelditu; suizidioak –ezagun egin direnez gain, ezezagun direnak– gero eta maizago; soldatak inflazioa baino gutxiago ari dira hazten… Eta bitartean, bankuek eta aurrezki kutxek, milaka milioi euro eman dizkieten arren, ez dute kreditu-iturria ireki.
Hori horrela izanik, hazkundea ekarriko duten eta solidario izango diren aurrekontuak behar ditugu. Amildegira eraman gaituzten murrizketa eta doikuntza politikak utzi behar dira, eta hazkunderako neurrien alde egin, enplegua sortu eta egoera larrian dauden milaka familiarekin elkartasuna izateko. Horretarako, bistan da, diru-sarrerak behar dira. Lortzeko, bi gobernuek, Barcinarenak eta Urkullurenak, badakite nondik atera daitezkeen: aberastasun handien eta bankuen gaineko zerga bereziak sortuta eta iruzur fiskala pertsegituta, hori ere bai baitakite non eta zein lanbidetan gertatzen den. Horrek guztiak fiskalitatearen erreforma eskatzen du; orain arte aurre egin nahi izan ez zaion gaia da, bide onetik abiatu den Gipuzkoako Foru Aldundian salbu. Gerrikoa estutu behar dugula diote. Langileek eta herri sektoreek jadanik nahikoa estutu dute. Beste batzuen txanda da orain.