Alferrik galdutako urtea

  • Gasteizi egokitu zaio Europar Batasuneko hiriburu berdea izatea azken hatsa ematen ari den 2012 honetan. Ondo merezitako saria denik inork ez du ukatu; aldiz, kritika gogorrak sorrarazi ditu Udalak egindako hiriburutzaren kudeaketak: ingurumen politikari baino, marketinari adi egotea leporatu diote Javier Marotoren Gobernuari. 2013an, behin fokuak itzalita, ikusiko da noraino eusten dion Gasteizek berdetasunari.

Europar Batasunak 2008an sortu zuen Green Capital saria, ingurumena hobekien kudeatzen duten 200.000 biztanletik gorako hirientzat. Ondo egindako lanaren ordaina ez ezik, lan horretan jarduteko akuilu izateko ere ematen da hiriburutza. “Nik uste dut Gasteizek merezi zuela saria”, dio Andres Illanak, Arabako Ekologistak Martxaneko kideak, “baina orain desengainatuta nago”. Illanaren sentipenak bat datoz beste talde batzuek Green Capital urteaz egindako balorazioarekin. Equo alderdiarentzat, adibidez, Arabako hiriburuak galdu duen aukera izan da saria. Beste batzuek, Bilduk eta Eguzkik esaterako, ezinegona adierazi dute Green Capitalaren aitzakiarekin egindako alferreko gastuak direla eta.

Ingurumenaren Sektore Kontseilua, zokoratuta

Gasteizek 2010eko irailean aurkeztu zuen hautagaitza Green Capital izateko, Bruselan. Handik hilabetera, Stockholmen, saria jaso zuen. “Ni ekitaldi bietan egon nintzen”, oroitu du Illanak; “Ingurumenaren Sektore Kontseiluaren [herritarren parte-hartzerako aholku-batzordearen] ordezkaria izan nintzen, eta uste dut hori ere baloratua izan zela; gainerako hiriek ordezkari politikoak eraman zituzten, baina gizarte mugimenduetako inor ez”.
Desengainua ondoren etorri zen: itxuraz, saria nori eman erabaki behar zutenek estimu handiagoan zuten gizarte mugimenduaren parte-hartzea, Gasteizko agintariek eurek baino. Zehazki, Illana kexu da noiz eta Green Capitalaren urtean jaramonik ez zaiola egin Ingurumen Sektore Kontseiluari. “Pentsatu nuen 2012, besteak beste, gure lana aitortzeko baliatuko zutela, baina hara non, protagonismo berezia eman beharrean, guztiz kontrakoa jazo den: informazio eskaria egin dugun bakoitzean Udalaren webgunean begiratzeko erantzun digute”. Indarberritzeko balio behar zuen urtean inoiz baino funtzionamendu eskasagoa izan du Kontseiluak, Ekologistak Martxaneko kidearen esanetan.

Berdetasunaren gerizpean loratutako enpresak

Ingurumenaren arloan ibilbide luzea egin dutenak bazterrean utzi ditu Udalak, beste batzuen mesederako; hala uste du behintzat Andres Illanak: “Inoiz ez da diru-laguntzarik izan elkarte ekologistentzat, baina Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak aurten egin du historian lehenbiziko aldiz deialdia, eta bitxia iruditu zaigu edonork parte hartu zezakeela: enpresak, norbanakoak, era guztietako elkarteak... 2012ra arte zein 2013tik aurrera ingurumenaren defentsarekin harreman gutxi edukiko dutenak. Azalpena eskatu genion Udalari, eta esan ziguten helburua zela inplikatuta ez zeudenak erakartzea. Jakina, inplikatu dira diru-laguntza egon delako”.
Illanak esandakoaren ildo beretik, Eguzki elkarteak salaketa egin zuen urrian: Green Capitalarekin kolaboratzen zuten enpresak abantaila fiskalez gozatzen ari ziren, eta ondorioz gastu sozialetarako erabil zitezkeen hainbat zerga kobratzeari uzten ari zitzaion. Bestalde, Eguzkik gogor kritikatu ditu “Green Capitalaren ondorioz Gasteizen egin diren gehiegizko gastuak”. Horren adibide nabarmen modura jartzen dute arrakastarik batere eduki ez zuen eta, azkenerako, parte-hartzaileko 246 euroko kostua (guztira 93.000 euro) izan zuen Greenkana izeneko jolasa.

Dirua gastatu da bai, baina sartu ere sartu dira sosak udal patriketara, Green Capital urtea beren buruen publizitatea egiteko erabili duten enpresen eskutik. Kontua da ea zertan erabili den diru hori, zenbait promozio ekitaldi ordaintzeaz aparte. “Ez dakigu”, dio Andres Illanak, “elkarteoi inork ez digu informaziorik eman; edozeinek hedabideen bitartez jakin dezakeena baino ez dakigu, eta hori kritikatzeko modukoa begitantzen zait”. Batzuetan sentsazioa egon da Udalak dirua lortu nahi zuela, baina ez ziola axolarik herritarren inplikazioak, diosku Illanak atsekabez.

Udaleko oposiziotik ere iritsi zaizkio kritikak PPk egindako Green Capitalaren gestioari. Bilduk, konparazio baterako, ingurumen arloko politikak indartzeko baino, Green Capital marka hiriaren marketina egin eta turismoa sustatzeko erabiltzea leporatzen dio Udal Gobernuari. Equok eta Eguzkik ere egin dute kritika hori, besteak beste.

Ingurumen politikak jarraipena izango du?

Equok, hain zuzen, adierazi du Gasteizek aukera galdu duela ingurumen politika onak egiten segitzeko, eta Udalak hiriaren izena “saltzea” beste kezkarik ez duela izan. Hitzotatik ondorioztatu daiteke  ados daudela behintzat hiriak Green Capital saria irabazi izanarekin. Izan ere, hiriburutzaren gestio okerrari egin zaizkio kritikak, baina inork ez du zalantzan jarri Gasteizek merezimendu osoz lortu duela hiriburutza hori. Azken hiru hamarkadetan egindako politikei esker, Arabako hiriburua eredugarria izan da zentzu horretan, beti ere zer hobetua dagoela ahaztu gabe. 2013tik aurrera udal agintariek ildo beretik segituko ote duten, horra askoren zalantza.

Andres Illanak gogorarazi digu, adibidez, Gasteizek hautagaitza aurkeztu zuen ekitaldian, Bruselan, EBko ordezkariek kargu hartu zietela azken urteotan hiriak egindako zabalkundea, eredu ez-jasangarrietan oinarritua izateagatik. Alegia, biztanle kopuruaren gorakada ez zela nahikoa gainazalean hainbesteko hazkundea justifikatzeko. “Hiriko agintariek onartu zuten huts handia egin zela zenbait auzoren hiri-ordenamenduan, eta neurriak jarriko zituztela hori zuzentzeko eta dentsitatea handiagotzeko”.

Benetako eragina neurtzeko itxaron beharko da

Horrelako neurriak ez dira egun batetik bestera gauzatzen, ordea. Aipatu dugun adibidearen kasuan, izan ere, Udalaren egitasmoak garai hobeen zain daude: ez dago dirurik planak gauzatzeko, konpromisoa aurten bertan egitea bazen ere. Beste horrenbeste gertatzen da Gasteizek, Green Capital izendapena jasotzeaz batera, hartutako beste konpromiso batzuekin. Horregatik, esan daiteke goizegi dela hiriburutza berdearen benetako balorazioa egiteko.

“Epe luzean baloratzekoak izango diren beste adibide batzuk badira”, azaldu digu Illanak. “Esaterako, kanpo eraztun berdea guztiz ixtea, barne eraztuna egiten hastea...”. Eraztun berdearen proiektuaren helburua da balio ekologiko handiko gunez osatutako etengabeko espazio bat sortzea, hiria guztiz inguratuko dutena. Barne eraztunaren egitasmoa, berriz, aurten bertan aurkeztu da, Green Capitalaren oihartzuna baliatuz hain justu. Funtsean, Gasteiz Hiribideari itxura “berdea” ematean datza (landaredia, animaliak...).    

“Mugikortasuna da hiriko ingurumen politiken beste gako bat”, jarraitu du Illanak, baina  Mugikortasun Jasangarriaren Foroa geldirik egon da oraintsu arte”. Izan ere, arlo horretan egitasmo handinahia du Gasteizek, aurten gauzatzekoa zena baina momentuz hastapenetan baizik ez zena: super-etxaldeak. Hots, hiriko zati handiak itxi trafikoari, bertan bizi direnei eta zama-lanetan aritu behar direnei izan ezik. “Helburua da ez dadila horra sartu bertara propio ez doanik, zeharkatu besterik egin behar ez dutenek inguratu dezatela, eta horrela oinezkoentzat, bizikletentzat... irabazi dadila espazioa”. Illanaren esanetan, berandu hasi badira ere, ematen du bide onetik doala plan horren gauzatzea.

Datorren urtearen zain

“2012an gertatu dena gertatu dela ere, nire benetako beldurra, hasiera-hasieratik, 2013 izan da”, aitortu du Andres Illanak. Orain denen ahoan dauden mugikortasun jasangarri politiketarako aurrekontua egongo da datorren urtean? Eta eraztun berdeak amaitzeko? Hiriaren hegoaldeko ibaiek gainezka ez egiteko proiektuak abiaraziko dira? Egitasmo garestiak dira, eta udal aurrekontuetan %12ko murrizketak iragarri dituztela dio Illanak. “Green Capital igaro da jada. Ni, batez ere, datorren urteko ingurumen politika zein izango den jakiteko irrikan nago”. Orduan jakingo da benetan hainbeste neoizko argik zerbaiterako balio izan duen.


ASTEKARIA
2012ko abenduaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude