"Eztanda entzun orduko haize beroak laztantzen gintuen"

  • Luis Irondo artista gernikarrak 1937ko bonbardaketaren oroitzapen gordinenak ditu bilduta hamasei orrialdeko testu argitaragabean. Pasarte esanguratsuenak ekarri ditugu hona.

 Luis Iriondo, berak sortutako El Cristo de Gernika irudia atzean duela.
Luis Iriondo, berak sortutako El Cristo de Gernika irudia atzean duela.

“Ni Luis Iriondo naiz. 89 urte ditut eta Gernikako bonbardaketa bizi izan nuen. Hamahiru urte nituen orduan. Ama, aita eta hiru anai arrebekin bizi nintzen familia umil batean, aitak ikaztegia zuen eta amak altzairu denda.

Gerraren berri hondartzan izan nuen lehen aldiz. Hori gertatu eta denbora gutxira jakin genuen Gernikatik hurbil zeuden herri batzuk bonbardatu zituztela, besteak beste, Durango. Horrek eragina izan zuen herritarrengan, berehala, badaezpada, babeslekuak eraikitzen hasi ziren. Denon ahotan zegoen. Apirilaren 25ean, esaterako, nire lagun Ciprik esan zidan bazuela babeslekua bonbardaketa baterako prestatua, eta gertatzen bazen korrika hara joateko.

Hurrengo egunean bankura joan nintzen, eta bertan nengoela kanpai soinua entzun nuen. Hegazkinen abisua zen, gertu zeuden, agian gainean. Hala zen, herriaren gainean zeuden. Laster alde egin nuen bankuko langile batekin babesleku bila. Merkatua egiten zen gunea pasa bezain laster hasi ziren eztandak. Jendea korrika oroitzen dut, oihuka. Eraikitako gune haiek lur azpian zeuden, eta horietako batean sartu ninduten, bultzaka. Sabaia baxua zuen eta bero handia egiten zuen, horren ondorioz, minutu batzuen buruan arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaigun. Makurtzeko esan zigun bertan zegoen gizon batek, behealdean oxigenoa hartzea errazagoa zelako, eta hala egin genuen. Cipri, nire laguna, oroitu nuen han egon nintzen denbora osoan; hegazkinak ikusten ariko zen aurreko egunean esan zidan txokoan, inbidia ematen zidan hori pentsatzeak. Hurrengo egunean eskolara joatean berak ikusitako guztia kontatzeko aukera izango zuelako nik ez bezala.

Eztandak amaitu zirenean kalera irten ginen, baina berehala hasi ziren berriro ere. Jendea korrika zebilen batetik bestera leku seguru baten bila. Gero eta gertuago entzuten zen bonben soinua. Eztanda bat entzun orduko haize beroak laztantzen gintuen. Errezatzeari ekin nion, baina hegazkinek alde egingo ez zutela zirudien.

Amaitu eta kalera irten nintzenean beldurtu egin nintzen. Herri osoa sutan zegoen eta zerua hodei ilun batek estaltzen zuen. Ez nekien betiko amaitu ziren bonbardaketak ala ez, eta lasterka joan nintzen Lumoko errepidera. Gernika osoa sutan ikusi nuen bertatik. Cipriren txokora iritsi nintzen baina ez zidaten pasatzen utzi.

Etxeko guztiak aurkitu nituen denbora batera, eta aita gure etxea nola zegoen ikustera joan zen. Guztia suntsituta zegoen. Gernikatik alde egin genuen orduan, Bilbora eta ondoren Frantziara. Gure herrira itzuli ginenean jakin nuen Cipri, nire laguna, bonbardaketan hil zela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude