Desmond tutu

Berriz haur izaterik banu eta galdetuko bazenit “Nor izan nahiko zenuke nagusitzean?”, zalantzarik gabe erantzungo nizuke: Desmond Tutu! Oso erakargarria eta eredugarria gertatzen zait: ausarta, zuzentasunaren sen zorrotzekoa, erradikala (arazoen sustraietara joaten dena), zapalduekin konprometitua, bakegilea (1984ko Bake Nobela, orain saria Europari ematearen aurka azaldu dena), teologia beltzaren sustatzailea, Hego Afrikan Eliza anglikanoaren buru izandako artzapezpikua (dagoeneko erretiroan), lau seme-alaben aita, alaia eta umoretsua...

Lehenik bere herrialdean egin zuen borroka luzea apartheid-aren aurka eta beltzen eskubideen alde, zurien etsai nagusi bihurtzeraino bere bizitza arriskuan jarriz; gero, Egiaren eta Adiskidetzearen batzordeburu, barkamena (ez ahanztura) eskatzen eta ematen irakatsi zuen; eta geroago beltzak agintera iritsi ondoren, profeta zorrotz izaten jarraitu du Hegoafrika berriaren zenbait norabide kritikatuz. Bere ospeagatik Afrika osoan eta handik kanpo hainbat gatazkatan esku hartu izan du, eta beti asmatu du hitz egokia esaten egoerarik latzenetan ere. Israelera joan eta Holokaustoaren egileei barkamena zor zaiela esan zien juduei, gero, Holokaustoaren museoa (Yad Vashem) ikustera joan zenean, pintada honekin topo egin bazuen ere: “Txerri beltz eta nazia da Tutu”.

Bestalde, Afrikan homofobia oraindik ere indartsu eta zabaldua dagoenean, iritzi askoren aurka ozen hitz egin izan du 81 urteko gazte honek gay eta lesbianak Elizan eta gizartean besoak zabalik hartu beharraz.

Eta nondik datorkio bere mundu-ikuskera? Ba, ebanjelioaren interpretazio iraultzailetik eta Afrikako ubuntu kontzeptutik (“pertsona bat beste pertsona batzuen bidez da pertsona”).

Galdetuko bazenit “Nor gonbidatuo zenuke aurtengo Gabonetan mahaira?”, badakizu zer erantzungo nizukeen. “Eta zergatik?” Ba, Euskal Herriaren une historiko honetan lagungarri izango litzaigukeelako “desmond tutu” bat hemen. Gainera, ez ahaztu hil honen 10ean berari eman ziotela Unesco-Bilbo saria. Eta bake-mahairaino ezin badugu lider hau ekarri, gutxienez eskatu Olentzerori, labetik atera berri-berria, haren liburu eder bat opari: Dios no es cristiano. Y otras provocaciones (Desclée, Bilbo 2012), Desmond Tuturen biografoa den John Allen-ek haren adierazpenez apailatua.

Irakurle, Eguberri on, eta Urte Berriari ongietorria emon!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Afrika
Ablazioa berriz baimentzeko lehen urratsa eman du Gambiak

Gambiako Batzar Nazionalak emakumeen genitalen mutilazioaren debekua (klitoriaren ablazioa) indargabetzeko lege-proiektu bat eztabaidatu berri du. Azken urteetan ablazioak gora egin du, bera geldiarazteko legezko saiakerak gorabehera.


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Eguneraketa berriak daude