Zerga amnistia, zerga egituraren zulo beltzaren ikur

Jakina da zerga sistema ez dela neutrala, diru sarrerak handitzeaz edo gutxitzeaz harago bistako eragin sozialak baititu. OECD erakundeak egin berri duen Ekonomiaren aurreikuspenak txostenaren ondorio nagusiek hala baieztatzen dute: defizitaren aurkako borrokan oso bestelako eragina dute partaide diren herrialde guztietako errenta banaketan helburu hori erdiesteko zergen igoerak erabiltzeak edo transferentzia sozialen mozketak. Zergen igoera progresiboak errenta desberdintasunak murrizten ditu herrialde horietan –Giniren indizea gutxitzen da– eta, aldiz, defizita murrizteko transferentzia sozialak urritzen badira desberdintasunak indartu egiten dira herrialde guztietan. Antzeko ondoriora iritsi da Nazioarteko Diru Funtsa beste txosten batean. Bi erakunde ofizial horien txostenetako emaitza gisa ikuspegi ofizialetik berritzailea den balorazioa aipa daiteke, aurrekontua egonkortzeko neurriek ekitatearen arloan dituen ondorioak kontuan hartzea ezinbestekoa dela alegia.

PPren gobernuak txosten horien gomendioei muzin eginda beste muturrean kokatu du bere zerga politika agintean daraman urte honetan. Orain arte batik bat gastu mozketa –soziala– hartu du mekanismo nagusi gisa defizitari aurre egiteko. Bestalde, diru-sarrerak eskuratzeko iazko PFGZaren igoera xumeak eta aurtengo BEZaren handitzeak ezer gutxi ekarri dute estatuaren eskuetara kontsumoaren eta errenta errealen jaitsierak kontra eraginda. Bestalde, elkarteen gaineko zergaren azken bost urteetako emaitza ikusgarria izan da estatuan, bere sarrerak %68 jaitsi egin baitira eta estatuaren zerga kopuru guztiaren %23tik %8rako jaitsiera izan baitu elkarteen gaineko zergak Maiatzak 1 Fundazioko txosten baten arabera. Beraz, estatuaren zerga politikaren ondorioz diru sarrerak gutxitzeko joera ez da aldatu, eta gainera, jaitsieraren erantzukizuna kapitalaren jabeei leporatu behar zaie. Krisialdiko mozkinen jaitsierak ez du galera hori guztia azaltzen, zerga ordainketa saihesteko injenieritza fiskalaren erabilera eta batez ere enpresa handienek erabilitako zerga ihesbidea da horren arrazoi nagusia. Adibide gisa, Ibex-en kotizatzen duten 35 enpresetatik 30ek paradisu fiskalak erabiltzen dituzte zergen zama arintzeko. Beste adibide esanguratsua kanpoko enpresa multinazionalek egiten duten erabilera fiskalarena da. Esate baterako, zazpi erraldoi teknologikoek (Apple, Google, Microsoft, Yahoo, Facebook, eBay eta Amazon) estatuan duten negozio bolumena oso zabala izan arren azken hiru urteetan Madrilgo zerga agentziari kotizatutakoa 25 miloi euro baino ez dira izan.

Sarrera publikoak gehitzeko itxura egin nahian eta presio soziala lausotzeko gobernu zentralak iruzur eta ihesbide fiskalaren aurkako borrokaren arloan, besteak beste, zerga amnistiaren neurri liskartsua ezarri zuen. Zerga amnistia berez da bidegabea, burbuilaren aldian aberastu ziren errententzat zerga oparia delako, izan ere, ordainketaren tasa %10era jaisten da zigorra ahaztuta. 2.500 miloi euroko sarrerak berreskuratzea zen helburua eta hori nahikoa omen zen ekimena zilegi izan zedin. Bada, aurreikuspen xume horren erdira ere ez da iritsi zigorgabetzeak egindako ekarpena. 

Beste hainbatetan OECD eta Nazioarteko Diru Funtsaren gomendioak irmoki jarraitu izan dituen gobernu kontserbadoreak badu zer zuzendu ekitatearen hastapena behin betiko lehertu nahi ez badu. Euskal ogasunek ere etorkizuneko erronkari heldu behar dioten honetan zerga egituraren zulo beltz honi heldu beharko diote, ogasun propioaren balio erantsia proiektu sozial sinesgarria izan dadin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude