Deabruaren abokatua 

Sabino Cuadra

"Gorringoa biziago, zapore gozoagoa du arrautzak"

X. legealdiko diputatu jaun txit ohoragarria.

Aritz Galarraga

2350. alea
2012-12-21
alde 11    kontra 0

Madrileko abentura esplikatuko zeniguke berriz, mesedez?

Ondo dago galdetzea han egoteak zerbaitetarako balio duen. Tentsio minimo bat mantenduko dugu hala, eta neurria hartuko diogu hangoari, ez baita beti erraza.

Baina ez al ziren geure eskubide nazionalak urratzen dituzten instituzio inposatuak?

Eta jarraitzen dute izaten. Horregatik bertan egiten dugun lana da, neurri batean, kontralana. Areago utzi nahi dugu agerian geure herriak jasaten duen inposizioa.

Nola, Espainia aldeko diputatuei juxtu kili-kili eginez?

Joaten ez ginelako kexu ziren lehen; orain joaten garela, talde propioa izateko aukera lapurtzen digute, eta egunero mozten eskubideak. Azkura badute, hazka egin dezatela.

Azaldu al dizu Gallardon ministroak “zuzenbide estatuaren mekanismoak” zertan diren?

Gallardonek defendatzen duen Estatua, zuzenbidekoa baino, gehiago da zirinbidekoa. Juje-fiskalak ere kexu dira haren neurrigabekeriekin. Atera kontuak.

Gobernuak egin ez duena da: krisiaren arduradunei izen-abizenak jarri.

Banketxeez, espekulazioaz, torturaz hitz egiteari utzi, eta bankariez, espekulatzaileez, torturatzaileez hitz egiten hasi behar genuke.

Banketxeak erreskatatu ondoren, hori bai.

Erreskateak bahituengatik eskatzen dira. Ez da kasua. Banketxeek dute bahituta biztanleria. Mafiaz ari gara, eta mafiosoez.

Arrazoi zuen, beraz, Anbrosio deunak: lapur da aberatsa, edo lapurren seme-alaba.

Ateoa naiz, baina arrazoi zuen tipoak. Esaldi bakarrean laburbildu zuen Karl Marxek milaka orritan esan zuena.

A, baina eskerrak Euskal Herrian ez den halakorik gertatzen.

Euskal Rh-ak ez du lapurren aurkako antigorputzik. Hemen ere badira aberats-ebasleak, eta ez Negurin soilik.

Zertan gabiltza, bada, sozialean ez eta nazio eraikuntzan?

Arrautzek, gorringorik gabe, zuringoa soilik izan balute, ez zuketen erdietsiko sukaldean duten lekua. Eta gorringoa biziago, jakina da, zapore gozoagoa du arrautzak.

Atera da zeure baitako sindikalista.

Sindikalista bat ez da sen ona eta duintasun apur bat duen langilea baizik. Hortik abiatuta, antolatzeko beharra berez dator.

CCOO sindikatuan, adibidez?

Duela hamabost urte utzi nuen LABen sartzeko. Batasun sindikalak helburu izan behar du beti, eta garaipen handia litzateke.

Financial Times-en portadan agertzea beste?

Portada izatea polizia batek porrakada eman dizulako ez da sobera eskergarria. Nahiago nukeen biluzi integral bat



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2349
 
azala2348

2350 zenbakia.
2012ko abenduaren 23a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys