Emakumeen ahots tematia

  • ON ::ON

    Autoekoizpena

Itsaso Gutierrez Retolaza 90eko hamarkadan ezagutu nuen, Donostiako beste bi lagun gaztetxorekin batera Jauko Barik, xamur bezain ausart eta sailkaezina den taldeko partaide zenean. Neska-taldeak, gerora, rock izaera hartu zuen batez ere; eta maketa bat eta bi disko kaleratzeaz gain, Europatik barrena biratxoa egin zuen. Handik zenbait urtera Keike taldean aurkitu nuen Itsasoren arrastoa. Ondarroako taldeak metala eta rocka nahasten zuen eta hainbat disko ere kaleratu zituzten; Itsaso gitarra jotzaileetako bat zen.

Handik gutxira, Goienak antolatu izan duen Danbaka musika lehiaketako laugarren edizioan, ezezaguna zitzaidan Xarma taldeak sorpresa galanta eman zigun, hardcore melodikoa, rock gogorra, amorrua, egundoko sentimendua eta agertokia betetzen zuen talde bizia aurkitu genuelako. Taldeak bi gitarra jotzaile eta bi abeslari zituen, neska eta mutila. Neska nor zela uste duzue? Erraz irabazi zuten lehiaketako saria, diskoa plazaratu zuten, baina denbora laburrean, partaideen arteko desadostasunen ondorioz, taldea desegin zen.

Orain, urte eskaseko epean, daukan buru gogorragatik eta den tematiagatik, ‘Motörhead’ deitu beharko diogu laster. Bueltan itzuli zaigu Itsaso Gutierrez Retolaza, ON talde berriarekin. Dennis Alberdi (bateria) eta Ibai Suarez (baxua) alboan dituela, Xanperen Koba estudioan grabatutako diskoa jarri digu eskura. Ahotsa eta gitarra ditugu bereak.

Bizitzak ematen dituen ostikoen aurrean erne egon, borrokatu eta onari erreparatzea erabaki du Itsasok; emakumeek sufritzen dituzten bidegabekeriak azalarazi eta salatzeko baliatu nahi izan du rocka. Baita lortu ere. 

ON malenkonia da, bizipen garratzen kontakizuna, baina gogor borrokatuta argitasuna eta alde positiboa ere baduela adierazten duena. Musikalki ere melodikoa da, baina aldi berean indartsua. Hala, euskaraz abestutako hamaika kantuetan bulimiari, emakumeen amets zapuztuei, tratu txarrei, bikote-harremanei, feminismoari, Saturrarango espetxeari… doinua jarri diete barruraino sartzen diren kantuetan. Horien artean, punk-popetik stoner indartsuenerako bilakaera duen Haragitan singlea izan daiteke; Donostiako Izanpirata lehiaketa irabazi zuen kantak, post-hardcore eta rock biziena batzen dituen Neu nabigatzera indartsuak jarlekutik botako zaitu supituan, Fer Apoa lagun dutela; Ikasle Abertzaleak-en kongresurako prestatutako On abestian Fermin Muguruza eta Delirium Tremens taldeko Andoni Basterretxea abiada bizian jarri dituzte, zapatilla rockeroak jantzita; hard-rockaren eta stonerraren mugan kokatu dute Etsitzen zaitu; eta pop-rockaren xamurtasuna aurkitu dute Negua eta Oraina abestietan, besteak beste.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude