Batis Martiarena

"Hilabetean 426 eurorekin bizi naiz"

  • Batisen egoera gero eta arruntagoa da. Inork eta ezerk ezin digu ziurtatu gu hurrengoak ez garela izanen.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2012ko abenduak 21
Dani Blanco

Gazte joan zinen etxetik. Arazorik bazenuen?

Gaizki moldatzen nintzen aitarekin, besteak beste, euskaraz hitz egitera behartzen gintuelako. Gerrikoarekin jo eta guzti egiten gintuen. Ondorioz bai berari baita euskarari ere ezinikusi handia hartu nien. Denak nirekin euskaraz aritzen ziren eta nik denei erdaraz erantzun. 21 urte nituenean, jada Iruñean bizi nintzela, jabetu nintzen aitaren izaera horretan euskarak ez zuela batere errurik, hizkuntza eskolan izena eman eta urte eta erdian titulua atera nuen. Geroztik hamar urtez aritu nintzen euskarazko klaseak ematen AEKn eta IKAn. Antsoaingo eta Barañaingo euskaltegien sorreran parte hartu nuen. Esan daiteke euskara gorrotatzetik izugarri maitatzera pasa naizela.

Historia gogorra…

Gure aita zenaren familia Uharte Arakildik zetorren. Bere ama gaztetan haurdun gelditu eta herritik alde egin behar izan zuen. Neskame hasi zen lanean Gipuzkoan negozioak zituen familia batekin eta hori dela-eta aita Tolosan sortu zen. Baina amonak ez zuen aurrerabiderik ikusten eta Zizurkilgo umezurtz-etxean utzi zuen semea. Egun horretan bertan bera eta beste haur bat Amasako baserri batera eraman zituen familia batek. Erabat analfabetoa zen eta izugarrizko konplexuak zituen, soldadutzan, lantegian… izugarri gaizki pasatu baitzuen. Gure amarekin ere oso harreman txarra izan zuen. Bolada batez edanera emana ibili zen. Berak ez zuen maitasunik jaso txikitan eta ez zekien hori ematen. Lau senide gara eta ama izan zen hazi eta hezi gintuena. Amarekin oso harreman ona dut.

Hiru urte daramazu lanik gabe, baina zenbat enpresatan aritu zara?

Hogeita hamabost enpresatan. Lehena eraikuntzan. 17 urterekin etxetik alde egin eta Iruñera etorri nintzenean, ostiral batean iritsi eta astelehenean hasi nintzen lanean. Horretaz gain iturgin moduan, euskara klaseak ematen, Mihiluze euskaltegian atezain, Vergel zahar etxean, uda garaian suhiltzaile, posta zerbitzuan banaketari, kamioi eta autobus gidari aritu naiz, kafetegi bat jarri genuen… Gehienetan nahiko ongi moldatu izan naiz. Azkeneko aldian autobus txofer aritu nintzen. Lan gogorra zen zinez: goizeko 4:30ean jaiki eta arratsaldeko18:30ean autobusa aparkatu. Ez denbora guztia gidatzen, baina bai telefonoaren menpe. Jardunaldi erdia egitea proposatu nion enpresari, baina esan zidaten hori ez zela posible. Ni ez nengoen prest lana besterik ez egiteko. Gainera bazegoen enpresan neska bat lanaldi osoa nahi zuena, beraz kontua eskatu eta alde egin nuen. Ongi irabazten nuen, baina nahiago nuen diru gutxiago eta denbora gehiago izan. Saltseroa izan naiz beti.

426 euro hilabetean. Hori ez da ezta lanbideen arteko gutxieneko soldata ere.

Langabezia saria kobratu dut hori agortu arte eta orain berriki 52 urtetik gorakoentzako prestazioa eskatu eta hasi naiz kobratzen, 426 euro. Horrekin bizi naiz. Orain legea aldatu egin da eta 55 urtera igo dute laguntza hau eskatzeko adin muga. Eskerrak nik garaiz eskatu nuela. Oinarrizko errenta eska nezakeen ere, baina oso baldintza gogorrak dira eta gainera orain dirurik ez dago.

Nola bizi zara diru horrekin?

Ohitu egin naiz horrela bizitzen. Etxebizitza ordainduta daukat. Auto zahar bat daukat, hori ere ordainduta. Nire gastuak gasa, argindarra, ura, komunitateko gastuak, aseguruak, telefonoa eta janaria dira. Badaramat urtebete baino gehixeago eta egia esan ez dut gaizki bizi afera hau, honek ematen baitit bizitzaren beste aldeak gozatzeko aukera. Estu-estu ibiltzen naiz hilabetea bukatzeko eta hori hala da derrigorrez, gustatu ala ez, baina beste aldetik gauza asko egin dezaket: mendizalea naiz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataforman aritzen naiz eta giza harremanak lantzeko aukera ematen dit. Oso garai polita bizitzen ari naiz.

Seme-alabarik ez duzu. Alde horretatik beste batzuk baino lasaiago?

Garbi izan dut betidanik ez nuela ezkondu behar eta seme-alabarik ere ez nuela izan behar. Eta ez naiz batere damutzen. Agian oso egoista naiz, baina lau egun bizi behar badugu nik ez dut seme-alaben menpe eta haien zerbitzura bizi nahi. Ez dakit nondik etorriko zaidan ideia hau. Beharbada nire ama gogoratzen dut egoera hartan. Orain banabil bikote batekin baina bakoitza bere etxean, bera bere semearekin eta ni nire etxean.

Asko begiratzen dituzu prezioak?

Beharko! Mendizalea naiz eta elikadura asko zaintzen dut. Barazkiak, lekariak eta pasta jaten dut gehienbat eta, noizbehinka, arraina eta haragia, baina oso gutxi. Urteak daramazkit horrela.

Haragi gutxi, prezioarengatik?

Prezioarengatik eta baita behin pentsua nola egiten zuten ikusi nuelako. Txofer aritu nintzen garia eta artoa garraiatzen. Egun batean pentsua egiten duten lantegi batean kiratsa zegoen. Zokomiran hasi eta nondik zetorren ikusteko parada izan nuen: animalia hezurrak zituzten pilaturik gero artoarekin nahasteko. Ikaragarria eta nazkagarria iruditu zitzaidan. Arraina nahiago izaten dut, baina hori ere garesti dago eta itsasoak ere gero eta zikinago. Niri sukaldean aritzea gustatzen zait. Gozatzen dut eta diru honekin ahal dudana egiten dut.

Gure gizartean gehiegi baloratzen ditugu gauza materialak?

Grina hori gaixotasuna da. Nik uste birplanteatu egin behar dugula hori. Bide horretatik jarraituz gero, etorkizunik ez dugu. Nondik gatozen pentsatu behar dugu, baita hirugarren munduan egiten ari garen espoliazioan ere. Hazkunde ekonomiko horretan, zoriontsuagoak gara? Ni behintzat inondik ere ez. Edukitzeko grina horrek ez zaitu inora eramaten. Orain nire pelikula politagoa da. Lehen dirua banuen, baina bizitzak dituen alde positibo asko eta asko bizitzeko denborarik ez.

Zaila da gutxiagorekin bizitzen ikastea?

Bai, horregatik etorkizunari begira planteamendu berriak egin behar dira. Baina nire galdera da: jendea aldatzeko prest dago? Gaurko gazteek oso etorkizun beltza dute, nire ustez. Frankismoaren garaia ere ezagutu nuen eta eskasia zen nagusi gure etxean. Sei ginen soldata bakarrarekin. Horrek ematen dizu eskarmentua moldatzen ikasteko. Lanbide ugari izan ditut, beti prekario samar eta beti moldatu izan naiz. Kontsumoaren barru horretan gutxi mugitu naiz. Bidaiaren bat edo beste egin izan dut baino askoz gehiago ez. Eskerrak horri. Baina gazteak metamorfosi hori egiteko gai izango ote dira? Ez dira depresioan eroriko? Haiek jaio zirenetik beste modu batera bizitzen ohitu dira eta zaila dute benetan. Onetik txarrera pasatzea oso zaila da.

Okerrago ikusten duzu zeure burua hemendik hilabete batzuetara? Esaten dute agian zuk jasotzen duzun laguntza hori ere kenduko dutela.

Bai beldur hori badut. Eta perspektibak ikusita, kobratzen dudana kentzen badute agian kanpora joan beharko dut lan egitera. Beti egongo da horretarako aukerarik, Mexikora joan edo Latinoamerikako beste toki batera eta bizimodua atera handik edo hemendik.
Orain langabezian zaude. Lan eskaintzarik izanez gero, hartu egin beharko zenuke diru-laguntza hau kobratzen jarraitzeko?
Ez nago behartuta eskaintzen didatena hartzera. Dena den, hiru urte hauetan niri ez didate ezer eskaini enplegu bulegotik. Badira web orri batzuk lanpostuen orrazketa egiten dizutenak, zuri interesatzen zaizkizun lanen bila. Halere, ez da ezer ateratzen.

Barañaingo Hipotekek Kaltetuen Plataforma duela gutxi eratu duzue.

Duela hiru hilabete. Harremanetan jarri ginen Iruñea eta Burlatako plataformakoekin eta abiarazi genuen. Harremanak ditugu Antsoain, Tutera, Berriozar eta Sakanako taldeekin ere. Zenbait bilera egiten ditugu baina, gehienbat, internet bidez dugu harremana. Eskerrak kaltetu gutxi dauden hemen, oraingoz bederen. Kalkuluen arabera %10 besterik ez da laguntza eskatzera etortzen dena. Zergatik ez gehiago? Eskaintza polita da: laguntza, presio sozial ez bortitza. Nire ustez gehienak kanpokoak dira eta uste dute gehiago dutela galtzeko irabazteko baino. Halere, hemengo jende gero eta gehiago dago kaltetua gaur egun.

Gaizki pasatzen ari den jende asko ezagutzen duzu?

Familia batzuk oso gaizki daude. Tratu txarrak, dirurik ez, haur txikiak… Denetik ikusten da. Orain adibidez, bada hemen Barañainen neska bat hiru seme-alabaren ama. Senarrak tratu txarrak ematen zizkion eta azkenerako etxetik alde egin zuen. Neskak Eroskin egiten du lan. 1.200 euro kobratzen du hilean eta horietatik 1.000 ordaindu behar dio Euskadiko Kutxari pisuaren hipotekarengatik. Egoerak behartuta kutxakoekin hitz egitera joan eta “gabezia” eman zioten, hau da, maileguaren kapitala alde batera gelditzen da bi urtez eta soilik interesak ordaindu behar ditu, baina horiek 600 euro dira! Egoera latza. Guregana etorri da laguntza eske. Gu orain joango gara Laboralekoei esatera gabeziaren formula kasu honetan ez dela nahikoa eta eskatuko diegu pisua onartzea zorraren truke. Emakumea erabat beldur da. Alokairu soziala egokiena izango zen bere kasuan, baina ez da ausartzen hori Kutxari eskatzera bere lana ez duelako arriskuan jarri nahi.

Bada hemen beste familia bat, ekuadortarra; hiru haur dituzte eta txikienak %85eko minusbaliotasuna du. Senarra langabezian dago, amak zer edo zer kobratzen du baina denbora gutxirako du… Izugarria. Plataformaren aldetik, eta inplikatuek nahi badute, egoera muturreraino eramatearen aldekoak gara. Kaleratzea behartzera jotzen dugu. Bankuei esaten dieguna da zorraren truke ez pisua ez ezer, kalera bota ezazue familia ausartzen bazarete. Hori muturreko egoera da, oso gogorra eta bortitza denontzat, baina tamalez, eraginkorrena. Izan ere, orain banku eta kutxa askok onartzen dute nahiko erraz etxea zorraren truke. Guk hurrengo urratsa eman nahi dugu: entitate hauek dituzten etxebizitzak alokairu sozialaren prezio egokian eskuratu gutxien duten familientzat.

Banketxeentzat gogorra da jendea aurrean protestaka ikustea, ezta?

Gaur egun, jada, banku guztiak etxea zorraren truke ari dira onartzen. Agian pisuak saltzeko aukera berriak ikusten ari direlako. Nik susmoa dut aurkitu dutela negozio bide berri bat: txinatarrei, errusiarrei, kanpotarrei etxeak saltzea… Ez dakit. Kaltetuak negarrez ateratzen dira bankutik, oso jarrera gogorra erakusten dietelako. Guregana etortzen direnean laguntzen diegu bankukoekin hitz egitera. Orduan aldaketa dator. Galdetzen duten lehenbiziko gauza da ea nortzuk garen gu. Plataformakoak garela aditzen dutenean aldatzen dituzte jokamoldeak. Caja Navarra zenean eta BBVAn hasieran tratu txarrak ematen zizkiguten, iraindu eta kalera botatzen gintuzten. Orain, presio soziala dela medio, jarrera erabat aldatu dute. Caixak, adibidez, beste jokamolde bat du. Badute zorren inguruko aferetarako arduradun bat eta horrek bere bulegora sartzera gonbidatzen gaitu esanez afera konpontzeko prest daudela.

Baina arazoa ez da hor amaitzen…

Txosten bat egiten dute eta gorago dagoen beste departamentu batera bidali. Horrela zabaltzen da bizpahiru hilabeteko negoziazio prozesua. Dena den, zorra kentzea lortzearekin ez da amaitzen arazoa: etxerik gabe, nora jo? Saiatzen garena da alokairu sozial egokiak lortzen. Kasu batzuk lortu dira jada eta horraino iritsi nahi dugu.
 

Nortasun Agiria

Batis Martiarena 1959ko urriaren 15ean Donostian sortu eta 17 urtera arte Hernanin bizi izan zen. Orduan etxetik alde egin eta Iruñera joan zen bizitzera. Geroztik hogeita hamabost enpresatan baino gehiagotan aritu izan da lanean. Egun 52 urtetik goitiko langabeentzako diru-laguntza jasotzen du: 426 euro hilabetean, eta horrekin bizi da. Diru gutxi baina denbora asko du benetan gustuko dituen gauzak egiteko. Barañainen eratu duten Hipotekek Kaltetuen Plataformako talde berrian ari da lanean buru-belarri, besteak beste.

Ongi elikatu diru gutxirekin

“Ogia egiteko makina daukat eta horrekin bizkotxo moduko bat egiten dut Muesli eta zereal pila batekin, izugarrizko energia ematen duena. Eta eskerrak horri, bestela mendian, adibidez, ez dakit nola ibiliko nintzen!”.

Etxe kaleratzeak

“Bitxia da, baina alarma soziala pizten denean, zorra gelditu egiten da. Ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den, baina momentuz geldirik uzten dute. Kezkagarria da, jendeak ez dakielako zer gertatzen den bankuek ez dutelako ezer esaten. Damoclesen ezpata beti dute buru gainean. Kaleratzea ekiditen dugu momentuz, baina ezin da jakin bihar edo etzi ez ote diren etorriko”.

Azken Hitza

Mendia
“Hasieran, adin honekin eta lanik gabe neure burua ikusi nuenean oso krisi handia izan nuen. Eskerrak oso harreman onak nituela jendearekin eta lasaitzea lortu nuen. Orain nire egoerari ez diot buelta gehiegi ematen. Soinketa lekura astean hirutan eta asteburuetan mendira joaten naiz, penak kentzeko-edo, ez dakit. Bi mendi talderekin ibiltzen naiz: igandeetan Iruñea inguruan lasai-lasai mugitzen gara, giza harremanak lantzen, eta bestearekin, larunbatetan mendi handietara joaten gara, elurretara, soka eta kranpoiekin, kanalak irekitzen… Asmoa da udaberrian Mont Blanc-era joatea. Diruz estu-estu, baina moldatzen naiz. Nahiago dut ez pentsatu eta momentua bizi. Bizitzea da garrantzitsuena eta gero gerokoak. Gainera, ikaragarri azkar aldatzen ari dira gauzak egunetik egunera”.

Kanal hauetan artxibatua: Gizartea  |  Finantza eta ekonomia krisia

Gizartea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-25 | Xalba Ramirez
"Asko gara eszenatokira igo nahi dugun neskak, ateratzeko zain gaudenak"

Euskal musika eszenaz eta genero harremanekin duen loturaz aritu dira topatu eta Klitto atariak  Izaro Andres Zelaieta (Izaro), Ane Bastida Saiz (Hesian, Lauroba…) Onintza Rojas Olazabal (Koban), eta Olatz Salvador Zaldua (Skakeitan, Olatz Salvador) musikariekin.


Natura nola bizi eremu urbanoko ikastetxeetan

Ados, baso eskolak eta naturaz inguratutako ikastetxeak abagune paregabea dira pedagogia berdearen onurez gozatzeko, baina Euskal Herrian asko dira hiri eta eremu urbanoetan kokatuta, asfaltoa lagun duten eskolak. Horiek ere, ordea, uste baino gertuago dute bioaniztasuna bertatik bertara lantzeko aukera. Horren lekuko, artikuluaren bukaeran aurkituko dituzun esperientziak.


2017-06-25 | Jabi Zabala
"Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da"

Aleida Guevara March kubatarra (Habana, 1960) pediatrian doktorea, mediku internazionalista, Alderdi Komunistako kidea eta bi alabaren ama da. Habanako William Soler haur ospitalean egiten du lan eta Che Guevara ikerketa gunean laguntzailea da. Cheren alaba izateagatik ezaguna, Kubako iraultzaren eta aitaren figuraren defentsa egiten du maiz, nazioartean parte hartzen duen foroetan. Berriki Bilbon izan da, Euskadi-Cuba elkarteak antolatutako elkartasun topaketa batean. Aitaren figuraz,... [+]


"Emakumeon borroka gerrillariaren irudira murrizten duenak ez du ikusten iraultzaren osotasuna"

Daeshen ofentsibak eta Kobaneko setioak kurduak nazioarteko lerro buruan jarri zituzten. Une kritiko hartan Meral Zin Çiçekek (Kolonia, Alemania, 1983) abiatu zuen REPAK erakundea Kurdistanen sortutako aukera eta beharrizanei erantzuteko. KCK-ko – Kurdistango Konfederazio Demokratikoa– kide gisa, emakume kurduek batasun nazionala sustatzeko tresna bilakatu da, baita internazionalista, akademiko eta kazetarien lana koordinatzeko ere.


2017-06-25 | Andoni Mujika
Elitezko hezkuntza

Hezkuntzaren alarmak jo du berriz ere. Oraingoan, bi albistek piztu didate argi gorria. Kontua da batetik, ikastetxe publikoetan, murrizketak eta lan baldintzak direla-eta, greba deitu dela; eta bestetik, hezkuntza-ikuskaritzak izendatu behar izan dituela ikastetxe publikoko zuzendarien %40a, inor ez zegoelako ardura hori hartzeko prest. Eta eskerrak zifra leundu egin dela. Itxura denez, azken 7-8 urtetan, %70etik %40era jaitsi da portzentaje hori. Badirudi, orain urte batzuk, pizgarri... [+]


2017-06-25 | Juan Mari Arregi
Eusko Jaurlaritzak bere buruari jartzeko moduko DSBE bat

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten EAEko 62.924 pertsonek laster ikus dezakete euren prestazioa murriztuta –634 euro inguru pertsonako– EAJ-PSEren gobernuak PPren babesarekin sustaturiko erreforma dela-eta. Horixe salatu du berriki Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Lanbideren Bilboko egoitza aurrean; babes sozialeko sistema publiko bat ere eskatu du mugimenduak.


2017-06-25 | Uxue Apaolaza
"Euskal ijitoak sistematik kanpo ibili dira beharbada, baina ez gizartetik kanpo"

David Martin (1980, Errenteria) historialariak 36ko gerra zibila ikertzeari ekin zion karrera amaitu zuenean: ijitoei buruz ez zela ezer idatzi ohartu zen, eta hutsune horri heltzea erabaki zuen. Batean eta bestean ibili ondoren, Euskal Herrira itzuli eta euskal ijito herria ikertu du. Orain, El pueblo gitano en Euskal Herria liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxean.


2017-06-25 | Mikel Asurmendi
25 ikaslek estreinatuko dute Lanbide Heziketa saila

Bernat Etxepare Lizeoak Lanbide Heziketa saila zabalduko du 2017-2018 ikasturtean. Areago, egoitza berria estreinatuko du Baionan bertan. 280 ikasle inguru ari dira ikasten gaur egun eta 25 gehiago ariko dira lanbide heziketan. Lizeoko Hélenè Charritton zuzendariak azaldu dizkigu proiektu berriaren nondik norakoak.


Etxegabetze bat geldiarazi dute Arrotxapean

Bankiarena den Iruñeko Arrotxapea auzoko etxea husteko agindua emanda zegoen ostiral goizerako, baina geldiaraztea lortu dute. Mounira eta bere sei eta hamar urteko bi alabak kalean geratzeko arriskuaren aurrean protesta eta babesa emateko deialdiak egin dituzte Hipotekak Eragindako Plataformako kideek. Bi hilabeteko luzapena eman diote.


2017-06-23 | Estitxu Eizagirre
Erraustegiaren aurkako gose grebaren amaiera ekitaldia

Sei kidek astebeteko gose greba egiteak ekarri du ilusioa berpiztea eta erraustegiaren aurkako mugimenduan ideia honek indar hartzea: "Gelditzea lortuko dugu". Gose greba honen ekarpena biharamonean ikusten duguna baino itzal luzeagokoa izan daiteke.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude