Termometroa 

Aukera bikaina naziogintzarako

EAE-KO herritarrek badute lehendakari berria, Iñigo Urkullu. Baina Urkullu ez da euskal gizarteko lehendakaria, Ibarretxe lehendakariak behin eta berriz errepikatzen zuen gisan. Ona litzateke Urkulluk behin eta berriz harri berean estropezurik ez egitea. Lurrak oihuka dio ez dela euskal herritar guztien lehendakaria.

Xabier Letona

2350. alea
2012-12-23
alde 0    kontra 0
EAEko lehendakari IƱigo Urkullu.
EAEko lehendakari IƱigo Urkullu.

Baina Iñigo Urkullu da goreneko erreferentzia instituzionala gainerako lurraldeetako abertzaleentzat ere. Hori ere kontuan hartu beharko du Urkulluk, erakargarri izateko beste lurraldeak bere horretan aintzat hartzea ezinbestekoa baita. Gainera, interesgarriena ez da erakartzea, elkarrekin zerbait erakargarria eskaintzea baizik. Nazioa egiteko talaia bikainean da lehendakari berria, abertzale batentzat egungo pribilegiatuena seguruenik. Nazio-jorran aritzeko une biribila da begien aurrean.

Ez da erretorika, naziogintzarako aukera bikaina da krisia. Bake prozesu bat gauzatu beharra ere bai, besteak beste, datozen urteetan elkarbizitzarako oinarrizko zutabe berriak finkatuko direlako. Eta zeintzuk dira naziogintzaren beharrik larrienak egun? Bat, lana sortu eta banatu (eta bitartean, krisiaren ondorioak banatu eta partekatu); bi, bake prozesua gauzatu; hiru, euskal nortasunaren defentsa eta garapena.

Euskal hiru esparru administratiboetan ari dira gertatzen mugimendu interesgarriak.  Ipar Euskal Herrian txikitasunetik nola egin behar den lan erakusten digute egunero, hainbat esparrutan gainera: nekazaritzan, bestelako gizartearen eraikuntzan, Elkargoaren aldarrikapenean, Baionako Bake Foroaren eraikuntzan… Hegoaldetik begiratuta, harrigarria da ikustea hain jende desberdina hainbat helburu eta aldarrikapenenen gurdiari tiraka.

NAFARROAN ere badira mugimendu interesgarri ugari, bai kalean eta baita instituzioetan. Kaleak oso era esperantzagarrian egin du bor-bor hainbatetan, agian greba orokor deialdietan ikusi da argien hori, baina ohikoan ere langile eta sektore asko ari dira galbidean diren eskubideen aldeko borrokan. Izango al du horrek eraginik hurrengo hauteskundeetan?

PP bakarrik batuko da gurdira, euskal gizartearen presioak eta presio instituzionalak horretara behartzen dutenean

Pentsatzekoa da baietz, eta gainera, UPNk bere kongresua martxora aurreratu ondoren, bolo-bolo dabil aurreratuko direla. Aspaldiko partez, oposizioak gobernua eskuratzeko aukera izango du itxura guztien arabera. Gaitza PSN UPNren uztarritik aske irudikatzea, ezta? Baina hori da alderdi garrantzitsu gisa bizirik irauteko duen aukera bakarretakoa. Ezkerra, baskismoa eta abertzaletasuna, horra alternatibaren lapikoan berriz egosi beharreko osagaiak. Bere garaian arrakastatsua izan zen NaBai, eta epe laburrean ere hala izan beharko luke, ez hauteskunde koalizio moduan egituratua, baina bai gobernu alternatibari begira.

Orduan, Roberto Jimenez lehendakari? Gaitza, halako arrainarekin PSNk nekez aterako duelako behar adina boto, baina ez dirudi oraingoan nafar sozialisten baitatik beste Fernando Purasik ager litekeenik. Datozen asteetan asko hitz egingo da balizko alternatiba honen inguruan eta nola egituratu ahal izango litzatekeen. Dena gaitza, baina dena posible.

ETA EAE-N?   Hasteko, jeltzaleek autogobernuaren inguruko mugimenduak agindu dituzte legealdi bukaerarako, eta hori bera kilikagarria da kontuan hartuta PSE-PP bikotearekin azken lau urteetan autogobernu gaietan izandako monotonia. Estatus berriaren iragarpena, inoizko Legebiltzar independentzia zaleenean. Urrats berriak noiz  eta azken 30 urteetako Madril zentralista eta inposatzaileenean. Bai, txinpartak ikusteko aukera handiak dira, areago 2014an Katalunian autodeterminazio eskubidearen erreferenduma egingo bada.

Aukerak bai, baina logikoena da estatusak eragindako txinparta handirik ez ikustea. 50 urteko biolentzia zikloa ez da alferrik iragan eta hemen bake prozesua gauzatu behar da lehenik. Iraganari begiratu, nork bere jarduerak aztertu eta kritikatu, heldu biktima guztien gaiari, presoei, estatusari… eta elkar bizitzaren zutoina berriak jarri. Ezin da independentziarik egin 600 preso kartzelan utzita. Gero gerokoak.

Urkulluk prozesu horren puntan egon behar du, baina ez bakarrik. EAJ, EH Bildu eta PSOEren prozesu partekatua izan behar du, Eusko Legebiltzarrean bai, baina ez hor bakarrik. Baionako Foroak unibertsitate batetik etor daitezkeen balore garrantzitsuenetakoak jaurti zituen iragan astean: bakea eta kohesioa. PP bakarrik batuko da gurdira, euskal gizartearen presioak eta presio instituzionalak horretara behartzen dutenean.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2349
 
azala2348

2350 zenbakia.
2012ko abenduaren 23a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


AmetzagaiƱa Argia Antza iametza Adur Luditoys