Sahel haretsua hesi berdez hezetu nahian

  • Klimaren aldaketari Afrikan eman nahi zaizkion erantzunetako bat Hesi Berdea da: 6.900 kilometro luze eta 15 kilometro zabal edukiko duen gerriko oihanezkoa ozeano batetik bestera, Senegaletik Djibutiraino. Tartean badira eredu ezberdinak eta polemikak. Baina Nigerrek urteotan basoz hornitu omen du bi Euskal Herri adinako eremua.

Saheleko soro batean emakumea labore berria zai molde zaharrean ereiteko zuloak egiten.
Saheleko soro batean emakumea labore berria zai molde zaharrean ereiteko zuloak egiten.

New Yorki ‘Sandy’ ekaitzak uholdez gogorarazi dio klimaren aldaketa heldu dela. Afrikari, Saharako basamortuaren aurrerakadak.  Dagoenekoz Afrikako eremuaren %40 dago desertifikazioak gutxiago edo gehiago jota; 2025erako kontinenteak galdua duke nekazaritzarako balio zion lurraren bi heren.

Zer egin? Sahara inguruko herrialdeetako agintariek itxaropen handia daukate jarria Hesi Berde Handia delakoan. Atlantikotik Indiako itsasora, Senegaletik Djibutiraino 11 herrialde zeharkatuz, 6.900 luze eta 15 kilometro zabaleko gerriko hezea. Operazioa laburbildu du The Ecologist aldizkarian Bobby Bascombek The Great Green Wall kronikan.

Lehenik Bascombek Dakarreko agintarien asmoa aurkeztu du. Alegia, gero eta laburragoa den euri aroan herritarren laguntzarekin milaka arbolatxo landatzea, lekuko espezieetakoak, nekazariek beren beharretarako egokiak izango dituzten klaseetakoak, ahuntzak sartu ez daitezen hesitutako zelaietan.

Asmoak usteltzen ez badira, alde batetik lekuko laborariek basoa  handitu ahala zuhaitzen egurra, fruituak, goma arabiarra bezalako mozkinak eta osasunarentzako sendagaiak ere eskuratuko dituzte.  Maila zabalago batean, ingurumenak ere irabaziko du: lurzoruaren higadura gutxitu, gero eta urriagoak diren euriteetako urari hobeto eutsi, lurpeko geruza freatikoa berriro ase... eta Dakar bezalako hiri modernoak itotzeraino ugaritu diren harea ekaitzen indarra ahuldu.

Helburu guztion bila Senegalek koordinatzen duen Great Green Wall proiektuak orain arte 1.800 milioi dolar jaso ditu Munduko Bankutik eta 108 gehiago Nazio Batuen Ingurumen Agentziatik. Senegalek orain arte 20.000 hektarea baino gehiago oihandu omen ditu proiektu horren barruan, lehendik zeuzkan basoak hobeto zaintzeko hartutako neurriez gain. Urtean hiru milioi landatzen dituzte Senegalen.

Bascombek, ordea, zuhaitz landaketon emaitzekin eszeptiko aurkitu ditu Sahelen urte luzez ari diren adituetako batzuk. Horien artean Gray Tappan geografoa eta Chris Reij agroforesterian aholkularia. Hauen ustez lehendik ere porrot egin duten zuhaitz landaketa tipikoetatik harago joan behar da basamortuari aurre egitekotan. Ezingo zaie ezarri sistema bakar bera ia 7.000 kilometrotan barreiatutako komunitateei.

Albiste ona da hareatzak berdetzeko ereduak badaudela, zorionez. Tappanek Nigerrekoa azpimarratzen du. 1980an ikaragarrizko idorteak nekazaritza hondoratu zuenean, laborariek erreakzionatu zuten beren gurasoen sistemara itzuliz: soroetako zuhaixkei hazten utzi eta haien inguruan erein laboreak. Geroztik uztak hobetu dituzte, elikadura segurtatu eta Nigerrek 45.000 kilometro karratu arboladi irabazi.

Lurra eta jendeak zaindu

Milaka arazorekin, tartean gerrak daudelako, krisi politikoak, 11 milioi jende goseak Sahel osoan barrena... baina kontua da milaka herritar eta komunitate ari direla buru-belarri basamortua hezetzeko ahaleginean. Horien adibideak eskaini izan ditu Mark Hertsgaard kazetari iparramerikarrak The Nationen eta Le Monde Diplomatiquen.

Klimaren aldaketan eta justizia klimatikoa deitu zaion mugimenduan jakituna den Hertsgaardek gehienetan emakumeak aurkitu izan ditu zuhaixkak landatzen eta zaintzen, familia, etxea eta ortua ere beren gain edukiz. Senegaleko Koutal herrixkan, esaterako, non atzerriko diru-laguntza eta aholkulariak baliatuz 290 hektarea harritsu arbolaz berdetzea lortu baitute.

Agroforesterian –laboreak zuhaitz artean hazteko teknika zaharberrituan– mundu mailako ospea duen Dennis Garrityk proposatu dio Hertsgaardi Hesi Berdearena metafora gisa erabili behar dela, zati berdinez eta goitik behera planifikatutako zera bat bezala ez baina bertako herritarren bizimodua, elikadura, eta ingurumenaren zainketa lotuko dituen asmo anitzen bilduma bezala.

Laboreak arbola artean ereitea betidanik egin izan da Afrikan, Europatik ekarritako laborantza industrialak gauzak aldrebestu zituen artean. Udako agorrean freskura ematen duten hostoak lurreratutakoan orbel ongarri  bihurtzen dira. Zer besterik da permakultura?

Burkina Fason famatu egin da beste eredu bat, Yacouba Sawadogo baserritarrak abiatu zuena. Irakurtzen ez dakien gizon honi duela urte batzuk bururatu zitzaion guraso zaharren tekniketara itzultzea. 1972tik 1984ra luzatu zen lehorte ikaragarriaren amaieran ekin zion mende luzez Sahara inguruko eremuetan erabili den zai sistemari: laboreak ereiteko zuloak egin (Sawadogoren eskualdean askoz axalekoagoak dira goiko argazkian ageri direnak baino) eta horietan ukuiluko simaur zaharretan laga haziak eurien zain.

Sawadogok zein jakintsua den erakutsi zuen gorotzetan gordetako hazi batzuetatik artatxikiaren eta basartoaren aldamenean sorturiko zuhaixkei bizirik irauten utzi zienean. Arbolok hazi ahala, lurra ongarritzeko eta higadura murrizteko laguntzaile onenak bilakatu ziren. Denborarekin laboreei baino arreta handiagoa eskaini die Sawadogok zuhaitzei, etekin ekonomiko handiagoa ateratzen dielako.

Esperientziak erakutsi du soro eta zelaietan berez etorritako zuhaitzek biziraupen hobea dutela mintegietan sortu eta zeharraldatutakoek baino. Hori sustatzen dute bertan ari diren Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek, eta bertako herritar askok ere bai. Baina zuhaitzen etsai bakarra ez zen ezjakintasuna.

Ende eskualdean, Malin, herriko baso eta zuhaitzak Barahogon deitu nekazari batasunak kudeatzen zituen; gurean ezagutu diren zilegi lurrak eta herri basoak oroitarazten ditu barahogon horrek. Baina Frantziak kolonizatutakoan, egurra ateratzea debekatu zuten. Lurra zurea bazen ere, zuhaitzak estatuarenak ziren. 1960ko hamarkadan independentzia lortu bai baina lege kolonialak bere hartan segitu zuen. Baserritarrek arbolatxoak erauzten zituzten, haiek gero mozteagatik zigortu ez zitzaten.

1990an liskarrak izan ziren estatuaren guardekin, baserritarrek horietako batzuk hil egin zituzten. Bakeagatik legea aldatu, nekazariei berriro eman oihanetik egurra ateratzeko eskubidea... eta basoa hasi zen handituz zabaltzen.

Chris Reij aditu holandarrak kalkulatu du Nigerren bertan baserritarrek 200 milioi zuhaitz berri atera dituztela aurrera. Hala ere, ahaleginok aski izango ote dituzte munduak CO2 isuriak murrizten ez baditu?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude