Termometroa 

Sacha Rosero

"Kitxua biziberritzea posible dela ikusi dugu Katalunian eta Euskal Herrian"

Euskal Herrian izan dugu berrikitan Sacha Rosero (Otavalo, Ekuador, 1970). Kitxua da eta informatikaria, hizkuntzak biziberritzeko estrategiei buruzko graduondo ikastaroa iaz HUHEZIn egina. Handik hona, kitxua biziberritzeko lanean murgildurik bizi da, Kataluniako eta Euskal Herriko esperientziak lagungarri.
 

Miel Anjel Elustondo

2349. alea
2012-12-16
alde 0    kontra 0
“Ez kapela, ez pontxito, ez alpargata… ezer ez da gurea, hizkuntza besterik!”
“Zuen zuzendaritza teknikoa nahi dugu, egin dituzuen okerrak guk ez egiteko”

Kitxuaz hitz egin behar diguzu, zuen hizkuntzaren egoera Ekuadorren.

Orain dela 40 urte zuek zeundeten bezala gaude gu orain Ekuadorren. “Hitz egidazu kristauera… Zuen hizkuntzak ez du deusetarako balio… Laborarien hizkuntza da… Ez du unibertsitaterako balio…” Oinarrizko hezkuntzan ez da kitxuarik irakasten, lau herri-egunkari ditugu eta batek ere ez du kitxuaz publikatzen, 50 irrati-emisore ditugu baina bakarra elebidun –ezta kitxua hutsez ere!–, lau telebista kate eta batek ere ez du saiorik kitxuan… Horregatik esan dizut orain dela 40 urte zuek zeundeten bezala gaudela. Eta, naski, zuek orain duzuen egoera dugu helburu.

40 urte atzera.

Orain dela urtebete hasi zen dena. Garabide elkarteak, euskararen biziberritzeari buruzko jardunaldiak antolatu zituen, azken hamarkada hauetako prozesua azaldu zigun, zer egin den, zer den hizkuntza baten biziberritzea. Ikastaroa antolatu zuen eta hizkuntza minorizatuak dituzten zenbait komunitateko ordezkariak gonbidatu zituen: maia, aimara, ketxuera, kitxua… Amazonian oihanaren ekialdean ehunka hizkuntza daude, desagertzen ari direnak. Bada, iaz arte ez nekien! Ni, izan ere, informatikaria naiz, Internet bidezko marketina dut lana, baina ikastaro hartan izan nintzen...

Kitxua zara.

Bai, kitxua indigena. Hiru milioi laguneko giza taldea gara kitxuak, Ekuadorreko Andeetan bizi gaituzu. Gure hizkuntza, berez, jetxuatik dator, hots, Peruko hizkuntzatik, edo tahuantinsuiotik. Tahuantinsuio, espainiarren konkista baino lehen, Argentinako iparraldea, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia hegoaldea zen. Hori dena zen Inka inperioa, eta jetxua zuten hizkuntza “ofiziala”. Jetxuaren eta karank-en nahastetik –gure herri hizkuntza karanka baitzen garai hartan–, sortu zen kitxua. Ketxuaren parte da, nahi baduzu, nola diren valentziera eta mallorkera katalanarenak. Ber gauza dira kasik.

Zenbat zarete kitxua hiztunak?

Hiru milioi Ekuadorren, eta lehen Tahuantinsuio zen horretan, Latinoamerika guztian, hamahiru milioi gara, gutxi gorabehera. Asko. Edo nahikoak! Elkarrizketa prozesuan murgilduta gaude, kitxua panamerikarra egiteko asmotan, han ere nazionalismoak kopiatu baititugu. “Ez, ni ez naiz perutarra, nire hizkuntza diferentea da!”. Eta gisakoak. Batzen bagara, zer edo zer gara. Bat egin ezik, deus ez. Hamahiru milioi izan, edo hiru milioi… Latinoamerika osoa hartzeak indar handia du ekonomikoki zein politikoki.

Ekuadorreko hiru milioiak gune bateratuan zaudete, ala barreiaturik?

Komunitatetan sakabanaturik. Ekuadorren hiru dialekto ditugu: iparraldeko kitxua –han da Quito–, erdialdekoa, eta hegoaldekoa. Baina bat bera da hizkuntza, esan dudanez. Adibidez, “txakur” esateko, guk allku esango dugu, eta hegoaldean, berriz, axku. Eta orain dator galdera: “Nola idatzi?” Kar, kar, kar… Duela hamar urte idazkera normalizatzeko prozesuari ekin zioten, eta aldi berean, nazio mailako hezkuntza elebiduna abiarazi zuten –gaztelania eta kitxua–, eta horren karietara, kitxua batua egin zuten. Egina dago.

Hezkuntza elebiduna esan duzu. Kitxua irakasten da, beraz.

Landa eremuko eskoletan, nekazari herrietan…

Bigarren mailako eskoletan, esan nahi duzu?

Horixe. Eta emaitza ere katastrofikoa da. Eskola elebidun horietan ari diren haurrek ez dute irakasle bat besterik. Alegia, irakasle bakarra, eta gela bakarra: hantxe dituzu lehen mailatik seigarrenera bitarteko ume guztiak. Ikasleok hiriko eskolara jo nahi dutelarik, ezin dute, ez dute mailarik. Pentsatu ere ez unibertsitatera sartzerik. Nire irudiko, eredu horrek porrot egin du. Guk bestela egin nahiko genuke, hemen egin duzuen bidea egin.

Zein bide?

Hiru hilabetez izan ginen iaz HUHEZIn, Arrasateko unibertsitatean. Garabidek itzel egin du lan. [Xabier] Mendiguren eta beste. Ezagutu genituenean konturatu ginen; prozesua bideratu duten eminentziak dira! Beraien esperientzia kontatu ziguten, beraien jakintza gurekin partekatu zuten. Hedabideak garrantzizko dira, baina hezkuntza da oinarri, eta irakaskuntza ereduak: A, B eta D. Horren arabera ari gara gu Ekuadorren. Egitasmo bat abiarazi dugu, Kitxu sisai izenekoa, hau da, “kitxuaren loratzea” esan nahi du. Gure plangintzaren arabera, bospasei urte barru kitxua irakatsiko da probintziako 600 eskoletan, bigarren hizkuntza H2 bezala. A eredua, finean, baina lehenengo urrats moduan. Hamar urtean, kitxua ikastola sortuko dugu. Ez dakigu zein izen emango diogun, baina horixe izango da, kitxua ikastola.

Hamar urte zain egotekoak zarete?

Ez baitugu irakaslerik! Gure hizkuntzan irakatsiko duten irakasleak behar ditugu eta, horretarako, prestatu egin behar ditugu lehenengo. Hemen gertatu zen bezala.

HUHEZIn egin dudan hilabeteetan horixe ikasi nuen, hizkuntza bihotzez sentitu beharra dagoela, hizkuntzak kulturan duen garrantziaz jabetu. Esan dizut, ni informatikaria naiz, Bartzelonan bizi izan naiz orain dela gutxi arte. “Indigena naiz” esaten nion neure buruari –horra nire kapela, nire pontxitoa, gure janari berezia…–, baina ez nion hizkuntzari opa. Orain, aldiz, konturatzen naiz kapela Italiakoa dudala, ez dela gurea. Alpargatak, Espainiako ohitura ditugu. Jantzita daramatzadan prakak, berriz, janztera behartu gintuzten, esklabo egin eta lanera behartu gintuztenean kaxmirrak egin genitzan Europara ekartzeko. Hau ez da gurea, hura ere ez… Ezer ez da gurea, hizkuntza besterik! Hizkuntza galtzen badugu, kulturaren gunea galduko dugu. Hizkuntzaren bidez bizi gara, bizi da gure kultura. Kultura guztiak ahozkoak izan ditugu, hizkuntzaren bidez transmititu dira. Hizkuntza batean edo bestean egin transmisioa, esanahi ezberdina du, guztiz.

Horrela iritsi zara Euskal Herriraino.

Bai. Uste dugu garrantzizko dela prestatuko ditugun irakasleek hizkuntzaren militanteak ere sortzea. Hori ikusi dut nik. Unescok, esaterako, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen zerrendan jarri gaitu, ez dago belaunez belauneko transmisiorik! Gure aitaita-amamak “Yanga ximi” esatera behartu zituzten, hau da, “balio ez duen hizkuntza”. “Hitz egin dezagun yanga ximi” Behin eta berriz eta askotan esaten zuten hori! Baina ez da horrelakorik, runga ximi da, hau da, “gizakiaren hizkuntza”. Orain, familiek, onbeharrez, ustez, gaztelaniaz hitz egiten diete beren seme-alabei, etorkizun hobea izango dutelakoan, gurasoek beraiek bizi izan duten lotsa bizi ez dezaten. Horien umeak landa eremuko eskoletara iristen direlarik, ez dakite kitxuaz hitz egiten. Esaterako, geu gara kitxua hitz egiten duen azken belaunaldia. Ondotik datorren belaunaldia, hiztun pasiboa da. Eta hirietan hazi direnek bihirik ere ez dakite kitxuaz.

Egiten duzun lanaz ari zarela, “gu” diozu. Nor eta nor zarete “gu”?

Kitxuaz hitz egiten duen belaunaldia gara, gureaz ez beste kultura batzuk ezagutzeko aukera izan duena. Batzuek Euskal Herriko egoera ezagutu ahal izan dugu, eta hizkuntza bat biziberritzeko modua dagoela ikusi. Euskara, katalana, hawaiiera indartu eta normalizatu daitezkeela ikusi dugu, hizkuntza biziberritzea posible dela. Arlo ezberdinetan lanean ari den jendea gara, soziologo, informatikari, ekonomialari. Gurekin batera, erakunde pribatu eta publiko zenbait, kitxuaren alde zer edo zer egiten ari direnak, edo egiteko interesa dutenak. Ni neu, esaterako, Runa patxa elkarteko burua naiz, GKE bat, Katalunian sortu genuena duela bederatzi urte.

Ez zarete hasiberriak, hortaz.


Kultura sustatzen hasi ginen Bartzelonan, hizkuntzaren irakaskuntza, hitzaldiak… askotariko kultur ekitaldiak antolatzen jardun dugu. Azken bi urteak, berriz, hizkuntzari lotu gatzaizkio erabat. Heldu egin gara gu ere!

Katalunian lanean hasiak, uste nuen Ekuadorren salbatu behar zela kitxua. Hil ala biziko egoeran liteke zuen hizkuntza.

Txepetxek dioenez, hiru belaunalditan galtzen da hizkuntza, eta hiru belaunalditan berreskuratzen da. Azkeneko hiztun belaunaldia gaituzu, eta gure ardura da galera prozesua iraultzea. Gure ondotik datorren belaunaldiak lanak izango ditu, zailtasun handiak. Guk kitxua hitz egiten dugu. Haiek ez.

Kitxua hiztuna zu, Bartzelonan!

Hogeita bat urte daramatzat atzerrian. AEBak, Brasil, Venezuela, Afrika, Espainia… Gure egitasmoa tarteko, Ekuadorren izan nintzen orain dela bederatzi hilabete. Han da borroka zelaia, badakit. Eta, orain, ekonomi krisia, eta beste egoera bihurri batzuk tarteko, hara noa bizitzera. Kito da. Han borrokatu behar da. Lan handiena egiten duen taldea ere Otavalon da. Guk denok Kitxua xum osatzen dugu. Kitxua xum-ek esan nahi du “bizi gaitezen kitxuaz!”, “izan gaitezen kitxua!”. Erakunde horrek zuzenduko du prozesu osoa. Partidari hasiera eman diogu, baina ez gara bakarrik ari, jende mordoa ari da kolaborazio lanetan. Geu ari gara partida jokatzen, baina Kataluniako Generalitaten aholkularitza juridikoa dugu, hango Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren babesa. “Dirurik ez dago orain,  baina katalana normalizatzeko bidean egin ditugun urratsak zuekin partekatzeko eragozpenik batere ez dugu. Alderantziz, gutxienez hori egin behar dugu”. Zuzendaritza teknikoa nahi dugu, ez besterik, hemen egin dituzuen okerrak ez egiteko guk. Eta berdin Euskal Herrian. Gure hizkuntzaren biziberritzeak antz handiagoa du euskararenarekin, katalanarenarekin baino. Hasteko, kitxua ere ez baita hizkuntza erromanikoa. Katalanaren eta euskararen arteko nahaste bat beharko genuke, normalizazio prozesuari dagokionean. Guretzat nahitaezkoa da elkarlana. Galdutzat ematen genuen kitxua biziberritzea. Inposible bat genuen, ezinezko, eta, aldiz, posible dela ikusi dugu.

Zertan da agintea Ekuadorren? Kitxuarekiko sentiberatasunik badu, kontzientziarik, konpromisorik?

Andetarrak gaituzu, eta, andetar garenez, patxamama dugu sineste, lurra sinesten dugu, planetaren energia. Ez da sinestea bakarrik, badakigu bizirik dagoela, gainerako izaki bizidunak bezala. Egiten dugun guztia, sineste horrekin batera egiten dugu: denbora-lekuak, alegia. Gure ekipoan, yatxa-k ere baditugu, txamanak hemen, lider espiritualak. Ongi ezagutzen dute gure kultura, eta haien jakituria ere gure proiektuan integratu nahi dugu, hizkuntz proiektua da gurea, baina kulturala ere bai. Horren arabera, ematen du agintea gure alde jartzeko garaia heldu dela.

Zer esan nahi duzu?

Juridikoki, lege babesa dugu. Hamar hizkuntza hitz egiten dira Ekuadorren. Kitxua da nagusi. Konstituzioaren arabera, kitxua hitz egiten den lekuetan, hizkuntza koofiziala da. Hortaz, ez gara estatuaren kontra ari. Duela urtebete, berriz, hezkuntza lege berria onartu zuten, Correa lehendakari zela. Gauza on asko ari da egiten Correa. Boterea kudeatzeko modua ez zait gustatzen, baina ongi ari dela lanean esango nuke. Hezkuntza lege horretan, honela esaten da hitzez hitz: “Ekuadortar guztiek dute hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea”. Jakina, ez du esaten noiz, nola, non ez nork finantzatuko duen, baina marko juridikoa ezarrita dago. Generalitaten Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzan esan zidatena: “Marko hori gabe egin dugu guk egin dugun guztia. Horra oraindik, Espainian, ministroa, ‘Katalan umeak espainoldu nahi ditugu’ esaka. Zuek, marko hori duzuelarik, lan zoragarria egin dezakezue”.

Otavalo, indigena juduak

“Ni bezala jantzitako jendea, ile luzea, plazarik plaza saltzaile… Otavalo gara. Gure musika eta artisautza harturik gabiltza munduan. Saltzaile kualitate nabarmen hori duen komunitate indigena bakarra gara. ‘Indigena juduak’ gaituzu, munduko lau kornerretan ikusiko gaituzu, gure produktuak salgai. Gizarte kapitalista baten baitan bizi gara, eta dirua duenak boterea du. Guk, bestalde, gure buruak hezteko aukera izan dugu. Orain dela bost belaunaldi, berriz, ez genuen hezkuntza eskubiderik, galarazia genuen eskolara sarrera. Gurean osaba-izebak izan ziren eskolara sartzen lehenak, unibertsitatera iritsi zirenak. Harrezkero, bidea egin dugu, eta gaur egun otavaloak zoko guztietara iritsi gara. Badituzu ekonomialariak, abokatuak, medikuak, ingeniariak…”


Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2348
 
azala2347

2349 zenbakia.
2012ko abenduaren 16a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys