““Zük Xiberoa esportatzen düzü!” erraten didate”

  • Egungo Zuberoak euskarari eman dion izenik handienetarik duzu Jean Louis Davant. Irakasle, idazle, politikari, euskaltzain, guraso… Hamaika ertz baditu, eta soseguz eta patxadaz bihitu dizkigu batzuk eta besteak.

Zuri galto egitea dukegu onena: non ezarri behar dugu u dieresiduna?

Aditzan, iragan bukatuan, agitü, gertatü

Gainerateko hitz eta aditz formetan?

Aldian aldikoa!... Zuek lasai, beti u errazue. Euskaltzaindian ere, badago bat edo beste ü egiten saiatzen denik, baina i erraten du, ezin ü erran. Hartako, ene gomendio bakarra da zuek u erratea beti, guk badakigu zuek horrela erraten duzuela. Horrek ez gaitu kexatzen, ez haserretzen, i gehiegi entzuteak ordea bai. Ene gomendio apala.

Hona heltzen garelarik, Zuberoara gatoz. Hona heldu eta, aldiz, beti da Xiberoa eta xiberotarra…

Zuberoa da izen historikoa, Euskaltzaindian izen ofizial bezala onartu duguna. Baina, besteak ere zilegi dira, haizu dira, Xiberoa eta beste.

Bi minutu, bi ikasgai. Irakasle iaioa zaitugu, horretan eman duzu bizia ere…

Bai, beti irakasle.

Haatik, ez euskara irakasle, baina agronomia, ingeniari agronomo ikasi zenuenez. Zu, izan ere, laborari familian sortua zara…

Bai, hemen ondoan, bideaz bestaldetik den etxean: Zabalainea. Bizi garen etxea berria da, Aizagerrea. Etxe zahar bat bazen hemendik hurbil, aitak erosia. Lurrera joan zen, eta haren izena hartu du gure honek. Ni Zabalainekoa nauzu, Zabalaineko Jean-Louis. Lau senide gara. Ni, bigarrena. Beraz, gehien anaiak hartu zuen etxaldea. Primua zen. Hirugarrena arreba, Muskildirat ezkondua, laborari batekin. Laugarrenak ere ingeniari eskola egin zuen. Lur Berrin lan egin zuen luzaz, Makeako esnetegian ere bai gero… eta ondotik emaztearekin joan zen Galiziara. Hangoa du emaztea, galiziarra, frantses irakaslea, eta han egon ziren. Orai, azkenik,   Nafarroan dira. Emazteak aldaketa galdatu zuen, eta postua lortu zuen Zangozako institutuan.  Berriki erretiratuak dira biak eta Nafarroa Beherean, Arberatzen dituzu...

Laborari zineten etxean, horrek jarri zintuen ingeniari agronomo ikasteko bidean?

Laborantza zaharretik berrira sartzeko ziaboga izan zen orduan. Ikusten zen izango zela. Lehenago, laborantza biologikoa zen, erran nezake. Dena landareekin egiten zen, sua ere landareekin. Garraioak kabalekin. Lana, eskuz edo abereekin. Onkailuak ere, ongarria, abereen gorotza zen, simaurra, beste landareren batekin nahasita. Bitarteko natural horietarik artifizialetara pasatu ginen. Kimika eta mekanizazioa, batetik, eta petrolioa, bestetik... Petrolioaren mende jarri ziren laborariak ere.

Nasai eta pausuan mintzo zara. Nor zen zuen etxean eite horretakoa?

Denak ere hainbat patxadan mintzo ziren, baina ni besteak baino gehiago. Beharbada erraztasunik ez dudalako mintzatzeko. Eta maite dut gauzen argi eta garbi esplikatzea, bai. Izpirituz ere argizaleak gara, aitak gauzak argi esplikatzen zituen, amak ere bai… Hizkuntza ona zuten, eta argi eta garbi mintzatzeko joera ere bai, itzuli-mitzulirik gabe, zuzenean gauzak erran, ahal bezain argiki… Ahalaz ez bortizki!

Mintzo zarelarik, bakea ematen duzu…

Ez dakit batere. Komunikatzea maite dut, eta komunikatzea bi aldeetara da, ez bakarrik mintzatzea baina ikustea besteak entzuten ote zaituen, ulertzen zaituen, eta berak ere zer pentsatzen duen, zer erranen duen adi egotea. Joan-etorri bat bada bi pertsonaren artean.

Non duzu idazleak ohi duen ego puztua?

… Denetarik badago. Idazle bezainbat jite!

Kristau katoliko zara, sinestun…

Hemen denak hala ziren, kristau eta katoliko. Baziren elizan guti ibiltzen zirenak, baina besta onetan han izaten ziren, elizan. Euskaraz ikasi nuen katixima, dotrina, eta hor euskara ona, zuberera klasikoa dastatu nuen, eta genuen. [Atanase] Belapeirerekin hasi zen hori, XVII. mendean. Hark idatzi zituen lehenbiziko zubererazko liburuak. Hark ezarri zuen eredua, eta Elizak beti segitu du eredu hori. Apezek zuberera klasikoan idatzi dute beti.

Euskarak badu zorra Elizarekin?

Uste dut baietz, eta handia gainera. Erraten da apezek beren propaganda egiteko baliatu zutela euskara. Bai, hala da, eta besteek, zergatik ez zuten baliatu? Notarioek zergatik ez zuten euskaraz idatzi? Eta medikuek? Eta epaileek? Eta abokatuek?... Horiek guziak baziren, ez soilik Bilbon, Donostian edo Baionan, baina Maulen! Baziren epaileak eta abokatuak. Donapaleun, halaber. Eta berantago iraun zuten. Ia herri guzietan notarioa bazen. Sarjentak ere baziren, notarioen bereterrak, nahi baduzu, laguntzaileak. Medikuak eta botikariak ere baziren, eta horietarik arras gutik euskaraz idatzi dute… Apezek beren ofiziotik kanpo ere idatzi dute euskaraz. Batzuek, ez denek!, baina ez gutik!

Beraz, zuek hebenko euskara batua antzina egina duzue…

Egina zen! Orai gazteek ez dute  ezagutzen, non ez diren elizan ibiltzen. Zuberera klasiko hori ez dute ezagutzen, eta batzuetan alferrik baztertzen dituzte lehen eginak…

“Gazteek ez dute zuberera klasiko hori ezagutzen”. Zer dakite gazteek?

Etxean ikasi dutena ere gero eta gutiago. Eskolan ikasi dutena dakite, ikastolan ikasi dutena bereziki, edo AEKn ikasi dutena. Zubereraz ikasten dute, nahiko klasikoan, erran behar da.

Zuberoako gazteek hebenko euskara batua ez dute ezagutzen, “Nola ez diren elizan ibiltzen” erran duzu, irri eginez aldi berean…

Bai… Bitxi iduri zait bat-batean denek eliza uztea. Bat-batean denek fedea galdu dute? Ez naiz seguru. Baina lehen ere, denak ibiltzen zirenean elizan, denek ote zuten fede sakona? Zalantzak ditut, zeren gure apeza xahartu zenean, ez zuen entzuten, orduan, solairuan, gaineko partean, mutil gaztetxoak kalakan ari ziren meza denbora guzian. Nik pentsatzen nuen: “Zertara badatoz elizara? Zertara badatoz?” Hala ere, batzuk zintzotu dira ondotik. Erran nahi dut lehen ez zutela denek fede handirik, baina orduan moda zen elizara joatekoa. Amak bidaltzen zituen, amagatik joaten ziren, asko, edo besteek bezala egin nahiz, edo besteren ikusteko mezatik ateratzean ostatura joateko. Orai haizea arras beste aldera dabil, arras!... Egia da, Iparraldean mezak luze izaten direla. Hegoaldean, denbora erdiz ematen dituzte, eta oraino batzuek diote luzeak direla! Hemen ordubete hartzen du mezak, usaian. Han ordu erdiz joana da!

Luze eta labur… gure alderdian ez da pastoralak bezain luze irauten duen ezer, deus!

Bai. Hegoaldekoak ez zarete normalean pastoral zaleak!... Han hiritar mentea duzue, pazientzia guti, beti denboraren puntan bizi zarete. Iparraldean, hiritarrek ere, patxada gehiago dute. Ez nekazari edo baserri mundukoek bezainbat, baina hori badago. Han arras modernoak zarete, ez dakit ohartzen zareten ere!... Beharbada, horretan pixka bat neofitak ere bai zuek, eta neofitek, badakizu, gauzak egiten dituzte besteek baino hobeki, edo gehiago, azkarrago edo indartsuago.

Sinestun berri konbertsoen pare!

Kasu, horiekin!.. Uste dut frankismoak han dena izoztu zuela, eta izotza joan ondoan burrustan dator halako indar bat, ezkutuan zegoena.

1935ean sortu zinen, kristau hazi zinen, Laborantza ikasketak egin zenituen… 1957an izkiribatzen ari zinen Gazte aldizkarian…

Baionan ateratzen zuten, baserri gazteriaren hilabetekaria zen. Udan etxean nintzen urte hartan. Gero, ikastaldi bat egin nuen Clermo,t-Ferrandeko eskualdean, bi hilabetez, eta ondotik lan egin nuen Gerezieta Garroan. Irakasten hasi nintzen, eta ber denboran laborantzako teknikari batekin lan egiten nuen, ikasteko. Laborantzaz, eta ideiez ere, izkiriatzen nuen. Bizioa banuen izkiriatzen ikasi nuenetik. Lehenik, eskolan frantsesez izkiriatzen genuen. Mauleko institutuan nintzelarik, ordea, Xarritonek bultzatu ninduen euskaraz idaztera. Eskualtzaleen Biltzarrak urtero lehiaketa bat antolatzen zuen ikasleen artean, eta horretan parte hartzera lehiarazi ninduen, hamazazpi urtetan.

Piarres Xarriton.

Irakasle zen Mauleko institutuan, eta gaztelania irakasten zigun, espainolez... Hor dabil oraindik gure Xarriton, ongi dabil, makila eskuan, pixka bat herrenka, baina badabil. Burua arras ongi leheneko gauzez, izugarriko oroimena du. Oraikoak ahazten ditu berehala. Hori adinak egiten du.

Xarriton zuei gaztelania erakusten, beraz. Sasoi batean, frantsesa ikasten genuen guk, orain ingelesez ari dira eskolan. Hegoaldekoa Iparraldera etorri eta ezin komunikaturik dabiltza sarri, euskara sobera ez konprenitzen, frantsesez deus ez dakitela. Herri bat lotzeko modu makurra…

Nik hizkuntzak maite nituen. Sei urtetan ez nekien frantsesez hitzik, baina eskolan berehala ikasi nuen. Gero, Mauleko St François kolegio edo institutu katoliko hartan latinez ikastera behartu ninduten. Hori dela-eta, espainolez ere nahiko ongi ikasi nuen, espainol literarioan. Horrek ez du bideak galdetzeko balio, baina irakurtzen dut, eta idatz nezake –huts batzuk eginez, bistan da–, mintzatu gutiago. Udako oporrak Aragoiko mendian hartzen genituen, gazteago ginelarik. Orain, gutiago. Berehala jartzen nintzen gaztelaniaz mintzatzen. Ahal nuke. Hegoaldera joaiten naizelarik euskaraz ari naiz, bistan da.

Hasi zinen izkiribatzen, eta ez zara gelditu. Pausarik ez da izan. Are, oraino ere izkiriatzen ari zara, beti…

Soldaduzkan ez nuen idatzi.

Aljerian?

Bai. Behin idatzi nuen, eta izeba batek galdegin zion ene anaia gehienari: “Baina, idazteko eskubidea badu?” Eta ez genuen! Armadan normalki ez duzu idazten ahal, baimenik edo kontrolik gabe. Gainera, Aljerian gertatzen ziren gauzekin! Orduan, gelditu nintzen, ez nuen idatzi bi urtez.

Aljeriakorik ez duzu inoiz idatzi?

Behin. Aljeren bazen soldaduen aldizkari bat [Eskual Herria: Bulletin périodique des Basques d’Alger] eta hara idatzi nuen beste behin, baina ez zuten hartu. Kontuz ibiltzen nintzen, Segurtasun Militarrean bainintzen soldadu.

Aldizkari hartan idatzi zuen hanitxek baino haboro ikusiko zenuen zuk orduan, seguritatekoa izanik…

Ikusi, gauza guti ikusi nuen nik. Soldadu bakoitzak guti ikusten du, baina denen artean asko! Zerbitzu berezia egin nuen, Seguritatean, batetik, eta, bestetik, Saharan nintzen, klaseak Aljer aldean egin ondoan –Aljer, eta ez Alger, batzuek idazten duten moduan–, han egin nituen klaseak, soldaduzkako gauza beharrenak ikasi nituen lau hilabetez, eta konpainian ehun eta berrogeita hamar lagun ginen. Hori bukatzean, urte hondarrean, denak geure postuetara bidali gintuzten. Ni bakarrik bidali ninduten Saharara. Gutik dute Saharan zerbitzua egin. Hura Aljeria zen? Bai eta ez. Sahara beste mundu bat da. Eta Sahara aljeriar baldin bada, Frantziaren faltaz da, zeren mapan ikusten duzu Aljeriak baduela Saharatik izigarriko partea, Tunisiak ia batere ez du. Eta Sahararen erdialde hori zertako da Aljeria?... Hura beste mundu bat zen, han gerla guti zen! Ni ez naiz joaten soldadu ohien biltzarretara, zer erranen dut nik? Ia ez dut ezer komunikatzeko, zeren beste guziak egon ziren iparrean, gerla zen lekuan.

Zer sentitzen duzu gerlan izan ziren horiek idatzi zituztenak irakurririk?

Berriak jakiten genituen, leku onean nintzen. Harat joatean, hogeita hiru urteak banituen –besteek hogei, baina ni ikaslea izanez, berantago joan nintzen–, eta ikasle nintzelarik irakurtzen nituen agerkari eta kazeta kritiko batzuk. L’Express orduan agertu zen, baita France Observateur, eta horien bidez banekien ez ginela joaiten ordenaren zaintzerat. Han gerla zikin bat bazegoela banekien. Beraz, torturak eta horiek guziak banekizkien. Eta, bistan da, horien berriak jasotzeko leku onean nintzen Seguritate Militar horretan, nahiz eta oso abilak eta diskretuak ziren. Paperetan aipatzen zirelarik, ez ziren gordinki agertzen. Asmatu behar zen zertaz ari ziren.

Txomin Peillenek bi ipuin ere baditu Aljeriako gerlaz eta torturaz, gero liburuan plazaratuak Aldjezairia askatua izenekoan….

Hori badut, eta irakurria. Nik torturarik ez dut ikusi. Jakin bai, bazela, gureganik hurbilean ere.

Zer da lehenengo, Jean-Louis idazlea, politikaria, irakaslea…?

Ni idazlea bai, idazteko bizioa badut. Irakurtzekoa eta idaztekoa, biak elkarrekin. Politikaria… Herritar bezala… “Herritar” erran dut, eta ez dut hiritar erranen, zeren hiritar niretzat ez da ciudadano, edo citoyen, baina urbano eta citaden, eta ziutatea ez zen hiria, eskualde bat zen, hiriburu bat zuena. Ni ez naiz hiritarra, herritarra naiz.

Herritar bezala?

Herritar bezala bai, politikari interesatua nintzen. Zuzenean  sartzeko, ez. Abertzaletasunez sartu nintzen, ez sobera gogotik, pixka bat behartu ninduten. Gero, sartu ondoan, aurrera egin behar! Horretako, abertzaletasunaren misiolari sartu nintzen politikan.

Enbatan lehenbizi.

61ean.

Itsasuko aberri egun hartan zinen…

Bai, baina erranen dizut. Lehenik, hilabetekaria izan zen Enbata, eta hilabetekariko taldean zazpi lagun ginen: Labeguerie, Aita Lartzabal, Ximun Haran, Jacques Abeberry, Burukoa, Michel Eppherre eta ni. Hortik abiatu zen mugimendua.

Frantsesez ari zineten orduan…

Bai, asko, zeren buru handiak frantzimantak ziren.

Kar, kar, kar…

Frantzimantak erraten dut, baina Zuberoan ez da gaiztoki erraten. Frankofonoa erran nahi du. Zuberoatik kanpo halako mespretxu batekin erraten da. Frantximanta. Gaskoinetik hartua da, frankofonoa errateko. Haran, Burukoa, Abeberry… gu baino zaharxeago ziren, hirikoak ziren, publikoan ohituak nolabait… Haiek tonua ematen zuten. Jakintzaz, haiek bezainbat ginenak baginen, euskaldun peto-petoak: Arbelbide familiakoak, ene anaia gehiena, ni –gero anaia gazteena ere izango zen–, Etxamendi, Goihenetxe… Baina haiek, kostaldekoek, zuten tonua ematen.

Emaztekirik ez zen…

Ez, denak gizonezko. Nik proposatu nuen ene emaztearen ekartzea. “Ez, ez, mementoan gizonak bakarrik!”, erran zidan Aita Lartzabalek. “Gero, ikusiko dugu!” Eta bai, gero sartu ziren, 63an, buruzagitzan. Argitxu Noblia, eta beste batzuk… ETAn ere horrela zen. ETA Enbataren ber denboran sortu baitzen. Harremanetan ziren buruak.

ETA ere hor zen…

Baina orduan ez zuen nehor hiltzen.

Horretan hasi zen gero…

Gero. Enbata 60an hasi zen, ETAkoen lehen hilketak, 1968an. Lehenik, zorte txarrez gertatu ziren, ez ziren nahitara eginak izan. Ez ziren bila joan.

Manzanasen bila bai, joan ziren…

Bai, torturatzailea zelako.

Zuribidea zen?

Ez dakit. Hastapenean guti hiltzen zuten.

Bat izan, hamaika izan, axola da?

Ez da berdin. Baten heriotza edo hamaikarena, ez da berdin. Hamaikarena, hamaika aldiz handiagoa da. Bistan da.

Hori erraten du fedeak?

Zentzunak erraten du hori.

Etikak?

Bat hil baduzu gaizki da, hamaika hil baduzu, hamaika aldiz gaizkiago, bederen. Zeren eta, lehena hil eta damutzen ahal zara. Pentsatzen duzu: “Hori salbuespena da, eta ez dut gehiago hilen”

Zuri ari naiz, nihauren buruari galdeginez. Zer gertatu da, zer agitü da Euskal Herria ETArekin bat izatetik frankismopean, dena gaizki izatera?

Giroa ikusi behar da. Askatasunik eza. Diktadura. Gero, demokrazia, ez guk nahiko genukeen bezain demokratikoa baina, hala ere, gutienez gauzak zinez kanbiatu dira. Batzuek ez dute aitortu nahi baina! Frankismo denboran ETAk guti hiltzen zuen. Eta hil zituzten guti haiek, ia denak, errekontruz, erran nezake, elgarrekin topo egiteagatik gertatu ziren. Nahitarat nor hil zuten? Manzanas. Besterik nor?

Carrero.

Eta Carrero… Carrerogatik negar guti isuri zen.

Negar guti, eta Etxamendi eta Larralderen kantuak irriz jarri zuen jendea.

Bai. Roger Idiartek, abertzalea, kantu hori kritikatu zuen…

EHASen sorreran ere parte hartu zenuen, ez dakit gogoz ala beharturik orduan ere…

Parte hartu nuen, bai, zeren Frantziako gobernuak Enbata debekatu zuen. Bi aitzakia eman zituen: ideia separatistak, eta bortizkeria. Dei egin genuen, eta Estatu Kontseiluak debekua baieztatu zuen, baina bortizkeriarik ez zuen aipatu. Ideietan oinarritu zen soilik, idatzi genituen testuetan. Xede separatista.

Euskaldun askok ideia separatista horiek ditugu.

Bai, eta guk argi eta garbi adierazi genituen, frantsesez, eta euskal estatu bat nahi genuela erran. Kondenaren kopia hor dut oraino, zeren eta ni idazkariorde nintzen. 74ko urtarrilaren 30ean izan zen hori.

EHAS.

Alderdiaren sortzen ari ziren, eta haiengana joan nintzen. Ez ninduten behartu.

Eliztar eta sozialista, zu.

Eta non da eragozpena? Sozialismo laiko bat badago. Beti marxismoari lotzen da, baina aitzinetik baziren sozialistak, bereziki Frantzian. Ez ziren baitezpada ateoak, batzuk kristauak ziren… Ni sozialismo laiko baten alde nago, ez marxista, are gutiago leninista.

76an, Euskaltzaindira sartzeko hitzaldian horixe esan zenuen, bazenuela Xahotik, bazenuela Abbadiatik…

Hala da. Ene bizitza horrelakoa da. Ez naiz kortxela batean, korrale batean sar eta han egoteko. Elkartasun ezberdinak baditugu, eta pentsatzen dut eraztun olinpikoak bezala, modu ezberdinean lotzen baitira elgarri, nik ere elkartasun mota bat baino gehiago badudala: kristau eraztuna, herritar eraztuna –ez dira bata bestearen baitan urtzen–, sindikalista eraztuna… Beraz, elkartasunak. Orain “solidaritza” erraten dute. Horren beharrik ez dugu, “elkartasuna” badugu! Euskaraz ari garenean euskaraz egin dezagun, eta ez beste hizkuntza batean.

Politikan ari izan zara. Garbia da politika?

Ez. Nahi nuke garbia izan dadin, baina beldur naiz ezin dela izan.

Noiz utzi zenuen politika?

80an EHASen militatzea utzi nuen… Euskal Batasuna sortu zen 85-86an, eta urte pare batez parte hartu nuen. Abertzaleen Batasunean sartu zen gero hura, baina ordukoz gelditua nintzen. Euskaltzaindian sartu naizenetik emeki-emeki politikatik urruntzen hasi naiz, eta gehiago sartzen hizkuntzako eta kulturako gaietan. Euskaltzaindian ez duzu politikarik egin behar, eta, beraz, halako distantziaren hartzen laguntzen zaitu horrek. Hautetsiekin lan egin behar duzu euskararen alde, eta ezin dituzu gehiegi eraso, gero haiekin lan egin nahi baduzu. Bestalde, ene misiolaritzaz akitua nintzen, hogeita zenbait urtetan politikari eman nintzen, nire jitea ez zelarik. Ez nintzen aski hotza horretarako. Hori banekien. Armarik gabeko gerla da politika, eta ni ez naiz gerlaria. Haserre naizelarik bai, bortizkeriaren tentaldia badut, denek bezala, baina biziki fite pasatzen zait, eta orokorki badakit bortizkeria ez dela bidea, ez duela onik ekartzen… Baina ez dut besteentzat erranen zer egin behar duten, ni ene kasa ari naiz, ahal bezala, ez naiz besteren kontzientzia, ene urratsak ene ahalen arabera neurtzen ditut.

Eraztun olinpikoak hartu dituzu arestian irudi. Hori zara zu? Politika, euskara, idazletza, irakaslea, historia…

Beharbada eraztun gehiago jar nezake. Zazpi edo! Familia ere biziki inportanta da ene bizitzan. Emaztea izigarri inportanta zait. Elkarrekin gara berrogeita hamaika urte honetan, ene andregaia zen Aljerian nintzelarik, eta horrek lotura sendoak egin dizkigu. Haurren ukaitea ere oso gauza handia da bizitza batean. Handienetarikoa. Eta, berriz, haurren haurrak, erran nezake are gehiago kasik! Hemen aitañi eta amañi erraten da, baina Joana eta biok amama eta attatta gara, zeren Basabürüan horrela erraten dute. Eta nik ama hangoa nuen, altzaiarra, arras mendikoa, Larraine eta Santa Graziko herriak bezain gorakoa.

Attatta, amama Zuberoako Basabürüan, attitte, amama, bizkaieraren eremu batean… Euskara bat da?

Bistan da. Baina han aitite, edo attitte, beste batzuetan. Guk, forma klasikoa erabiltzen dugu: amama bezala, attatta. Horra, simetria perfektua da!

Baina hizkuntza ez da simetrikoa, arau, gomendio eta gaineratekoak goiti-beheiti!

Hala da, hizkuntza ez da simetrikoa… Euskaltzaindiak euskara idatzi batuarentzat, estandarrarentzat legeak ematen ditu. Euskara ofizial denez, euskara ofizial bat behar da, eta hori batzuek ez dute konprenitzen, hemen bereziki.

Zergatik jo zenuen poesiara?

Hori ere ene bizioa da.

Poesia herrikoia duzue pastorala. Hori ere idatzia zara…

Lehena, Abadia Ürrüstoi. Aita hemen bertakoa zuen Abadiak. Pastorala erran duzu zuk, baina izen zaharra trajeria duzu. Idazkiaren izena hala da, trajeria. Pastorala, aldiz, emaiten den jai hura da. Junes Casenavek ere ber gauza erranen dizu. Horretan bat gaude. Trajeria idazten dugularik, Hegoaldean tragedia jartzen digute. Ez! Badakigu tragedia zer den! Trajeria gauza berezia da, tragediatik badu, baina ez da baliokidea. Oraiko pastoral berrietan trajeria hitza agertu da, erro zaharretara itzultzen da, eta ongi deritzot. Ene lanen afixetan pastoral agertu da, baina liburuan trajeria deitzen dut, eta izenburuan ere, trajeria. Horrekin ados nago. Baina horren antzeztea ez dugu idazleok erabakitzen. Antolatzaileek entzuten gaituzten edo ez, beren komenientzialat egiten dute.

Kontent zara azken aldiko trajeria eta pastoralekin?

Pastoral bakoitza ezberdina da. Diferenteak dira, idazleak diferenteak direlako, lehenik. Orai hamar bat idazle bagara. Gai ezberdinak, herri ezberdinak, errient edo taula zuzendari ezberdinak ditugu… Bakoitza diferente da, eta horrela ongi da, ez dago aspertzerik, ez daitezen denak berdinak izan. Pastoral baten bukatzean, kazetalariak etortzen zaizkit: “Zer berritasun du aurtengo pastoralak?” “Historia diferente bat kontatzen duela, hori da berezitasunik handiena!” Aldi guziz historia ezberdin bat kontatzen da, eta pastoralaren funtsa hori da, historia bat, bizitza baten kontatzea. Antzerkia da, ez da kantaldi-dantzaldi bat.

Junes Casenaveren errana dut gogoan, aldizkari honetan bertan: “Dena dantza eta korri ez da pastorala”, erratera zetorren.

Badakit Junes ni baino zorrotzagoa dela, bai. Hura dugu maisua. Gero, ikasleak ez du beti maisuak irakatsi guzia egin. Casenavek kritika zuzenak baditu eginak, eta haren errana beti kontuan hartu behar dugu, zeren Casenavek hiru gauza ekarri zizkigun pastoralera: egiazko historiaren errespetua –aitzinetik leienda batetik idazten baitzuten–; bigarrena, bertsogintzan zorroztasuna –aitzinetik ez zena–, eta, hirugarrena, euskararen maila. Asko ekarri digu Casenavek, Junesek. Haatik, historia ehuneko ehun errespetatuz… kontuz jendearen ez aspertzeari! Erromantizismo pixka bat ere behar dela pentsu dut, eta ezagutzen ez diren puntuetan asmakizuna ez datorrela gaizki.

“Adinean goiti!”, erran nizun telefonatu zintudalarik…

Eta nik “hiltzeko presarik ez dugu!” erran. Kar, kar, kar… Presarik ez, segur! Lanak utziak ditut, ez naiz gehiago irakasle, Euskaltzaindiko bilkuretara ere ez naiz usu joaiten… baina idazten dut, bai! Liburugaiak ere baditut oraindik prest, bost liburugai, ia prestik! Bestalde, bost kazetatan idazten dut, ez maiz, baina hilean behin bakoitzean. Le Journal, Herria, Enbata, Xiberoko parrokien hilabetekarian, Laborari astekarian… denetan ere artetarik, tarteka. Lan pixka bat ematen dit horrek. Beti euskaraz ari naiz, salbu eta Enbatan, frantsesez eta euskaraz ari bainaiz aldizka. Lehen frantsesez ziren beti gure iritziak han.

Irakasle, politikari –hein batean–, idazle, guraso… zernahi gisa, beti misiolari?

Kar, kar, kar… Euskararen eta Euskal Herriaren misiolari, bai. Xiberoan erraten didate: “Zük Xiberoa esportatzen düzü!” Ez zekiten sobera Zuberoaren alde zer egiten nuen. Orai ohartzen hasten dira. “Zük esportatzen düzü Xiberoa!”, eta, “Bai!”, ene ihardespena.

Nortasun agiria: Jean Louis Davant Iratzabal

(Ürrüstoi-Larrabile, 1935), irakasle, politikari, idazle, euskaltzain… Zabalainea sortetxea, laborari etxea, Agronomia ikasketak, Aljeriako gerla, irakasle… Enbata, EHAS, Euskal Batasuna… Saiakera, poesia, nobela, trajeria… Familia. Euskararen eta euskal kulturaren misiolari…

Azken hitza: bakea

Bakea emaiten du Jean-Louis-ek. Pausatuki mintzo zaizu, eleak ez ditu sobera. “Beharbada erraztasunik ez dut komunikatzeko” erran dauku. Menturaz, hanitxek baino haboro erraiten du bi ele eginik. Ez du bere burua goresten ibili beharrik. Apalik beti. Gozo eta atsegin. Bakerik bada, Zabalainean da, Davant senar-emazteen ondoan. Jo hara, segur duzue ate irekia. Eta bakea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude