Plazer txiki bat

  • Balerdi Balerdi::Hegoko lautadaren ertzetik

    Musikorta, 2012

    iraupena ::37´10´´

    prezioa ::10€

Balerdi Balerdi nire talde kutunetako bat da. 1990. urtean sortu zen, eta aire freskoa ekarri zuten Euskal Herriko musikaren mundura. Beren melodia politak, mod eta new wave aireak, rock-and-roll kutsuko doinuak, umorea, ironia, etorria, eta haien feelinga maite nituen, eta oso gustura entzuten ditut oraindik garai hartan kaleratu zituzten lanak: Balerdi Balerdi (1991) hamar hazbeteko binilozko diskoa, eta Ez gara galdu (1994) zein Hobe behin gorri ezenez beti hori (1997) CDak.

Balerdi Balerdiren zaleok poztu ginen taldeko jatorrizko hiru kide –Toño Muro (ahotsa eta gitarra), Marino Goñi (baxua) eta Sergio Ibarrola Zara (bateria)– 2009an zuzeneko emanaldiak egiten hasi zirenean, Balerdi Erdi izenarekin. Hainbat saio eman ostean, Goñik taldea utzi zuen. Ondoren, Karlos Ortiz baxu-jotzailea taldean jotzen hasi zen.

Gehiago poztu ginen disko berri bat kaleratu behar zutela jakin genuenean, eta zer esanik ez, diskoa eskuratu eta entzuten hasi garenean. Balerdi Balerdiren esentzia, mamia sumatzen dugulako kantuetan: pop kutsuko giro politak, rock-and-rolla, bizitzeko gogoa, askatasunaren aldeko aldarria, kritika eta ironia, gatza eta piperra…

Balerdi Balerdiren betiko melodia ederrak (Linboa, Egiozu kasu, Ez dut jakin nahi), rock doinuak (Guduka, Nor da beste aldean?, Iruñean rokanrolik ez), giro leun eta hunkigarriak (Bertan goxo, Hegoak (In Dylan imitatione)) eta ska kutsuko erritmoak (Ezkabapean) entzuten ahal dira Hegoko lautadaren ertzetik diskoan.

Azken hiru urteetan sortu dituzten kantuak eta moldatu dituzten kantu zahar batzuk dira. “Ez genuen linboan gal zitezen nahi, eta, gainera, gure zale maitagarri eta eskas horiek merezi dute plazer txiki bat”, Zararen hitzetan. Zaleok estimatu eta eskertzen dugu plazer hori: Balerdi Balerdiren kantu berriak entzunez gozatzea.

Gitarra, baxua eta bateriaz osaturiko talde batentzat konposatutako kantuak dira, baina beste hainbat musika tresna ere erabili dituzte grabazio saioetan: harmonika, teklatuak eta perkusioak, besteak beste.

Batiz gitarra jotzaileak (Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis, Gatibu) hainbat solo egin ditu, eta Blanka Izkuek (Balerdi Balerdiko kide ohia) teklatuak jo ditu. Xabi Navarro Jota grabazioaz eta nahasketez arduratu da, eta Exprai izan da diseinuaren eta marrazkien egilea.

Pello Lizarralde idazleak Linboan eta Hegoak (In Dylan imitatione) kantuen hitzak idatzi dizkie, eta Toño Muro izan da gainerako kantuen musiken eta hitzen egilea. Lizarraldek berak lagundu dio Murori hitzak orrazten, eta kantuen moldaketak taldekideen artean egin dituzte.

Disko berria oso gustura entzuten dut, baina pena da ekoizpen hobea egin ez izana. Kantuak Balerdi Balerdirenak dira erabat, doinuak garbi entzuten dira, baina indar, kolore eta distira pixka bat gehiago faltan sumatzen dut.

Urteak pasatu dira, baina Balerdi Balerdik ez du feelinga galdu, taldekideek bihurri izaten jarraitzen dute, eta ederki pasatzen dutela nabari da beren kantuak entzunez gero. Guk ere bai, Balerdi Balerdiren kantu berri bat entzutea plazer txiki bat baita.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude