Larunbateroko azokan usaintzen da bailararen esentzia

  • Urtean hamaika aitzakia duzu Tolosa aldera hurbiltzeko. Hona hemen bat, ez da ikusgarriena baina bai egiatiena, herri prestu honen izateari taxua hartu nahi badiozu.

Launbatero izaten dira azokak Tolosan. Batzuetan bereziak: gabonetako azoka abenduan, zuhaitzen azoka otsailean, artisautza azoka ekainean...
Launbatero izaten dira azokak Tolosan.

Tolosarrak, herria famatu dezan eskatuta, bertako inauteria aipatuko dizu lehenengo eta behin, Ostegun Gizena noski, igande goizeko Dianaren lehertzea, eta Astelenita, edo Asteartita. Frankismoak ere isildu ahal izan ez zuen inauteria da gurea, beste inon ez bezalakoa, Kortatuk, jada aspalditxo, abesti sonatu batean deskubritu zuena, pero qué coño haces tú sin disfrazar…

Alter egoak aparteki askatzera gonbidatzen duen inauteri horretatik asko du nire gaztetako Tolosak. Eta Bonberenearen aitzindari izandako gaztetxetik, eta nazioarteko abesbatzen oihartzunetik, txotxongilo eta magia jaialdietatik, Sanjoanetako Bordon dantzatik…  Egungo nire Tolosak, nostalgiaren galbaheak itzultzen didan nire sorterriak, aldiz, larunbateroko azoka ederresten dit ospakizun horien guztien gainetik.

Bere xumean handi izan da beti hitzordua. Parranda eroen garaian ere, lagunarteko planean beratzea beste helbururik ez genuenean ere, saihestezina zitzaigun. Egunkaria besapean hartu eta Zerkausian amari gazta zatia erosita heltzen ginen etxera goizean goiz, ostiraleko ezusteko  gau-pasak sorraraz ziezaiokeen ozpindu aldia gozatuko zuelakoan. Azken sosak Berdura plazan eskuratutako landare eder batean gastatuta ere bai noizbait, kezken ordainetarako gazta zatia baino sinbolikoagorik behar izatea irudituta. Orduan aise bizi ginen telefono eramangarririk gabe.

Larunbata peri eguna da izan, tolosarrentzat. Txikitatik barneratzen den ikasgaia da, bi eta bi lau direla bezala. Grabitatearen antzean erakartzen nau geroztik, bere esentzia jendetsuan imantzen, aspaldian urrutitxo eta alderrai bizi izanagatik ere. Gaurkoan ezingo diot barneko alerta horri ihes egin. Goizeko zortziak. Segidan abiatuz gero, bederatziak laurden gutxietarako han nagoke. Ez dut aitzakiarik. Banoa.

Autoa lurpean utzita –trena hartzeko modu errazik ez dut–, Justizia jauregiak osatzen duen plazara atera naiz parkingeko eskaileratan gora. Kafetegi zabaldu berria dakusat eskuinaldeko kantoian, David Pradosek dotore diseinatua: kristalera zabalak aldenik alde, espaloietako baldosak paretetan gora, egurra eta porlanaren konbinaketa. Kafesnea eta kruasana esku banatan hartuta, bazterreko sofa beltzean eseri naiz, Artxibategi Historikoaren atzealdeari begira, patxadan. Aurki jendez beteko da ingurua. Ondoko zahar etxeko biztanleak ekarriko dituzte aperitifa hartzera, bisitan etorriko zaizkien senideek gonbidatuta gehienak.

Gosari legea egin ondoren, Beotibar kalean behera noa Euskal Herria plazara. Janari usain gozoa dago bazterretan, salda eta haragi egosiarena, lehen kolpean. Odolkiak eta mondejuak ere etorri zaizkit akordura. Laster batean milaka pintxo eta plater ikusgarrik apainduko dituzte herri osoko barrak.

Topic txotxongilo zentroa inguratzen duen azoka ikusiko dut lehenik, larunbatetan ohikoak diren hiruretarik bat. Postu gehienak plaza hesitzen duten etxeetako arkupean jarrita daude. Jantziak eta osagarriak eskaintzen dituzte saltzaile gehienek, azpiko arropak, neguko tixertak, etxeko batak, trikotak, soinekoak eta berokiak. Baita mahoizko praka-jakak eta lanabesak ere, betiko kantoian. Plazaren erdian, kanpoko fruta-barazkiak, olibak, kontserbak eta turroiak, aukeran. Harago larruzko poltsak, modu onean.

Zerbaiti begira geldituz gero, agudo botako dizute amua hemen. Betidaniko ezagunari bezala, jario errazean zuzenduko zaizu postuaren jabea, eguraldiaz, salgai duen generoaren kalitateaz, etxeko beharrez, zernahiz mintzo. Ez da eroslea limurtzeko teknika hutsa. Hemengo legea da. Eta dibertigarria da.

Azpiko kamiseta lodiak eta mahoizko praka eskuetan daramatzadala, Euskal Herria plazako azoka utzi eta Rondilla kalera atera naiz, edo Pablo Gorosabelera, herriko arteriarik ezagunenera. Jendea nonahi, pasean, erakusleihoei begia luzatuta, espaloiaren erdian geldirik, berriketan, traban, erosketa poltsa gobernatu nahian, semaforoa gorritu zain, eztabaidan, euskaraz, hartu nauen Hendaian ez bezala. Arnasa hartu dut sakon. Tolosaldearen esentzia usnatzen ari naiz.

Garaian garaikoa

Aroztegieta kalean gora gero, Beti Alai, Raku edota Orbela tabernak utzi ditut atzean. Trianguloa ere nire eskuinetara lagako dut. Azoka berezirik balitz, Babarrunarena bezalakorik kasura, mukuru beteta legoke garai honetarako. Pauso bat bide besterik ez, Zerkausira heltzeko. Bertako produktuen merkatua egiten da hemen. Ederra da agerikoa, festa koloretsu baten parekoa. Hurbiltzen hasi orduko senti liteke baserritarren azoka deitu izan dugun honen funtsa. Bailarako erakustokirik behinenean nagoela iruditzen zait, garaian garaiko mozkinen paradisuan. Azak, azaloreak, brokoliak, porruak, tamaina eta mota guztietako kuiak, babak, babarrun beltzak, mizpirak, gaztainak, intxaurrak, sagarrak, sagarrez eginiko dultzeak, mermeladak, eztia, opilak, ogiak, hango eta hemengo gaztak, uso eta eper ehizatuak…  Ikusle gehien biltzen duen mahaiaren aurrean onddoak daude ugari, mordoan, 30 eurotan kiloa. Nire ondoko emakumeak, ni bezain harrituta, marmarrean ari dira: “Hemengoak al ditun horiek?!”, “zera izango ditun hemengoak, Soriakoak behar diten”, “aizan, garesti nolanahi ere, 30 euro?!”...

Azoken itzulia osatzeko, Zerkausia utzi eta Alde Zaharreko karrika estuetan barrena egin dut, hemengo betiko denda dotoreei begira, jantzi eta oinetakoen eskaintza zabalean saltoka helduko naiz Berdura plazaraino. Ez naiz balkoian landare apaingarriak zaindu zale, ez dut barazkitxoak aldatzeko tokirik, perrexila jartzeko ontzi kaxkarren bat ez bada, baina plazer ematen dio bistari kristalezko estalpe honen argitan ageri den estanpa koloretsuak.

Kalean gora noa orain. Kosmetika iragarki ospetsuak dioen bezala ondo merezia dudalako, ezin ukatuko diot kutixia ene buruari. Gorrotxategin Xaxuak erosi –bertatik bertara dago gozotegia– eta San Frantzisko aldera joko dut. Trianguloan gora noala, Uzturre mendiaren itzala senti dezaket bizkarrean. Atzera begiratu dut disimulurik gabe. Bai ederra gure Tolosa. Larunbatez.

Oharra: Euskal Herrian Ihesi webgunean herritarrek egindako gomendioak topatzeaz gain, zure ekarpenak ere egin ditzakezu.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-15 | ARGIA
Donostiako entitate txiki izango da Igeldo

Igeldoko bizilagunek igandean egin dute bozketa. Erdiak eman dute botoa, eta eman dutenen %85 inguruk egin dute entitate txiki bihurtzearen alde.


"Euskarak eta emakumeak presentzia gehiago behar dute azoketan"

Atzo hasi eta bihar bukatuko da Geure Gelatik azoka, Azkoitian. Emakumeen literatura oinarri duen euskarazko azoka da. Aurten, Jasone Osoro izango da omendua.


Eguneraketa berriak daude