Nahierako justizia internazionala

Kroaziak independentzia aldarrikatu zuenean, bere serbiar gehiengoko bi lurraldeek (Ekialdeko Eslavonia eta Krajina) independentzia ere aldarrikatu zuten. Hortxe hasi zen Kroaziako guda. Gero, bake akordioak iritsi ziren. Hauen arabera, bi errepublikei babes internazionaleko autonomia segurtatu zitzaien. Baina, 1995ean, Bosnia-Herzegovinako guda bukatzen ari zela aprobetxatuz, kroaziarrek eraso bat burutu zuten Krajina eskuratzeko (II. Mundu Gerra ostean Europan inoiz egin den operazio militar handiena). Ordurako ejertzito kroaziarrak AEBetako ekipamendu militarra eta adituak zituen lagun. Erasoan, Helsinki Batzordearen arabera, 677 zibil serbiar hil zituzten, 563 desagertuta daude eta 200.000 inguruk ihes egin zuen Serbiara. Hori guztia NATOren laguntzaz eta NBEko soldaduen utzikeriaren aurrean gertatu zen. Izan ere, ekintza militarra burutu baino lehen, kasko urdinak Krajinatik joan ziren gobernu kroaziarrari eskuak libre utziz.

2011n, Krajinako operazio militarraren arduradunak ziren Ante Gotovina eta Mladen Markač kondenatuak izan ziren gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Baina, berriki Jugoslavia ohiko Zigor Auzitegiak helegiteak onartu eta aske utzi ditu biak. Beste behin, Hagako auzitegi honek argi erakutsi du bere alderdikeria. Bere eskuetatik pasatu diren akusatu guztien kondenatu zerrenda ikustea baino ez dago: ia 70 serbiar, dozena bat kroaziar, bost bosniakiar (musulman bosniarrak) eta bi albaniar. Zigor tamainen desberdintasuna ere handia da, serbiarren kaltetan. Halere, kezkagarriena serbiarren aurkako krimen gehienek izan duten zigorgabetasuna da. Tartean, Kosovoko serbiarren aurkako hilketen testigu bat, Jugoslavia ohiko Zigor Auzitegiak babestua (sic), hilda agertu zen Alemanian.

Zoritxarrez, serbiarrek maiz pairatu dituzte bidegabekeriak. Adibidez, II. Mundu Gerran kroaziarrek 750.000 serbiar inguru erail zituzten. Beraz, gutxi gorabehera Kroazia eta Bosniako serbiarren heren bat desagerrarazi zuten (ondorioz, serbiarrek Bosnian gehiengoa izateari utzi zioten). Urte haietan serbiar herria judua bezain kolpatua izan zen. Baina denborak juduei beraien borreroen barkamena eta sufrimenduaren errekonozimendua ekarri badie, serbiarrek ez dute horrelako keinurik jaso. Titok, Jugoslaviako herrien anaitasuna defendatzeagatik, historiako atal horiek ahaztu behar zirela erabaki zuen, eta hala, serbiar herriak arantza hori barnean mantendu zuen. Horrek, hein batean, esplikatzen du 90eko hamarkadako gerretan serbiarrek izan zuten jarrera, baina, beraiei, Israeli ez bezala, ez zaie ezer ere barkatzen. Zergatia aspaldi azaldu zuen Bakerako Ikasketen katedradun Johan Galtungek:

“Serbiarren aurkako jarreraren sakoneko arrazoiak garbiak dira: okerreko alfabetoa dute (zirilikoa, latindarra beharrean). Okerreko kristauak dira (ortodoxoak, ez katolikoak). Okerreko okupatzaileek menderatu zituzten (turkiarrek, austriarrek beharrean). Okerreko lekuan daude (Ekialdean, ez Mendebaldean). Berlin-Ankara-Bagdad ardatzeko bidea oztopatu zuten. Austriari lotzearen aurka egin zuten (zibilizazioaren ezaugarriak estimatu gabe); eta, gainera, Vienako tronuaren oinordekoaren aurka tiro egin zuten. Errusiarrek bezala, inbasore naziak hil zituzten (beraiekin elkarlanean aritu beharrean, esloveniarrek, kroaziarrek eta bosniakiar askok egin zuten bezala). Azkenik, bere hiriburua estatu komunista batena izan zen. Zer espero daiteke dena hain aldrebesturik duen nazio batez?”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude