Jakoba Errekondo
2012ko abenduaren 09a
Maspila, Sorbus terminalis
Maspila, Sorbus terminalis

Arbutus unedo, gurbitz handirik ez duzu berehalakoan aurkituko, eta gurbiztiren bat ezagutzen duenen bat baino errazago topatuko duzu hego haizea noiz sortu zen dakiena. Egurra sutarako, zura tornurako, hostajea bazkatarako, fruitua likoretarako... Ia desagerpenerainoko bultzadizoa emana diogu.

Gurbitzarena bezalako adibide mordoa du gure kulturak. Oinarrizko premiak betetzetik abiatu genuen basoaren ustiakuntza. Gero, ordea, berdindu ezinezko diru-gose galantak ase asmoz ikaragarrizko triskantzak bai antolatu! Landare asko eraman dugu desagerpenaren amildegiaren ertzera. Gure etxean maspila eta hiztegietan basagurbea deitzen dena kasu, Sorbus torminalis. Gutxik ezagutzen du, ez da harritzekoa! Gurbitzaren aldean urria da. Izan ere, zenbat lanabes egin ote dira bere zurarekin?

Garai batean kaobaren (Khaya sp. eta Swietenia sp.) pareko zurtzat jotzen zen, onetan onenetakoa. Baita gaur egun ere; aurkitzen nahikoa lan, eta garesti! Zur trinkoa da, 660-990 kilo metro kuboko, lantzeko gozoa, gogorra, pitzadurarik eta tipularik gabea, iruditzen zaila, galera gutxi duena, gorrizta dotorea. Makina bat gauza egin izan da maspilezko: eskulturak eta eskopeta kaxa politak, neurtze tresna iraunkorrak... Musikari ere aparteko zera bereziren bat erantsiko dio, tresna askoren zenbait atalek zur hori behar baitzuten, piano eta antzekoen giltzak edo teklak, adibidez. Ezagunak dira haize instrumentuenak, entzutetsuenak elizetako organoen tutuak eta bestelako zatiak. Marruskadura eraman behar duten piezak egiteko ere aukerakoa: makinetako atalak, engranajeetako hortzak... Era berean, mahai tresna, burruntzali eta antzekoak egiteko ezpelaren (Buxus sempervirens) parekoa. Tankera guztietako lanabesen kirtenak egiteko aparta. Maspil zurezko oholez osatutako barrikak estimu handia zuen, bai uxualetarako bai ardotarako. Maspilaren aleak, mizpiraren (Mespilus germanica) eran ondo usteldutakoan gozatzen dira eta ezker aihena (Humulus lupulus) bezala, garagardoa mikazteko, baita belar eta patsen uxualak osatzeko baliatzen zen. Sagardoa hobetzeko ere erabili izan da. Maspilardoa egin izan omen da. Zuretarako maspila bota eta bota egin dugu, baina ardotarako behinik behin eutsi beharko genioke!

Kanal honetan artxibatua: Maspila

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude