Piztu Ezazu Argia 970x90

 Bestelakoak 

Euscool manifestua


Beat Sarasola

2348. alea
2012-12-09
alde 14    kontra 3

Soziolinguistek, guruek, gure adituek oro, etengabe errepikatzen digutelarik euskarak erreferente kultural potenteak, produktu kultural masiboak dituela premiazko, itsu dira euskara salbatzera datorren mugimendu funtsezkoarekin. Euskal kulturaren bec-etze betean gaudelarik, ez dugu ikusten euskararen biziraupena bermatuko duen erauntsia. Oinarriparrak eta autozentruak dokierki banatzen dizkigute, baina, egiatan, linboan da euskal intelligentsia. Mamu bat baitabil Euskal Herrian. Orain eta hemen, benazko coola, benazko hipsterra izateko bidean ezinbesteko bihurtu baita euskara.

Rockdelux aldizkariak Anari eta Lisabören azkeneko diskoak gurtu zituenetik euskara zentrala bihurtu da ezein gezurmendi indietan. Mursegok euskaraz omentzen du Za! Frantses elebakarrek Experienceekin gozatzen ahal dute baina arrotz zaie Willis Drummond. Giorgio Bassmattiren fana izan zaitezke gaztelania elebarra izaki, baina fansa izatera iristeko euskara jakin behar. Horrela ulertuko baituzu bakarrik, esaterako, bere Kafea eta Galletak diskoa. Diskoari izena ematen dion Kafea eta Galletak egitasmoan ere euskara entzungo duzu –eta egon badago haren akuiluz euskara ikasten ari denik–. Baina cooltasuna geruza orotan barreiatzen den zerbait da. Jai girorako musikan, adibidez, hor ditugu 3gabe2 eta beren post-berbenak.

Literaturari dagokionez, Harkaitz Canoren nobelak beti urtebeteko atzerapenarekin irakurtzera kondenatua egongo zara ez badakizu euskararik. Behialako argitaletxe independenteek arima saldu dutelarik, euskara hutseko Susa argitaletxea bilakatu da moloitasun editorialaren azkeneko gotorleku.

Zineman ere asko galdu dezakezu euskararik jakin ezean. Koldo Almandozen kortoak, Angel Aldarondoren muntaia eta post-muntaiak. Gaztelaniarekin La pelota vasca ikus dezakezu baina euskararik gabe Ondarruko vasca duzu galduko. Baita Ataun of the Dead ere.

Prentsa idatzian Idurre Eskisabel eta Xabier Gantzarainen eguneroko zutabeak, Zaldieroaren tirak, Xabier Etxaniz Rojoren maratila, Angel Erroren post-zutabeak. Telebistan moloimetroa topera Orain (R.I.P), Beranduegi eta Gorka Bereziartuaren post-txisteekin. Irratian Hala Bedi eta Ttanttakun Irratia. Twitterren @joxe-ren tweet eta traolak, Trinkotzaindia, @txargain-en retweetak, @luistxo-ren PDFaren kontrako guda. 

Politikagintza ere ez dabil aparte. Ezagun da gaztelania batuarekin aski ongi jarraitu ahal izango dituzula ezker abertzalearen manu nagusiak, baina lagun, sortzaile gisa benetan avant gardean kokatu nahiko bazenu euskara beharrezkoa izango zaizu Imanol Galfarsororen liburuak irakurtzeko. Jeltzalea baldin bazara, ordea, gaztelaniarekin lain izango duzu Azkunaren graziei barre egiteko baina, adiskide, ezin izango duzu polimeroei buruzko Josu Jonen doktorego tesia irakurri.

Bada galera gehiagorik: Erramun Gerrikagoitiaren euskara preposizionala, Iruña-Veleia afera, Urtzi Ihitzaren teoria kosmikoak, Xabier Azkargortaren frikari eta afrikariak. Nola izan benetako modernetia horiek guztiak galduta? Ezinezkoa da. Ray-ban Wayfarer-ak eraman ditzakezu, The XXen azkeneko singlea Ipodean, koadrodun alkandora, Lomography argazki kamera aldean, baina euskaraz bizi ezean denak alferrik izango zaizkizu cooltasunaren goren mailara iristeko. Orain eta hemen euskara da diferentzia. Laster hasiko dira betetzen euskaltegi zein barnetegiak. Munduak begiratuko dio miraz, Euskal Herriak esango du ozen: Euscool Herrian euskaraz.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 

Publizitatea

azala  
azala2347
 
azala2346

2348 zenbakia.
2012ko abenduaren 09a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys