"Tribu sentipena berreskuratzen ez badugu jai daukagu"

  • Musikari beteranoak urteak daramatza agertokietan. Izotz plaza taldean luzaroan, Alboka folk taldean, beste musikariekin elkarlanean, bakarkako ibilbideari ekin zion duela urte batzuk. 2009an kaleratu zuen Ospela diskoan nabaritzen zen rock arima bazuela, baina ez genekien laster batean irauli eta Erraiak diskoan hala gorpuztuko zuenik.

Andoni Canellada / Argazkipress

Erraia. Barrutik atera dira kanta hauek.

Bestelako zuzenekoak egiteko gogoa neukan, urte batzuk neramatzan kontzertu intimista xamarrak egiten eta gorputzak mugimendua eskatu dit, erraiak kanpora ateratzeko beharra sumatu dut eta hau da emaitza.

Diskoaren azalak zure musikak bizi izan duen exorzismoa irudikatzen du?

Oso pozik nauka azalak. Aitor Ruiz de Eginoren marrazki bati erabat lotuta sentitu nintzen, indar handikoa, anbiguoa eta iradokorra iruditu zitzaidan, bere lan osoa bezala. Marrazkia horma batean proiektatu eta Alberto Elosegik argazkiak atera zizkidan haren aurrean. Emaitza Unai Aranak landu zuen. Libreto oso ederra osatu du. Aitorren lana inspirazio iturri izan da prozesuan, baita izenburua aukeratzekorakoan ere. Gauza asko dakar gogora marrazkiak, besteak beste, exorzismoa edo erritoak egiteko maskara...

Zure proiektuak Band deitura hartu du. Zertan aldatu da? Zer eskatzen diezu bidelagun hauei?

Diskoa rock banda batekin jotzeko egina dago eta argi utzi nahi nuen. Muinean rock boskotean goaz, eta lekua dagoenean, txalaparta ere badaramagu. Ospela eta Orai diskoetako kantak nik bakarrik defenda nitzakeen, erraza zen kantuei jantziak kentzea eta bilutsik jotzea, gitarra soilaz. Oraingoan kantak bandari itsatsita daude, zailagoa da bereiztea. Taldeari indarrak batzea eskatzen diot, energia kontzentratzea. Birtuosoak dira eta horretarako lekua badago, baina zerbait potentea, indartsua, egiten saiatzen naiz.

Abesti eta melodietan, Errobi edo Niko Etxarten oihartzuna nabari da. Oro har Iparraldeko eskolakotzat zaitut.

Izan daiteke, suposatzen dut gure musika tradizionala kantatu izanak halako arrastoa uzten duela eta aipatu dituzunak eta ni bide horretatik joan gara, rock musika egin dugu baina sustraiei begirik kendu gabe.

70eko hamarkadako rock eta hardrockaren eragina dute kantek, baita psikodeliarena ere.

Rock sustraiduna egiten saiatu naiz, Afrika gogoan duena, erritmikoa, soinu aldetik gitarreroa, pizti-orro nabarmena, baina gitarrak zeharo distorsionatu gabe. Nolabait bere sustraiak ahaztu nahi ez dituen rocka, tribua oso presente daukana, pixka bat arakatuz bluesa, countrya erraz aurkitu daitezke bertan.

Kontaizkidazu-k euskal folk eta pop-rockeko izen handiak dakarzkit gogora. Rock indartsutik kanpoko bakarra da. Badaezpada-edo?

Bai. Abesti bitalista da, argitsua, eta halako adibide onak badira inguruan. Zalantza izan nuen diskoan sartzerakoan, baina halako kontrapuntu bat egiten dio giro rockeroari. Gozotasun une bat zapore gazien artean.

Zure ustez rocka gaztetasuna da?

Agian bai, nahiz eta rockero handienak adinez gazteak ez izan... Niri rockak indarra iradokitzen dit orain, marranta, orroa, erraia, “rr” asko! Baita sustraien bilaketa ere. Arbasoei laguntza eskatzen diet, aspaldikoei, kristau ez zirenei, ea nola bideratzen dugun kapitalak gure aurka daraman gerra hau. Tribua, komunitate sentipena berreskuratzen ez badugu jai dugu.

Katamotza kantuaren bideoklipak asko dauka psikodelia, probokazio eta misteriotik. Hori beharko luke rockak?

Kliparen protagonista haragi ehizarako errituak egiten ari den emakume-piztia da, baina benetako protagonista kobazuloaren barnealdea da, iluna eta ailegatu ezinezkoa.

Plaza taldetik folkera, folketik rockera... “Ez onartu kaiolarik, ez kabi, ez kate”. Zu ere katamotza moduan, etiketetatik libre?

Ibilbideari itzulia itxi berri diodala iruditzen zait batzuetan, baina badut gogoa hori dena konzentratzeko, hurrengo itzulia barrura aldera egiteko, espiral moduan.

Zer zor diozu zure biografian hain itsatsita dagoen folkari? Maitasun-gorroto harremana?

Gorrotorik ez, inondik ere. Maite dut gure musika tradizionala, eta hala izango da beti, baina halaber nahasteko beharra ere badago.

Hemen. Hain zaila da momentukoa bizitzea?

Niri zaila egiten zait, beti iragana eta etorkizuna izaten da buruan. Orainak beldurra ematen du! Hutsa sentitzea, gauzak lehenengo aldiz bezala bizitzea, bere handitasun izugarri horretan, bat-batean erraiak sentitzea, markatutako bideak ahaztea... Rocka beldur horren aurrean oldartzeko era bat da, “pikutara!”, “fuck!”.

“Hodeiak”, “zerua”, “uda”, “negua”... Oso konektatuta zaude naturarekin?

Gehiago nahi nuke! Kalekumea naiz ni baina naturak oso erakartzen nau.

Euskal Herriko rock panorama ez al dago folkarena baino okerrago?

Ez dakit. Musika euskaraz egiten dugunok mundu osoko konpetentzia daukagu, estiloak estilo. Hemengo pertsona euskaldun batek gaztelaniazko eta ingelesezko musika erruz entzuten du, euskarazko musikaz gain, eta beste hizkuntzetan egindakoa ere, eta ondo dago hori. Hemengo elebakarrek ordea, gehienetan euskarazko musikaz guztiz paso egiten dute, hori oso tristea da. Zorionez badira gero eta gehiago kanpoan arrakasta daukaten euskarazko taldeak, Berri Txarraken meritua izugarria iruditzen zait adibidez. Bestalde, oso tristea iruditzen zait Alemaniara joan, adibidez, eta hango irratietan hemen entzuten diren ingelesezko kanta txoro berak entzutea, kolonizazioaren neurrira.

Neil Youngetik noise eta distortsiora ez dago distantziarik eta zuek autostopa egin duzue Hemen kantuarekin norabide berean.

Neil Youngek berak ere sarri egin du bide hori. Hemen-en alde basatia entsegu batean sortu zen, bat-batean kantu lasaia zoratzeko gogoa etorri zitzaigulako.

Errock-ek giro eta estilo asko batzen ditu. Erraza al da txalaparta indioen erreserba askeetaraino eramatea?

Amerikako indioengana baino, Afrikako pigmeoengana. Haien musika zoragarria iruditzen zait eta bertan mundu osoan barreiatuta dauden erritmoak entzuten ditut, ezpata-dantzarena, adibidez, iturri antzeko bat iruditzen zait eta diskorako inspirazio gisa erabili dut. Euskal Herria-Afrika-Amerika hirukia potentea da. Eta txalaparta hor era naturalean sartzen dela iruditzen zait.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude