Egunak joan egunak etorri, Rajoyren Gobernuak kudeaturiko kapitalismoak neurri berriekin harritzen gaitu, haien kontra mobilizatzera derrigortzen gaituzten neurriak dira, ez badugu nahi behin betiko hondora gaitzaten eta immigrante behartsuak diskriminatu ditzaten. “Mafiak bai, pobreak ez” izan liteke neurri horien leloa. Rajoyren Gobernua immigranteen etsaia da, kasik xenofobiaraino; atzerritarren legean inbertitzaileentzat salbuespen bat egitea aztertzen ari da. Lege horrek erabat murrizten eta kontrolatzen du Afrikatik eta Asiatik Espainiako Estatura doazen immigranteen sarrera. Eta orain erreformatu egin nahi dute, 160.000 eurotik gorako etxebizitza erosten duten atzerritarrei erresidentzia baimena eman ahal izateko. Hau da, nahiago dute errusiar edo txinatar mafiak etortzea, haien diruak etxebizitza stocka duten bankuei utz diezazkieten, pateratan edo hegaldi merkeetan lan bila immigrante pobreak etortzea baino. Ez die ardura, antza denez, diru horien jatorriak, kapital zuriketarako irtenbidea aurkitu dezaketen arren. Beste behin ere, Espainiako Gobernua bankuen esklabo da, higiezinen merkatua salbatzearren.
“Euskal Herria martxan, lan duinaren eta eskubide sozialen alde” lelopean, 26tik 30era, martxa antolatu dute sindikatuen gehiengoak eta ehun bat eragile sozialek. Euskal erakunde publikoei eskatu diete euren eskubideen alde egin dezatela eta alda ditzatela politika publikoak. Era berean, etxebizitza eskubidearen alde guztien arteko frontea osatu nahi dute, izan ere neurri harrigarriak hartzen ari dira azkenaldian, “pobreentzat etxe kaleratzeak, eta dirua dutenentzat, erresidentzia”. “Mafiak bai, pobreak ez” leloa betetzea eragotzi behar dugu.